Sortzailea eta sindikalista, bideojokoen industriako hutsunerik handienetakoa zuzentzeko lanean ari da Nestor Uriarte. Azaroaren 12tik 26ra Rockstar Games Workers Union taldeko kideek sindikatua ofizializatzeko bozkatuko dute Rockstar North enpresan.
Rockstar North estudioko langilea zara, animazio programatzailea. Zeintzuk dira zure eginkizunak?
Rockstar Games-en lan egin dut azken hiru urteetan: animazio programatzaile lanak burutu ditut. RAGE garapen motorearen animazio sistemari lotutako lanen ardura eduki dut, animazio langileen eskariak betez.
Horrez gain, Rockstar Games Workers Union sindikatuko kidea eta ordezkaria naiz.
Horretaz gain, Rockstar Game Workers Union sindikatuko ordezkaria zara. Rockstar baitan eraldaketa handia ikusten gabiltza azken hilabeteotan, sindikatuaren indartzearekin. Zein izan da hau sortzearen arrazoia edo helburua?
Sindikatuak ikaragarrizko indarra hartu du enpresaren baitan azken urte honetan; izan ere, iaz 34 lankide kaleratu zituzten enpresatik, eta, une honetan, horren epaia bidean da. Mugimendu anti-sindikalista izan ote zen, edo, Rockstarrek dioen bezala, enpresaren informazio konfidentziala zabaldu zuten argitzea da helburua.
Rachel Crawford programatzailearekin hasi zen hau guztia, Jordan Garland-ekin sindikatuaren oinarriak eraikitzen hasi ondoren. Sindikatuko kideen eskaerak eta zergatiak oso argiak dira, gainerako sindikatuak sortzerakoan gertatu bezalaxe: langileen lan-baldintzak hobetzea baino ez dugu bilatzen.
2018an, Red Dead Redemption 2k sekulako oihartzuna eduki zuen hedabideetan: langileek 60 orduko asteak eta crunch kultura salatu zituzten. Jendeak aldaketa nahi zuen: horretarako gaude hemen.
GTA VI egun batzuk barru kaleratzear dagoela, langileentzat unerik gogorrenetarikoak izanik, zer lortu duzuela esan dezakezu?
Une honetan lortu dugun gauzarik handiena (urriaren 24rako) enpresan ordu estrak ordaintzea izango litzateke; hau da, enpresarentzat betebehar edo formalidade hutsa izan beharko zena.
Bideojokoen industria zabalean, sindikatuen eta langileen ordezkaritza taldeak urriak, eta, sarritan, indar gutxikoak izan dira beste sektore batzuekin alderatuta. Zer dela eta?
Bideojokoen eta teknologiaren sektorea ez dago batere sindikalizatuta, orain gutxira arte ez geneukan langile izaera edo pentsamolde hori. Jende asko mundu honetan pasio hutsagatik sartzen da, ametsa bete nahian, eta, tamalez, industria hau nahiko harrapakaria da.
Pixkanaka aldatzen doan egoera da: aurtengo irailean, AEBetako Communications Workers of America Union (CWA) sindikatutik Blizzard estudioko langileak sindikalizatu zituzten, 1.900 langile batuta. Orain dela aste batzuk, aldiz, 2K Motion Capture Studio, hau da, gurekin batera Take Two enpresaren aterpean lan egiten duen taldea, sindikalizatu zen.
Egia da bideojokoen munduan sindikatuak ikustea arraroa dela; zorionez, hori aldatzen dabil, gure onerako.
Lander Unzueta
Iruzkinak