Hasieratik iruditu zitzaidan interesgarria historiaurrean kokatutako metroidvania abentura hau. Pixel estetika zaindua eta ondo neurtutako osagaiak uztartuz sortutako artelana dugu Primal Planet. Astiro-astiro, hasieran espero ez genituen tokietaraino eramango gaituen ibilbidea marrazten lagunduko digu.

 

Mundu basati bat baino gehiago

Primal Planetek mundu bizi-bizi bat aurkezten digu, jokalaria historiaurrean kokatutako kultura bateko gizon bat izango da. Helburu sinpleak proposatzen dizkigu: arrisku baten ondorioz gizona eta haren sendia banandu egin dira, bildu zaitez zure familiakideekin. Ondoren, itzuli zure tribuaren herrixkara. Helburuok aitzakiatzat hartuz, oinarrizko mugimendu eta abileziak ikasiko ditugu, eta istorioak zenbait gertakizun garrantzitsu erakutsiko dizkigu beranduago.

Hala ere, une batetik aurrera, bideojokoak eskua askatuko dio jokalariari, eta bere kasa ibiltzera gonbidatuko du. Hortik aurrera hasiko da benetako esplorazioa: paisaia ederrak, animalia zein landare anitz, eta beste hainbeste arrisku. Ez digute norabide zehatzik ezarriko, mundua ezagutzeko orena iritsi baitzaigu.

Hasieran baliabide aldetik urriago ibiliko gara, ondorioz, argi ibili.

Bideojokoaren alde artistikoa ere goraipatzekoa iruditzen zait. Bereziki, lanaren muina garatzaile bakar batek sortu duela jakinda. Metroidvania izaera dauka bideojokoak, atal ezberdinetan banandutako mundua izango dugu bizitoki. Biomak bereiziz joango dira gune jakin batzuetatik beste batzuetara goazenean. Euri-oihanak, hondartzak, gune menditsu eta malkartsuak, ur azpiko toki zabalak… aberatsa da aurkezten zaigun mundua, eta maitasunez marraztua.

Une batetik aurrera, bideojokoak eskua askatuko dio jokalariari eta bere kasa ibiltzera gonbidatuko du.

Aurkituko ditugun piztiekin, beste horrenbeste, hainbat aurkituko ditugu, eta, ia gehienak, zuzenean oldartuko zaizkigu. Belarjaleek erasotuak direnean erantzuten dute, baina, kontuz, batzuk oso arriskutsuak dira eta.

Hauek agerrarazteko erritmoa ere ondo neurtua iruditu zait, une oro zegoen hainbat animalia nire inguruan, baina guztiak ezagutzeko bidaiatzea beharrezkoa da, denak ez baitaude toki guztietan. Triceratopsak, marmokak, velocirraptorrak, burruntzi erraldoiak, deinosuchus krokodilo erraldoiak eta beste hainbeste topatuko ditugu, eta, akabatuz gero, esperientzia puntuak jasoko ditugu.

Zenbait paisaia eta animalia ikusgarriak dira, gainera, egun eta gau zikloak dauzka.

Landaredia eta bestelako osagaiekin antzekoa gertatzen da, baina leunago. Behar-beharrezkoak diren osagaiak sarriago agertzen dira, eta, bereziak, gutxiago. Aipatutakoen artean daude mota ezberdinetako landareak, harriak, fruituak, haragia, hezurrak eta beste hainbat.

Garrantzitsua da atseden hartzea, eta hori sutondoan egiten da. Planetaren zenbait lekutan gure gizonak sua piztu ahal izango du, eta sortzen dakizkien objektuak egin ahalko ditu: okela errea, hezurrezko aizto jaurtigarriak… betiere, beharrezkoak diren materialak eta abileziak badauzka. Gainera, atsedenean gaudela, abilezia puntuak erabiltzeko abagune aproposa da: abiadura handiagoa, ur azpian arnasari eusteko ahalmena luzatzea, bigarren jauzia… Sutondotik irtetean gure jokaldia automatikoki gordeko da.

Ur azpian gabiltzanean ere hainbat bioma aurkituko ditugu, bakoitza bere fauna eta florarekin.

Gure tribuko kideak askatzen joango gara, hori lortzean gure tribuan jende gehiago egongo da laguntzeko prest. Horrez gain, kideen etxolak eraikitzen lagunduko dugu, eta haiek abilezia bereziak irakatsiko dizkigute. Gainera, ondo garatutako herrixkak hainbat baliabide emango dizkigu. Gure tribua munduko leku jakin batzuetara migrarazi daiteke, betiere, beharrezko baliabideak lortzen baditugu.

