Little Nightmares 2 2021eko otsailaren 11n kaleratutako bideojokoa da. Tarsier Studios garatzaile taldeak sortu zuen eta Bandai Namco Entertainment argitaletxeak kaleratu zuen. Nintendo Switch-erako, Xbox One-rako, PlayStation 4-rako, Google Stadia-rako eta PC-rako argitaratu zuten. Belaunaldi berriko kontsolek debaldeko eguneratzea jaso dute, Little Nightmares 2: Enhanced Edition bezala izendatu dutena. PCa erabiliz bi bertsioetara edukiko dugu sarbidea.

Jokoa bera plataforma eta puzzlez beteriko abentura ilun bezala aurkezten dute. Pertsonaiak ezkerretik eskuineratz joateari ekingo dio orokorrean, hasiera batean 2.5 dimentsioko bideojokoa dirudi, baina benetan hiru dimentsiokoa da, kokalekuen “sakonera” txikia den arren gorantz eta beherantz ibiltzeko aukera dagoelako.

 

Mundu arriskutsu batetik ihesi

Abenturak Mono izeneko mutilaren azalean jartzen gaitu. Aurreko Little Nightmares jokoan bezala, estetika iluneko istorio bat kontatuko zaigu, idatzizko informaziorik erabili gabe. Ingurugiroak ondo eginda daude baina ia beti goibeltasun lodi eta astun batez bilduta. Batzuetan maila txikiko kontraesana lortzen du jokoak, protagonisten gaztetasunak inozentziaz betetako ukitua ematen duelako hasieran, baina beste guztiak misteriotsuki arriskutsua den ingurumari deserosoa irudikatzen duelako.

Une batzuetan, norbaitek beldurraren generoa laztantzera iritsi daitekeen artelana dela babes dezake, eta beharbada maila handi batean horrek suposatu izan zuen lehen Little Nightmaresen arrakastaren zati handi bat. Little Nightmares 2 hau, alor horretan, hari berdinetik aurrera egiten saiatzen den lana dugu. Abentura honetan, Monok lagun bat egingo du, eta une horretatik aurrera batera ihes egiteari ekingo diote. Bien artean, agertuko diren arriskuei erantzuteko aukera gehiago izango dituzte eta sarritan jokoak berak kontrolatutako gure kidearekin elkarlana landu beharko dugu.

Kontakizuna bost kapitulutan banatuta dago, eta izaera propioa duten tokietatik eramango gaitu: ehiztari baten lurralde arriskutsua, irakasle baten ikastetxe endekatua edo ospitale baten hondakin groteskoak adibide batzuk ematearren. Hauetako bakoitzak ordubete edo zerbait gehiago iraun dezake, menu nagusian hasitako kapitulu bakoitza hasieratik hasteko aukera dugu, baina zorionez, gordetze sistemak mugarri txikitan banatutako eredua dauka. Beraz, jokoa utzi eta berriz hartzean, utzi genuen gelan edo ez oso urrunago berrekingo diogu jokoari.

Kontrolak sinpleak eta ulergarriak dira. Monok lasterka egin dezake, baita salto egin ere. Horrez gain eskuak ere erabil ditzake, objektuak hartu, sakatu, tiratu edo jaurtitzeko, jauzi luzeak egiterakoan plataformen ertzeetara helduta geratzeko ere erabili ohi du abilezia hau. Beste kidearekin goazen uneetan, bere eskua heldu eta batera nonbaitera joateko, zein bere eskuetan oina jarri eta toki garaiagoetara heltzeko ere erabil daiteke. Monok ohiu bidezko dei bat egiteko ahalmena du baita ere, lagunarekin goazenean erabilgarria suertatu daitekeena.

Zenbait tokitan objektu erabilgarriak izango ditu protagonistak, argia sortzeko tresna bat esaterako, eta gailu hauek piztu zein itzali egin daitezke, horrez gain, eskuineko joysticka erabiliz nahi dugun norabidera begira jar ditzakegu lanabesok.

 

Saga berezi hau borobiltzen...

Kaleratu zutenean, Little Nightmares 2k akats nahikotxo zeuzkan eta erabiltzaileek egoera hura salatu zuten. Horrez gain, bere prekuelak, Little Nighmaresek oso kargatze denbora geldoak zeuzkan Nintendo Switchean. Akats orokorretan eta kargatze denboretan hobekuntzak egin omen dituzte eta gaur egun esperientzia ona dela babestuko nuke. Nik ere akats bat aurkitu nion, pertsonaiaren gailu batek ez zuen behar bezala funtzionatzen gela jakin batean, baina jokoa berriz kargatu eta “gauzak jokoak nahi zituen ordenean eginez” azkenean konpondu zen. Aurreko jokoarekin alderatuz, puzzleak orokorrean intuitiboagoak eta ulergarriagoak iruditu zaizkit, honek aurrekoan izandako gaizkiulertuak saihestu dizkit maila batean.

Saga honen beste alde erakargarri bat, puzzleez eta estetikaz gain, pertsonaien eta ingurugiroen atzean dauden istorioak dira. Jokoak ez du informazio handirik ematen zuzenean, baina informazio txatal txikiak uzten ditu istorioan zehar barreiatuta, sarritan modu kriptikoan. Honek, pertsonaiei buruzko teoria desberdinak azaleratu ditu Interneten. Itxura batean dirudiena baino sakonagoa dela erakusten du honek, gauzak horrela, Little Nightmares, bere espantsioak zein Little Nightmares 2 hau bukatuz gero, denborapasa interesgarria izan daiteke jendeak zer pentsatzen duen irakurtzea.

Little Nightmares 2 esperientzia txukuna eskaini dezakeen artelana dugu. Orokorrean plataforma eta puzzle sinpleetan oinarritzen da. Atal estetikoak izaera berezia gehitzen dio eta gutxi gorabehera sei ordu inguru iraun ditzakeen abentura interesgarria izan daiteke. Aipatutako ezaugarriak erakargarritzat joz gero, kontutan hartzeko moduko aukera eskaintzen du.