Onimusha: Way of the Sword

Lander Unzueta | 2026/10/23 14:00 AnalisiakPCPS5Switch 2Xbox Series



Onimusha sagaren zalea izanik, Capcom-ek pozez txoratzen utzi ninduen Way of the Sword iragarri zuenean. Atal berria espero genezakeen zerbait zen azken urteotan 1. eta 2. Onimusha jokoen birmasterizazioak ikusi ondoren, baina joko berririk eman gabe horrenbeste urte igarota, lehen trailer ikusgarriarekin bat baino gehiago erotzea lortu zuten japoniarrek.

Saga guztiz hilda egon da urte luzez: 2006ko Onimusha Dawn of Dreams izan zen frankiziaren azken titulu handia, ordu hartatik hona, zeharo alboratuta geratuta. Urteak daramatzagu samuraien eta ninjen berpizkundea ikusten bideojokoetan. Sekiro: Shadows Die Twice, Assassin’s Creed Shadows, Ghost of Tsushima eta Yotei… Erdi Aroko Japoniaren goradaka ikusita, Capcomek bere joko zaharra berreskuratzea erabaki zuen, AAA finantzazioa eta oinarriak eskainita.

Irailaren 4an iritsi zitzaigun Onimusha: Way of the Sword. PCan zein PS5, Switch 2 eta Xbox Series kontsoletan estreinatu zen, Capcomen azken joko handien bidea jarraituta.

 

Indartsuena izateko bidea

Unibertso berriaren aurrean gaude, aurreko jokoen elementu guztiak bereganatzen dituen arren. Testuingurua betikoa da, Genma izakiak, Oni esku babesak eta samuraiak bilduta; halere, Samanosuke-k eta Nobugana-k egindakoak alboratu egiten dira oraingoan.

Miyamoto Musashi samurai ospetsua da Onimusha sagaren aurpegi berria.

Protagonista ere, berria dela esan dezakegu: Miyamoto Musashi, garai guztietako samurairik ospetsuena, gidatuko dugu, Toshiro Mifune aktorearen (Rashomon, Seven Samurai, Yojimbo…) aurpegiarekin. Onimusharen beste ohiko gakoetako bat da, aurreko jokoetan benetako aktoreak erabiltzea ikaragarrizko berritasuna izan baitzen bere garaian —adibidez, bigarren ataleko Jubei Yagyu protagonistaren aurpegia Yūsaku Matsuda aktorearena da, One Piece-ren zaleek ondo ezagutuko dutena—.

Musashi sagaren beste joko batzuetan ageri zen, baita Netflix-en anime telesailean ere, baina berrabiatze txiki bat da Way of the Swordek aurkezten diguna. Dojo desberdinetatik erronka bila ibili ondoren, Genma deabruekin topo egin, eta akabatu egingo dute gure protagonista. Oni esku babesa lortuko du infernuko atean, eta, berpiztuta, hauen aurka egiteko boterea eskuratuko du.

Ezpata borrokak dira, horrela, jokoaren muina eta erabateko protagonista. Katanarekin mugimendu sorta nahiko sinplea izango dugu, baina duelu ikusgarriak bizitzeko nahikoa eta soberan egingo zaigu. Kolpe azkarra, indartsua, babesa eta saihestea edukiko ditugu hasiera batean. Hauek dira borroken dantzarako gakoak, eta joko osoan zehar erabiliko ditugun abileziak.

Babes perfektuarekin, kontraerasoa egiteko moduan egongo gara; antzekoa egin daiteke saiheste perfektuarekin. Hauek laster batean hobetuko ditugu, ordea, blazing state (egoera kartsua) edo Reflex konboa desblokeatuta. Horrela, jokoak trebeenak saritzen ditu, kontraerasoen eta saihesteen dantza modu egokian bideratzen dutenei sekulako indarra eta kolpeak ahalbidetuta.

Teknikak ez dira horietara mugatzen: Issen teknikaren itzulera nabarmentzekoa da. Etsaiek jo aurretik guk kolpea joz gero, eraso kritikoa burutuko dugu, ezpatakada ikusgarriarekin arerio gehienak erditik moztea lortuta. Oso erakargarria bada ere, guztiz menperatuta dugunean erabiltzea komeni da; bestela, kolpeak baino ez ditugu jasoko issen desiratuaren atzetik gabiltzala.

Issen ezpatakada boteretsua Musashiren tresnarik eraginkorrena da.

Ezpata arteko talkak biziko ditugu, heltze arriskutsuengandik askatzen ariko gara, arkuarekin urrutitik erasoko dugu… Hasiera batean mugimendu gutxi batzuk aipatu ditut, eta, egia da gehienbat horietara mugatuko garela, baina beste teknikak barneratzea ezinbestekoa da jokoan aurrera egin ahala bizirik irauteko.

