Borroka jokoak Hirohiko Araki mangakaren lan ospetsuko atal guztiak bilduko ditu PC, PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One eta Switch plataformetan.

State of Play aurkezpena ikusteko aukera izan genuen atzo, hainbat ezusteko aurkituta bertan. Ustekabekorik handiena, ziurrenik, JoJo’s Bizarre Adventure manganimeko bideojoko ezagunenetako baten berpizkundea izan zen. Jatorriz 2013an PlayStation 3-rako esklusiboki kaleratutako All Star Battle interesgarriak birmasterizazioa edukiko du udazken honetan.

Une aproposa da Hirohiko Arakiren lan ia osoa biltzen duen borroka jokoa berreskuratzeko: animearen seigarren atala estreinatuta, inoiz baino ospe handiagoa dauka bideojokoak nazioartean; egoera asko aldatu da 2013tik hona, ordu hartan manga ia ezezaguna baitzen.

50 bat borrokalari ikusiko ditugu All Star Battle R-n —bertsio originalean 32 zeuden—: Jonathan, Joseph, Jotaro, Jolyne eta gainerako protagonistei Dio Brando, Lisa Lisa, Avdol, Okuyasu eta beste hainbat gehituko zaizkie.

Atal grafikoa eraberritu duten arren, jatorrizko jokoaren estetika zoragarriari esker ederto mantentzen dela aitortu beharra dago. Cel Shading estetikaz baliatuta Arakiren laneko binetak bizira ekartzea lortu zuten CyberConnect2-ko garatzaileek, eta azken aldaketekin inoiz baino hobeto ikusten da bideojokoa. Bikoizketa berria ere aipatu dute: Jolyne Kujo eta seigarren ataleko gainerako pertsonaiek gaur egungo animeko ahotsak izango dituzte bikoizketa japoniarrean.

Manganimeetan oinarritutako borroka jokoetako ohiko arena battler-ak alboratu, eta Tekken edo Dragon Ball Z Budokai frankizietan ikustera ohituta gauden 3D dueluak aurkituko ditugu JoJoren tituluan. Borroketan ere aldakuntzak egiten dabiltzala azpimarratu dute garatzaileek: erritmoa bizkortu egingo dute, bulkadak eta gelditzeak gehituta aldi berean konbo eta eraso berriak gaineratzeko. Besteak beste, support attack deitutako erasoak nabarmentzen dituzte.

JoJo’s Bizarre Adventure: All Star Battle R udazken honetan estreinatuko da PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One eta Switch kontsoletan nahiz PCan.