"Musou" jokoak, oraina eta geroa

Ander Intxaurrondo | 2015/04/15 11:00 AnalisiakAholkuakArtikuluak



Koei-Tecmo jokoen enpresako Omega-Force estudioak egiten dituen jokoei deitzen zaie "Musou". Joko hauek akziozkoak dira, bertan pertsonaia bat kontrolatzen dugu, eta aldi berean ehundaka etsairen aurka egin behar du borroka. Pertsonaia etsaiak baino askoz boteretsuagoa da, eta konbo desberdinak erabiliz kriston zartakoak emateko aukera dugu. Joko hauek Japoniako aro ezberdinetan zentratzen direla uste dut, baina ez nago ziur.

Joko bakoitzean gotorlekuak daude, eta hauek armada etsaiak ditu bere menpean, guk berriz bat edo bi bakarrik edukiz. Gure betebeharra gainontzeko gotorlekuak konkistatzea da, bukaeran etsaiaren gotorleku nagusia konkistatu arte. Jokoan aurrera goazela, beste gotorlekuak konkistatuko ditugu, eta jokoaren adimen artifizialari esker gure armadaren gainontzeko soldaduek beste gotorleku bat konkistatuko dute aldi berean, baina tartean, etsaiek konkistatu berri dugun bat berreskuratuko dute. Joko hauek oso dinamikoak dira, estrategia onena erabili behar dugu guda irabazteko. Hala ere egon zaitezte lasai, ez dira diruditen bezain zailak.

Joko hauen saga nagusia Dynasty Warriors da, eta hainbat spin-off ditu. Playstation 2an iritsi ziren lehen jokoak, aldi berean ehundaka pertsonaia inguru pantailan erakutsiz, eta adimen artifizialaren bidez kontrolatuz. Garai horietan jokozale asko liluratu ziren halako irudiak ikusi eta gero. Saga honetako lehenengo jokoek arrakasta handia izan zuten, Japonian batez ere, Europa eta Ameriketan ez hainbeste.



Baina arrakastak ez zuen asko iraun. Ondorengo jokoak errepikakorregitzat hartu dira, eta honek arrakasta horren gainbehera ekarri du azken hamarkadan. Japonian geroz eta jende gutxiagok ematen die aukera joko hauei, eta munduko gainontzeko herrialdeetan historiara pasa izan balira bezala izan da. Spinoff-ak (joko deribatuak) egiteak ere ez du inongo onurarik ekarri.

Baina egoera ez da dirudiena bezain txarra. Duela 6 hilabete inguru "musou" berri bat iritsi zen, jokatzeko era (edo "gameplaya") mantentzen zuena, baina beste unibertso desberdin batean aplikatu zena: Hyrule Warriors (Wii U). Joko hau The Legend of Zelda sagaren unibertsoan zentratzen da, Dynasty Warriorsen formula erabiliz, eta sagari hainbat erreferentzia eginez. Joko honetan Zeldako hainbat pertsonaiekin jolas dezakegu, Linkekin, Zeldarekin, eta Ganondorfekin, besteak beste; bakoitzak erasotzeko teknika propioak ditu.

Jokoaren berri eman zenean, kritika txarrak foroetan irakurri zitezkeen, hau ez omen zen Zeldaren zaleek espero zuten jokoa. Kritikak kritika, jokoa arrakastatsua izan da, dagoeneko milioi bat ale saldu dira, eta Japoniatik kanpo "musou" arrakastatsuenetariko bat bihurtu da. Aspaldi "musouetara" jokatu ez zuen jendea berriro animatu da aukera bat emanez; ez hori bakarrik, bizitzan behin ere "musou" batera jokatu ez duten pertsona askok lehen aldiz jolastu dute "musou" batera, tartean ni neu, eta egia esan behar badizuet, bizio bat da.