Ezkutatutako Oni armak ere eskuratuko ditugu. Eraso berezi desberdinak ahalbidetzen dituzte, etsaiaren arabera bata edo bestea erabiltzea gomendatuta: ezpata bikoitzek bizitza berreskuratzeko arima horiak askatuko dituzte, lantzarekin sekulako kalteak eragingo ditugu, mailuekin defentsak hautsi… Edozein unetan alda dezakegu oni armaz, baina arima urdinekin barra bat betetzea eskatuko zaigu borrokatzerakoan.

Arimak gure esku babesarekin bilduko ditugu borroketan, etsaiak akabatuta. Espiritu gorriak "dirua" edo esperientzia dira, urrezkoak, bizitza, eta Onimusha zaleek ondo baino hobeto ezagutuko duten beste mota bat ere badago: jokoaren erdialderantza hasiko gara hau aurkitzen.

Ezpata borrokak dira, horrela, jokoaren muina eta erabateko protagonista. Katanarekin mugimendu sorta nahiko sinplea izango dugu, baina duelu ikusgarriak bizitzeko nahikoa.

Etsaiek ere arimak xurga ditzakete, ordea; erne ez bagabiltza, indartutako egoera aktiba dezakete, borrokak zeharo korapilatuz. Izan ere, etsaiek inguratuko gaituzte, eta, bakoitza bere txandaren zain dagoela dirudien arren, laster batean erasoko gaituzte guztiek batera. Une egokiaren zain egotea eta ingurunea erabiltzea eskatzen dute dueluek —adibidez, tatami zatiak edo kupelak jaurti ditzakegu—, filmeetako eta animeetako samurai arteko borroka taktikoak, baina ziztu bizian buka daitezkeenak gogorarazita.

Dueluen artean gailentzen direnak, etsai nagusien kontrako norgehiagokak dira, inolako zalantzarik gabe. Asko biziko ditugu jokoan zehar, bigarren mailako zein lehen mailako buruzagiak egonik. Capcomen arorik onenetakoetara eramango gaituzte hauekin, askotariko etsai dibertigarriak eta nortasunez gainezka egiten dutenak protagonista izanik. Zailtasun mailak ere gorakada galantak biziko ditu buruzagien aurka egiterakoan, aurretik ikasitako guztia erabiltzea eskatuz; hori bai, borroka arruntetan zein nagusietan, edozein akatsek heriotza dakar. Mugimenduetara eta mekaniketara ohitu arte, oso erraza da game over pantaila ikustea.

Gainera, abenturan aurrera egiterakoan, mekanika edo abilezia berriak dituzten etsaiak aurkituko ditugu. Ideia hauek ez dira munstro batengana mugatzen; horren ordez, berritasunak gainerako munstroengana iritsiko dira. Adibidez, babes perfektuarekin soilik geldiarazi daitekeen eraso indartsu larrosa erabiltzen duen buruzagia gaindituta, gainerakoak gauza bera egiten hasiko dira, arerio arruntenetik hasita.

 

Ene Kioto maite...

Abentura lineala bada ere, bere mundutxo irekia dauka. Zehazki, Kiotoko Higashiyama auzunetik ariko gara. Kiyomizu-dera, Yasaka tenplua, Kamo ibaia eta beste hainbat toki ospetsu aurkituko ditugu bertan, esploratzeko sekretuekin eta bigarren mailako misioekin batera. Hauek gaindituta, gure pertsonaia hobetzeko baliabideak eskuratuko ditugu. Abilezien arbolako mugimenduak desblokeatzeko, ezpata, armadura zein esku babesa hobetzeko edo zintzilikarioen indarra areagotzeko balioko digute.

Kiotoko auzo ezagunak bisitatuko ditugu.

Tamalez, mundu irekia abenturaren ahulgunerik handiena ere bada. Kioto oso lortuta dago, baina misioek ez dute sakontasun handirik, eta Musashi indartzeko baino ez ditugu egin nahiko. Desastre hutsa izan gabe, pixkat entretenitzeko moduko zerbait izango da batzuentzat; gorrotagarria, besteentzat. Mapa uste baino zabalagoa da, baina ez da hasiera batetik irekita egongo: toki berrietara iristeko abenturan aurrera egin, eta deabruen kutsadura garbitu beharko dugu.

Indargunea, benetan, une lineal nagusietan aurkitzen da, abenturak toki berezietara eramaten gaituenean istorioko unerik garrantzitsuenak bizitzeko. Hauek bidaiatuko dugun toki berezietan biziko ditugu: Arashiyama, Nijo gaztelua, jauregi inperiala… Esploratzen ariko garen arren, aurrera egitea izango da helburua, bidean aurkitzen ditugun munstroak akabatuz. Puzzle txikiak, esplorazioa eta borroka ugari ikusiko ditugu horietan, zinematika ikusgarriekin batera.

