Game of Thrones amaitu da. Ez zaizu amaiera gustatu eta orain haserre zaude zer egin jakin gabe. Ez daukazu AAA joko luze batekin hasteko gogorik, baina bideojokotan jokatzeko gogoz zaude. Bada, hainbat indie joko komentatzera nator denbora pasak egin ditzazuen zuen kontsola edo ordenagailu aurrean. Komentatuko ditudan jokoak puzzle, buruhauste, edo abilezia jokoak dira, eta denak Indie kategorian sar ditzakegu. Nik denak Switch-ean jokatu ditut, baina beste hainbat plataformetan ere ateratakoak dira. Goazen ba joko hauekin:

 

Tricky Towers (PS4, Xbox, Switch eta Steam)

 Tricky Towers

Tetris bat dirudi lehen begiradan, baina ez du zer ikusirik. Bai, piezak antzerakoak dira, eta piezak ondo kokatzea garrantzitsua da. Joko honetan ordea fisikek dute garrantzia, piezak kolokatuz joan beharko dugu, baina sortzen dugun dorrea erori egin daiteke. Helburu ezberdinak izango ditugu, maila jakin batera heldu dorrea erori gabe, denbora bat dorrea erori gabe iraun… Eta honetarako laguntzak ere izango ditugu. Banakako jokoa oso entretenigarria da, baina binakakoa bikaina da, momentu oso onak pasa daitezke lagun artean.

 

Not Not (Switch, Android eta IOS)

NOT NOT

 Jokoaren mekanika sinplea baino sinpleagoa da, baina buruz azkarra izatea garrantzitsua da. Kubo bat dugu pantailan eta honen gainean guk kontrolatutako pertsonaia bat. Kuboaren goiko azalean agindu bat agertuko da eta hori betetzea da helburua, hainbat aldiz pantaila pasatu arte. Hasieran oso erraza da: gora, behera, ezkerra, eskuina.. Baina jokoak aurrera egin ahala geroz eta konplexuagoa da. Sartzen diren agindu berriak gure logika desafiatzen ahaleginduko dira, Not (ezetza) aginduekin: ezkerrera EZ, eskuinera EZ motako aginduekin edo EZ EGIN EZER modukoekin. Ezezkoak gainera pilatzen joango dira: EZ EZ ezkerrera… Beraz, partida azkarrak eta burua argi mantentzeko moduko joko entretenigarria.

 

Back to Bed (PS4, Switch, Steam, Android eta IOS)

 Back to Bed

MC Escher-e estiloko ezinezko geometrietan oinarrituta lo ibiltari dabilen pertsonaia bere ohera bideratu beharko dugu “Lemmings” joko klasikoan gertatzen zen erara. Konbinazioa ona eta entretenigarria bihurtzen da burua eta abilezia modu eraginkorrean erabiltzera behartuko gaituen joko honetan.

 

Human Resource Machine (Switch, WiiU, Steam, Android eta IOS)

 Human Resource Machine

Enpresa batean lanean hasi zara “denerako” mutil/neska bezala. Zure ugazabak lanak bidaliko dizkizu pantaila ezberdinetan, eta denetan sarrera bat (input), logika bat eta irteera bat (output) izango dugu. Lana aurrera eramateko agindu sorta izango dugu, eta hauek nola erabili da kontua gure helburuak lortzeko. Azken finean, programatze logikak ikasten dira, eta erabili beharko dira jokoan: sarrera eta irteera tratamendua, baldintzak, iterazioak…

Programazio logikak ikasteko modu oso entretenigarria da.

