Kaixo GEBot! Bai, lagun berria daukagu Game Erauntsiko komunitatean. GEBot izena du eta errobot bat da. Gure eguneroko lan batzuk errazten lagunduko digu eta komunitatean bertan gure arteko komunikazioa hobetzeko balio izango digulakoan gaude. Izan ere, gero eta lantxo gehiago ditugu proiektu ezberdinak direla eta... Baina pozten gara benetan, seinale ona da hori!
GEBot, Telegram mezularitza sisteman oinarritutako errobota da. Jakinarazpen sistema automatikoak jartzeko aprobetxatuko dugu beraz. Bai, hainbat jakinarazpen zuzenean mugikorrera iritsiko zaizkigu beraz! Ideia, CodeSyntax-eko Mikel Larreategik eman zigun! Mila esker!
Baina goazen adibide praktiko bat jartzera. Demagun Minecraft zerbitzarian jolasean zabiltzatela eta administratzailerik ez dagoela konektatuta. Arazoak dituzue zuen etxearekin edota demagun kutxaren batean zerbait desagertu zaizuela... Bada, laguntza komando baten bidez gure GEBot-ek zuzenean Minecrafteko administratzaileei jakinaraziko die zuen arazoaren berri!! Noski, guztiak bezala, hemen ere bere mugak jarri ditugu eta eskaera kantitate jakin bat egin ahal izateaz gain, VIP erabiltzaileek izango dute lehentasuna. Eta txorradak idazten dituenak ere bere zigorra izango du! Arduraz erabili beraz!
Adibide praktikoekin jarraituz, talde motorraren Whatsapp taldearena da bestea... Izan ere, informazio oso interesgarria whatsapp talde horretan bertan "petit commite" gelditzen zela konturatu ginen (steameko deskontuak, jokuen inguruko iritziak, gomendioak...). Eta honetan ere GEBoten abantailez aprobetxatu nahi izan dugu. Talde motorra beraz, Telegram erabiltzen hasi da eta GEBot gai da bertan bidaltzen diren mezuetan, fororako markatuta daudenak jaso eta automatikoki behar den lekuan txertatzeko. A ze pagotxa gurea!!
Aurrerantzean ere, zerbitzu hau erabiliz beste ideia batzuk garatzeko asmoa dugu. Egia esan, ate asko irekitzen ditu teknologia berri honek. Zuek ere Telegram erabiltzen baduzue, errobota publikoa da eta probak egin ditzakezue :D
Esan /kaixo @ge_bot gure lagun berriari!!
Iruzkinak (2)
Antton July 20, 2015, 12:12 p.m.
Ideia oso ona iruditzen zait benetan!!!
Urtzi Odriozola July 20, 2015, 2:37 p.m.
Pozten naiz! Egia esan, honek garapen lerro zabal bat irekitzen digu. Ea hobekuntzatxo asko ekartzen dituen! :D