 

Oreka beharra

Sarritan pentsatu dut Resident Evil 4ren egitura soilik hartu beharko lukeen jokoa dela Way of the Sword; hots, esplorazioa sarituta, baina zerbait zuzenagoa eta linealagoa proposatuta. Altxorrak lortzea, horiekin gure protagonista hobetzea, mugimenduak desblokeatzea… Ziklo erakargarria baino ez du behar Onimushak, borroketarako prestatu dituzten zutabeak bikainak baitira: horren inguruan arituz gero, nahikoa izango zela iruditzen zait.

Buruzagien aurkako dueluek tituluaren unerik gogoangarrienak eskainiko dizkigute.

Istorioari helduta, oso interesgarria eta zirraragarria da Way of the Sworden kasuan, Japoniako historia eta mitologia elkartuta, Onimushek beti egin bezalaxe. Protagonistak eta bilauak dira erabateko protagonistak, zalantzarik gabe: Musashi bera zein bere aurka dabiltzan Sasaki Ganryu edo Yoshitsune no Minamoto ospetsuak sekulakoak dira, batzuk aipatzearren.

Tamalez, mundu irekia abenturaren ahulgunerik handiena ere bada. Kioto oso lortuta dago, baina misioek ez dute sakontasun handirik, eta Musashi indartzeko baino ez ditugu egin nahiko.

Atal grafikoari dagokionez, lan aparta egin du Capcomek, azkenaldian mantendu duen maila erakutsita RE Engine motoreari esker. Pertsonaiek, munstroek zein ingurugiroek itzelezko maila erakusten dute, baina Musashiren animazioak eta keinuak dira txapeldunak. Kioto bera gustatu zaidan arren, koloreen paleta ilunegia eta goibelegia izan daiteke, zoritxarrez: gidoiarekiko zentzua duen arren, une batzuetan hori aldatzea komeni zaio, gainerako guztia itzela baita. Soinu banda, amaitzeko, erotzekoa da, japoniar doinu ederrak epikotasunarekin nahastea lortuta.

Indartsuena izateko bidea, laburbilduz, ikaragarria otu zait. Borrokek ez dute gogaitzen, eta, alor batzuetan hobetzeko asko badauka ere, behin eta berriro itzuli naiz Kiotora buruzagien aurka egitera. Capcom ere gogotsu eta itxaropentsu dagoela dirudi: baieztatzea faltan, baina Onimusha guztiz berpiztu dela dirudi, indar betean itzuli dela, alegia, eta ez duela atseden hartzeko asmorik. Asebeteta eta pozik geratzen naiz, esan bezala, oinarri sendoak eta freskoak baititu Way of the Swordek: horien gainean eraikitzeko unea da orain.

Onimusha: Way of the Sword, bere ahuleziekin, ikaragarrizko itzulera izan da Capcomen samuraien eta deabruen frankiziarentzat. Katana arteko duelu ikusgarriak, Kioto ederra, pertsonaia bikainak eta une gogoangarriak elkartzen dituen 30 bat orduko jokoa prestatu dute japoniarrek. Borrokak berriz bizitzeko desiratzen uzten zaituen abentura izanik, samuraien filmeen edo animeen zaleek biziki eskertuko duten titulua da Miyamoto Musashirena.

Game Erauntsia facebook


Iruzkinak

Mesedez, sartu iruzkina utzi ahal izateko.

Steam

Steam konexioak huts egin du...


Jarraitu Steam taldea

Azken erantzunak

Lander Unzueta
Kaixo, Daflipat! Tamalez, oraingoz ez: nahiz eta GNU/Linux oinarri duen, SteamOS ezin daiteke euskaraz jarri. Agian mahainguruko ingurunea euskara…
Steam Machine, Steam Frame eta Steam Controller 2…
Daflipat
Kaixo! Badakizue SteamOS sistema eragilea euskaraz erabiltzerik dagoen? Eta euskaraz ez balego, euskaratzeko modurik legokeen? Eskerrik asko zuen l…
Steam Machine, Steam Frame eta Steam Controller 2…
Damian
Hartuta! Probatzeko goguakin. Zaharra probatu eta immertsioa haundixa zan. Hola are gehixau!
S.T.A.L.K.E.R.: Legends of the Zone bildumak tril…
Damian
Begiratu kickstarterra! Itxura bikaina eta joko mota hau gustoko duenarentzat aukera ona!
Prelude Dark Pain-ek Kickstarter kanpaina arrakas…
eZpata_10
Mila esker benetan, Outer Wilds euskaraz jokatzea zoragarria izan da :D
Outer Wilds eta bere DLC-a, euskaratuta