 

Picross S2 eta S3 (Switch)

 Picross

Bi joko hauek ezin ditugu indie bezala katalogatu, baina gaurko gaian egokiak dira eta komentatuko gabe ezin geratu. Denbora pasa jokoak dira, gurutzegramak edo sudokuen antzera. Kasu honetan hainbat gelaxkako taula izango dugu (5x5, 10x10, 15x15) eta zutabe eta lerro bakoitzean zenbaki batzuk. Zenbaki hauek lerro edo zutabe horretan zenbat gelaxka aktibatu behar ditugun adierazten dute, gainera taldekatuta adierazten dira, hau da, adibidez, “6 2” jartzen badu, sei gelaxka jarraian, ondoren gelaxka bat edo gehiagoko jauzia eta azkenik bi gelaxka aukeratu behar dira. Noski, hau dena goitik behera eta esker eskuin bete behar da, eta hortan datza zailtasuna. Azkenean ondo egiten badugu aukeratutako gelaxkek marrazki bat sortuko dute.

 

SnipperClips (Switch)

 SnipperClips

Jokoa bakarka edo binaka jokatu daiteke, baina beti egongo dira bi pertsonaia erabiltzeko. Izatez, benetan entretenigarria bi pertsonen artean jokatzea da. Bakoitzak pertsonaia bat izango du, eta hauek forma berezia dute, gainera biratu egin daitezke eta moztu egiten dute. Beraz, pertsonaia batek bestearen gorputza moztu dezake forma konkretuak sortu eta horrela beharrezko helburuetarako erabiltzeko (globo bat puskatzeko punta bat sortu pertsonaia batean…). Erronka ugari daude eskura eta oso joko gomendagarria da Switchen jokatzeko.

 

 

Hidden Folks (Switch, Steam, Android eta IOS)

 Hidden Folks

Joko sinplea, sinpleegia agian. Teknikoki ez du ezer, marrazkiak dira gure pantailan besterik ez, eta eskatzen dizkiguten objektu edo pertsonaiak topatu behar ditugu bertan. Marrazkiak hein batean bizidunak dira, hau da, kurtsoreaz ikutzen dugunaren arabera gauzak mugitu daitezke. “Non dago Wally?” famatuaren estiloko jokoa da, baina zuri beltzean. Denbora pasa entretenigarria iruditu zitzaidan.

 

Hexologic (Switch, Steam, Android eta IOS)

Hexologic

Hexagono ezberdinak euren artean konektaturik agertzen dira, eta hauek sortzen duten lerro bakoitzean zenbaki bat agertzen dira. Gure betebeharra, hexagono bakoitzean puntu bat, bi edo hiru ipintzea da, eta hauen baturak aurretik esandako zenbakia bete behar dute. Burua aktibo mantentzeko joko gomendagarria.

 

Tied Together (Switch eta Steam)

 Tied Together

Plataforma jokoa da, eta helburua helmugara heltzea. Non dago berezitasuna? Bi pertsonaia (edo gehiago) izango ditugula eta hauek soka batez lotuta daudela bien artean. Honek sortuko dituen egoera ezberdinak puzzle ugaritan banatuta eskainiko zaizkigu pantaila ezberdinen artean. Zer esanik ez, bi pertsonen artean jokatzean, askoz ere entretenigarriagoa dela.

 

Art of Balance (Switch)

Art of Balance

Joko sinplea hau ere. Forma ezberdinak dituzten piezak izango ditugu pantaila bakoitzean. Helburua, pieza hauek bata bestearen gainean ipintzea eta denbora batez mantentzea erori gabe. Sinplea, baina denbora pasa ederra benetan. Partida azkarrak jokatzeko merezi duen jokoa.

 

 

 

Komentatutako jokoak ez daude ordena jakin batean zerrendatuta, bururatzen zitzaizkidan heinean joan naiz gehitzen. Beraz, gorago edo beherago agertzearren ez dira hobeak edo okerragoak. Denak dira joko entretenigarriak, eta puzzle, denbora pasa estilo horrekin burua eragitera behartuko gaituztenak. Denbora gutxi duzuenok eskertuko dituzue horrelakoak, beti ez baitugu izaten denbora AAA jokoei eskeintzeko. Disfrutatu eta gomendiorik baduzue, komentatu!