A Short Hike, FEZ, Dead Cells, Sifu, Nuclear Blaze… Asko eta asko dira Josu Igoari esker euskaraz goza ditzakegun bideojoko ederrak. Aspalditik dabil itzulpen lanak burutzen, eta, hala ere, denbora gutxi daramala ere esan dezakegu.
Zergatik erabaki zenuen bideojokoak euskaratzen hastea?
Ni bideojokoetan hasi nintzenean, hamar urte inguru nituela, MegaDrive-a oparitu zidatenean, ez zitzaidan burutik pasatzen euskaraz aritzen ahal zenik ere. 20 urte inguru nituela, software libreko programa batzuk itzultzen aritu nintzen, baina bideojokoak bertze liga batean jokatzen zutenaren sentsazioa nuen, magia izanen balira bezala.
Gerora, haurrak ailegatu, eta ni nola aritzen nintzen ikusi zein pantailan zer jartzen zuen galdetzen zutenean, zerbaitek klik egin zidan. Jokoan aritu ahala itzultzea batzuetan zaila egiten zitzaidan, eta, bakarrik aritzen hasten zirenerako, nahiago nuen beraiek zuzenean irakurtzea (egin dezatela lan pixka bat, demontre!). Orduan hasi nintzen haurrek ikusteko moduko jokoak bilatu eta euskaratzeko erraztasunaren arabera aukeratzen.
Nola hasi zinen bideojokoak euskaratzen? Zer nolako tresnak erabili zenituen hasieran?
Aspalditik jarraitzen nuen Sébastien Benard izeneko garatzaile batek, Dead Cells-en disenatzaileak, bere bi haurrentzako prestatu zuen traktore urdin baten jokoa ikusi nuen. Kodea libre utzia zuen, eta gure etxean traktoreek ere trakzio handia zutenez, aukera bikaina ikusi nuen.
Haurrak aritzeko espresuki egina, pantailan hitz pare bat, nik erabiltzen nuen joko motore bera… kodea deskargatu, testua aldatu eta jostatzera! Garatzaileari eskerrak emateko eta zoriontzeko idatzi nion, neurri haundi bateak begiak eta ate (aunitz) ireki baitzizkidan. Behin garatzaile horrekin kontaktua eginda, bere hurrengo joko komertziala (Nuclear Blaze) neronek euskaratuko niola eskaini nion eta gustura onartu egin zuen!
Ordutik hona, zure lan egiteko modua aldatu egin da?
Jokoaren eta garatzailearen arabera: batzuk testu fitxategia eskaintzen dute jokoan testuak hortik kargatzeko, bertze batzuk online plataformak dituzte itzulpenak egiteko… Hala ere, gehienek ez dute erraztasunik ematen, eta jokoaren konpilatutako datuak dituzten fitxategietan bilatzen nahiz horiek aldatzen ibili behar izan da.
Joko bat interesatzen bazait, zein motorerekin egin den bilatzen dut, eta, horren arabera, erabakitzen dut “borroka” horretan sartzeak merezi ote duen edo ez. Hori bai, denborarekin motore desberdinekin egindako jokoak itzuli ditut, eta gero eta beldur gutxiago ematen didate.
Euskaratzeko jokoen hautaketa zaila izaten da: ezin dira beti norberak nahi dituenak itzuli. Halere, zein izango litzateke zure ametsa?
Ba nik uste bi ertzetara joanen nintzatekeela, argitaratu gabeak, eta nire gaztarokoak. Alde batetik, oraindik argitaratu ez diren joko mordoa itzuli nahi nuke, ateratzen diren egunean bertan euskara ofizialki hizkuntzen artean egoteko.
Eta, bertzetik, bideojokoetan aritzen hasi nintzenean egitan gozatu nituen jokoak (eta gerora ere markatu nauten batzuk) itzuli nahi nituzke, generazio berriek ere orduko sentimendu bera izan dezaten, baina euskaraz egotearen plusarekin: Sanitarium (eginda!), Resident Evil 1 eta 2, Machinarium, Postal (eginda!), Soldier of fortune, Patapon eta batez ere Commandos (honen ahotsak euskaraz aditzea ere ederra litzateke, e!?).
Lander Unzueta
Iruzkinak