My Nintendo / Miitomo

Nintendoren estrategia berriaren zehaztapenak konpainiatik at inork ez dakizkien arren, lehenengo pausuak emanda daude jada. NX kontsolari buruz ezer gutxi dakigu (ezta mahai gainekoa, eramangarria edo bien arteko nahastea izango den ere); bai, ordea, beren oinarrietako batzuk; hau da, erabiltzaileen sarearen garrantzia eta aplikazio mugikorrak.

Bide hauetatik lehenengo pausuak eman ditu jada Kiotoko etxeak; eta Troiako zaldiak balira eskuragarri utzi ditu lehengo aitzindariak: My Nintendo egitasmoa eta “Miitomo” aplikazioa.

My Nintendo sareak Nintendo Klub ohia ordezkatzen du. Funtsean, fidelizazio programa da; non erabiltzaileek “misioak” betetzen badituzte “sariak” eskuratzeko aukera duten. Eginbehar hauek erraz lortzekoak izan daitezke (aplikazioak erabiltzea, Nintendo ID-a eta Facebook kontuak lotzea), baita dirua gastatzea eskatzen dutenak ere (eShop-ean diru kantitate jakin bat gastatzea). Sariak orain arte ez dira mamitsuegiak, baina ikustekoa da zer-nolako etekin ateratzen honi.

Android eta Apple gailuetarako “Miitomo” aplikazioa “Nintendok egin duen lehenengo app” bezala aurkeztu dute, eta egia da horretan datzala bere balizko arrakastaren gakoa. Espero daitekeenaren moduan, ekoizpen baloreak oso altuak direla argi dago hasieratik; eta Miiverse sare sozialetik uste baino banatuago dago. Izan ere, bideojokoei buruz hitz egiteko Twitterren imitazioa izan beharrean, “Miitomo” galderei eta norbanako pentsamenduei izugarrizko garrantzia ematen dien bilgunea da. Itaun batzuk ergelegiak dira; beste batzuk, ordea, pertsonalegiak. Erabiltzaileek ezin dute lagunek esan duten guztia hasieratik jakin; horretarako, beraien konfiantza irabazi edo opari birtualak egin beharko dizkiete. Elkarrekintzaren truke monetekin saritzen du programak, zure Mii pertsonaiarako arropa erosteko edo mini-jokoetan parte hartzeko posibilitatea ematen dutenak. Momentuz joko bakarra dago (bingo makina baten antzekoa), baina Nintendok gehiago egongo direla aditzera eman du.

Interesgarriena bada “Miitomo” eta My Nintendoren arteko konexioa: aplikazioan lor daitezkeen txanpon berezi batzuek sariak lortzeko aukera ematen dute. Hemen dago benetako mamia; eta karta hauek ongi jokatu eta oreka modu egokian gordetzen asmatzen badu, enpresa zaharrak NX helduko denerako bidea erraztua izango du. Eta azken emaitzak ikusita, konpainia ez dago txorakerietan ibiltzeko moduan.