Harrizko aiztoa erabiliz, beti izango gara piztia basatien aurka borrokatzeko gai, baina lantza daukagunean indartsuagoak izango gara, eta gure erasoek irismen handiagoa izango dute. Ez hori bakarrik, lantzak xabalinak balira bezala jaurtitzeko gai gara, eta xabalinak plataforma moduan erabil ditzakegu, hormetara jaurti eta haien gainera jauzi eginez. Horrez gain, suaren erabilerak pisu nabarmena hartuko du, batez ere, sasitza handiak errez gero gune berrietarako sarbidea lortzen joango garelako.

Lantzak xabalina moduan jaurti ditzakegu eta ondoren plataformatzat erabili ere bai.

 

Ez zara bakarrik egongo, kidez eta estaiez inguratuta

Gehigarri interesgarri bat ere badauka, Sino dinosauroarena. Bigarren jokalari batek gure kide txikia kontrolatu ahalko du, gizonari borroketan lagundu diezaion. Sino bigarren mailako pertsonaia da, eta ez dauzka gizakiak dituen ahalmen guztiak, baina aukera galanta da abentura beste norbaitekin batera partekatzea. Gainera, Sinoren ezaugarriak ere hobetu daitezke, abilezia puntuak erabiliz, laguntzaile izatetik borrokalari sutsu bilakatzeraino.

Bestalde, kasu guztietan ordenagailuak kontrolatutako kideak ere izango ditugu, batzuetan gure bikotekidea izango da, eta, beste batzuetan, gure tribuko lagunen bat. Atal batzuetan, gure alaba ere alboan izango dugu, beharrezkoa denean gure gainean jarriko dugu, elkarrekin arinago mugitzeko. Dena dela, ez dugu larregi zaindu beharko, neska nahiko autonomoa baita bere kabuz.

Zenbait etsaien aurkako borrokak bizkorrak dira, zorionez, sarritan ez gara bakarrik egongo.

Aurrera eginez, aurkarien tribua ere agertuko zaigu, aurpegia garezurrez estaltzen duen gizaki taldea. Ez da etsai talde makala, zenbait dinosauro etxekotu dituzte, eta orain haien alde borrokatzen dute piztia horiek. Hori gutxi balitz, planetan lur hartu duten estralurtarrak daude. Teknologia aldetik askoz aurreratuagoak dira, eta erronka gehigarri ona suposatzen dute nire aburuz, jokalari batzuek alderdi gehigarri hori gabe bideojokoa hobe legokeela babestu arren.

Harrizko aiztoa erabiliz beti izango gara piztia basatien aurka borrokatzeko gai, baina lantza daukagunean indartsuagoak izango gara

Estralurtarrek hainbat atari ezarri dituzte munduan zehar eta beharrezkoak diren teknologia osagai batzuk lortuz gero, distantzia handiak pauso bakar batzuk eginez zeharkatzeko gai izango gara. Istorio osoa ezagutzeko munduaren muturrak ezagutu beharko ditugu, batez ere, mendebaldea eta ekialdea.

Beharrezko teknologia lortuta, estralurtarrek ezarritako atariak erabiliko ditugu azkarrago bidaiatzeko.

Dena dela, politena zera iruditu zait, norberak bere erritmoa har dezakeela, eta munduaren erdigunea aski erakargarria dela bertan zenbait ordu sartzeko. Ehizatzen dugun piztia bakoitzak esperientzia ematen digu, ehun maila igo ondoren ere, hainbat abilezia dauzkat hobetzeke eta horrek jokoari bizia luzatzen dio, baita mekanikak eta estetika ere bere alde dauzkalako ere.

Sei ordu inguruan bukatu omen daiteke jokoa, nik zortzi sartu dizkiot eta oso pozik. Aurkeztutako paisaiak, animaliak eta landareak ederrak dira, eta protagonistaren abileziak interesgarriak. Kontatzen digun oinarrizko istorioaz gain, gozatzeko moduko mundu eta mekanikak dauzka, bakarka zein kide batekin batera partekatzeko. Zaindu zure familia, zaindu zure herria, Primal Planeten aurkituko duzun mundu basatiak ongi etorria ematen dizu.