Koei-Tekmoren arabera, joko honek freskura handia eman dio beren saga kuttunari, etorkizunean egingo dituzten jokoen arrakasta bermatuz, baina hala izango ote da? Foroetan ikusi dudanagatik, jendeari asko gustatu zaio, baina ez dirudi inor prest dagoenik Dynasty Warriorsi aukera bat emateko, azken batean, jendea Zelda sagari buruzkoa delako animatu da jolastera. Arrakastaren arrazoi nagusia "fanservicea" izan da.

Nire kasuan behitzat, ez dut uste inoiz Dynasty Warriorsi aukerarik emango diodanik. Trailerrak ikusi ditut, eta entretenigarriak izango dira, bai, baina ez naute batere erakartzen, ez dute xarmarik. Baina baliteke, Zeldarekin egin duten bezala, gustoko dudan saga batera moldatuko balute formula, orduan berriz ere esperientzia errepikatzeko prest egotea. Eta ez dut uste horrela pentsatzen duen bakarra naizenik.

Zeldaren kasua ez da bakarra, non saga ezagun bat hartu duten eta "musou" formulara moldatu. Lehenengo emango dudan adibidea One Piece Pirate Warriors da. Lehenengoa Playstation 3rako jarri zen salgai, kritika onak jaso zituen eta arrakasta hasieratik ziurtatuta zuen. Azken urteetako Japoniako manga eta anime arrakastatsuena izanik, zerbait arraroa gertatu beharko zen porrota izateako. Duela gutxi One Piece Pirate Warriors 3 (PC, PS4, PS3) jarri da salgai ekialdean, salmenta onak edukiz, eta mendebaldera laster iritsiko da.

Eta egia esan, gogo handiak ditut honekin jolasteko, trailerren bat ere ikusi dut eta kristona dirudi. Egundokoa izan behar da Lastotxapelen taldekideekin etsaiei muturreko galantak ematea. Baina 200 atal bakarrik ikusi ditut, euskarazko guztiak, eta euskaraz azpititulatuta daudenak, geroztik erdarazko azpitituluekin. Serieak ia 700 kapitulu ditu, ez zait ezer geratzen ikusten duzuenez, jaja, eta spoilerrak sahiestu nahi ditut. Denak ikusi eta gero aprobetxatuko dut. Espero dut ondorengo trailerrak spoilerrik ez izatea; baldin baditu eta zuek ere ez badituzue nahi, agian ez duzue ondorengo bideoa ikusi behar, abisatuta zaudete, jaja.



Beste saga bat, non formula berbera aplikatu den, Dragon Quest frankizia beteranoa da, Dragon Quest Heroes (PS3, PS4) jokoarekin. Japonian salgai jarri zen lehenengo astean, bi bertsioak elkartuta, 700 mila ale saldu ziren. Eta mendebaldeko Dragon Questen zaleak pozik egon daitezke, Europa eta Ameriketara ere iritsiko delako, sagaren jokoak hainbeste urtetan ekialdetik atera gabe egon ondoren.

3 adibide hauekin frogatu nahi dut nolabait "musouen gameplayak" funtzionatzen duela, eta jendeak gustoko dituela, baina joko nagusiak direla arazoa, ez omen dira erakargarriak, ondorioz ez dute arrakastarik. Bideojokoetako beste frankizia batzuk eta telebista serie bat behar izan dituzte arrakasta eta fama lortzeko, eta badirudi hala jarraitu beharko duela etorkizunean, errentagarritasuna lortzeko.

Interneteko edozein webgune ikustea besterik ez dago jakiteko zein jokori ematen dieten garrantzi gehien. Zelda, One Piece eta Dragon Questi buruzko berriak nagusi izan dira "musouetan", Dynasty Warriors eta honen spinoffak egoera marjinal batean egon diren bitartean. Honek "musouen" jarraitzaile sutsuenak haserrerazi ditu, espero bezala, baina zoritxarrez oso minoria txikia da. Ondo legoke Omega-Forcek puristentzat ere saga nagusiko jokoak egitea, baina aurretik esan bezala, ez da errentagarria izango.

Egia esan behar badizuet, Hyrule Warriors iragarri zuten arte ez nekien genero hau existitzen zenik ere. Seguru ni bezalako beste hainbat jokozaleri gauza berdina gertatu zitzaiela, ez Zeldarekin bakarrik, One Piece eta Dragon Questen kasuekin ere bai.



Baina zeintzuk dira formula ondo aprobetxatuko luketen frankiziak? Nik baditut 3 proposamen egiteko. Zuek ere baten bat gehiago baduzue, komentatzera animatzen zaituztet.
  1. Hasteko, God of War (PS2, PS3, PSP, PS Vita) sagan aplikatzea proposatzen dut. Joko hauek ere "hack n' slash" motakoak dira, bata eta bestea oso antzekoak, baina egundokoa litzateke Kratosek bost etsairen aurka borroka egin ordez, 50en aurka borrokan egitea, kriston konboak eginez. Eta zergatik ez, sagako jainko desberdinak kontrolatzeko aukera izanik, esperientzia oso kuriosoa izan behar da. Ziur nago hau ere ez dela GOWren zaleek espero dutena, baina Hyrule Warriorsen lan ona ikusita, izugarri ondo pasako luketela uste dut.
  2. Bigarren proposamena, munduko galiar famatuenekin aplikatzea da, Asterix eta Obelixekin noski. Frankizia honek baditu bideojoko batzuk, "beat'em up" formula jarraitzen dutenak, arcade joko bat, eta  Asterix & Obelix XXL (Windows, PS2, Gamecube). Formula antzekoa izango zen, baina muturrak hausteko askoz erromatar gehiagorekin pantailan, eta komikietako hainbat pertsonai kontrolatzeko aukerarekin: Panoramix, Asuranzeturix, Abrarakurzix, besteak beste; baita etsaiak ere: Julio Zesar, normandoak, godoak, eta abar. Jokoa are bizarroagoa egiteko, imaginatu Idefix txakurtxoa kontrolatzeko aukera izatea.
  3. Azken proposamena, orain modan dagoen Adventure Time serieari aplikatzea da. Flinn eta Jake kontrolatzeaz gain, hainbat protagonista eta antagonista kontrolatzeko aukera kristona izango litzateke. Nork ez du Izotz Erregea (Ice King) kontrolatzea nahi eta Goxokien Erreinua konkistatu pinguinoz sortutako armada batekin? Ziur desiatzen zaudetela! Eta desiatzen zaudete ere Koskor Espazioko Printzesa (Lumpy Space Princess) bideojoko batean behingoz kontrolatzeko! Onartu ezazue!
Ez dut uste joko hauek milioiak salduko zituztenik, baina argi daukat arrakasta handia edukiko luketela, Dynasty Warriors eta beste horiek baino askoz ere handiagoa. Berriro diot, "musouen" etorkizuna "fanservicean" dago.

Game Erauntsia facebook


Iruzkinak (1)

Egoni April 16, 2015, 4:21 p.m.

Aupa Ander!
Zalantzatan nengoen Hyrule Warriors erosi ala ez, baina zure artikulua irakurri ostean argi daukat. Aukera bat emango diot musou honi. Azken batean, zuk zeuk esan bezala, Zeldaren jokoa izateak egiten du erakargarri jokoa. :D
Eta animo One Piecerekin, laster helduko zara Dressrosara. ;)

Mesedez, sartu iruzkina utzi ahal izateko.

174
Kide

4
Jolasten

64
Online

Azken erantzunak

Erredakzioa April 4, 2020, 8:33 p.m.

Kaixo, zaila da plataforma guztientzat zerbait egitea. Txapelketa hau egiteko play station proposatu genuen, ustez FIFA20 salmenta gehiena plataforma…
Game Erauntsiak eta Gu ere Baik FIFA20 Euskal Lig…