2017ko uztailaren 25ean Supergiant Games-ek garatutako eta argitaratutako bideojokoa da. Playstation 4 eta PC plataformetan dago eskuragarri, azken honetan Steam eta GoG saltokietan. Artelana istorio aberatseko RPG bezala aurkezten dute egileek, kontatuko zaigun abentura kirol berezi baten itxurako errituekin nahastuta baitator. Jokalari bakarrarentzat pentsatutako esperientzia da.

 

Askatasuna berreskuratzen…

Pyreren unibertsoak mundu berezian eta interesgarrian kokatzen gaitu hasieratik. Aspaldian eroritako inperio baten errautsetatik Commonwealth deritzon estatua sortu zen, bertan munduko arraza desberdinetako izakiek bat egin eta elkarrekin bizitzeko tokia garatu zuten. Herrialde honek arau berezi bat dauka: norbaitek delitu nabarmenen bat egiten badu, Downside deritzoten lekura erbesteratzen dute.

Downsidera bidalitakoan, zigortuek ez daukate berriz bueltatzeko aukerarik, eta lurralde antzu horretan egin beharko dituzte geratzen zaizkien egunak. Izan ere, gure abentura hemen hasten da, Downsideko basamortu batean aurkituko gaituzte hiru bidaiarik, eta gure egarria asetzeaz gain, beraien gurdian bidaiatzera gonbidatuko gaituzte. Beranduago galdetuko digute ea irakurtzeko gai garen, eta guk, zalantzati erantzungo dugu, jakina baita Commonwealthean erabat debekatuta dagoela irakurtzea. Dena dela, orain Downsiden gaude eta arau horrek ez du jada indarrik.

Blackwagon izeneko gure gurdian Downsideko kokapen nagusi desberdinetan zehar ibiliko gara, bakoitzean hoberena deritzogun bidea hautatuz.

Ezagutuko dugun hirukotea, gizaki nomada batez, deabru indartsu batez eta “cur” bezala ezagutzen den kanidoen itxura duen arrazako kide batez osatuta dago. Laster, guk irakurtzea nahi duten liburua erakutsiko digute: ez da ale arrunt bat, aspaldiko zortzi eskriba ospetsuek idatzitako testua baizik. Idazle hauek Downsiden asko ikasitako pertsonaia indartsuak izan ziren, eta “lortu zuten askatasuna eman zuten, beste batzuek askatasun hori lortzeko aukera izan zezaten”.

Hemendik aurrera “irakurle” bezala zuzenduko dira guregana. Lehen pertsonan garatuko da abentura, eta ez dugu geure burua inoiz ikusiko. Jende askorekin egingo dugu topo eta gure taldekideek sarritan gure iritzia eskatuko digute erabakiak hartzerakoan. Laster eta erraz ulertuko dugu zergatik garen garrantzitsuak gure taldekideentzat: irakurle bat behar dute, ulertu ezin duten zortzi idazle mitikoen liburuaren ale batzuk dauzkatelako. Liburua irakurri eta zeruko izarren alineazioak aztertuz erritu magiko batzuk non eta noiz ospatuko diren aurreikusi daiteke.

Herrialde honek arau berezi bat dauka, norbaitek delitu nabarmenen bat egiten badu, Downside deritzoten lekura erbesteratzen dute.

Azalduko digute, erritu hauetako bakoitzean bi triunbiratu edo hirukote elkarren aurka lehiatzen direla, zortzi idazle ospetsuen begikotasuna lortzeko. Izan ere, oso jende gutxik dakien bezala, erritu askotan garaile suertatuz gero posible da barkamena lortu eta Commonwealthera itzultzea.

Errituetan guk kontrolatzen dugun irakurleak kanpotik lagunduko du, hirukotea koordinatuz. Triunbiratu bakoitza beste taldearen sugar handi bat itzaltzen saiatuko da, hau egiteko ezinbestekoa izango da jokoan egongo den esfera astrala hartu eta arerioen sutara sartzea, hau ahuldu eta azkenik erabat itzali arte.

Jokalari guztiek ahalko dute lasterka eta salto egin, esfera pasatu edo jaurti eta beraien aura erabili. Auraren atala garrantzitsua da, geure auraren eremua argi ikusiko da eta gure etsaiek hau ikutzen badute “deserriratu” egingo ditugu. Pertsonaia “erbesteratuak” jokoz kanpo egongo dira denbora batez, eta ondoren itzuliko dira jokora. Esfera astrala gure eskuetan dugunean, honek geure aura indarra xurgatuko du eta kontu handiz ibili beharko gara arerioen aurak saihestuz. Aurek pertsonaien inguruan eremu bat marrazten dute, orokorrean zirkunferentzia formakoa, baina horrez gain partaideek beraien aura luzatu eta “jaurtitzeko” ahalmena ere badute, errituei aukera interesgarriak zabalduz.

Errituetan, beste taldearen su garra txikitzeko egindako jokaldiak orokorrean laburrak eta azkarrak izan ohi dira.

Pyrek RPG izaera dauka, lau ezaugarri dituzte errituetan parte hartzen dutenek: Loria (arerioen su garrari kentzen dioten puntu kopurua), Presentzia (daukaten auraren tamaina), Azkartasuna (mugitzerakoan daukaten abiadura) eta Itxaropena (errituetan erbesteratuak direnean bueltatzeko zenbat denbora behar duten). Pertsonaia bakoitzaren arrazak ezaugarriotan eragina duela dirudi, eta gure deserriratuen taldea handitzen doan heinean, jokaera estilo desberdineko aukerak izango ditugu, erritu bakoitzean hirukote bat aukeratu beharko dugularik.

Jokoaren RPG ezaugarriekin jarraituz, errituetan esperientzia lortuz joango dira gure pertsonaiak eta ondorioz zenbait abilezia lortuko dituzte. Pertsonaia bakoitzak bina abilezia arbola dauzka, eta bakoitzean lau gaitasun, esperientzia maila gorenera igoz gero, zortzi posibleetatik lau hautatu ahal izango ditugu. Honek pertsonaia bakoitzarentzat jokaera estilo desberdinak eskaintzen ditu. Horrez gain, pertsonaia bakoitzak talisman bat eraman dezake, hauek zenbait ahalmen gehigarri ematen dituzten objektuak dira. Merkatuan objektuak salerosi daitezke eta dagoeneko dauzkagun talismanak indartu ere bai.

 

Maitekiro egindako lan berezi bat

Jokoan garatzen den istorioak protagonismo handia dauka, gertakizunak astiro baina erritmo etengabean gertatuko dira. Kontakizunaren haria bihurritzen joango da pertsonaia eta toki berriak ezagutzen goazen heinean. Honek gure erbesteratu taldea handitzen joatea ekarriko du eta errituak gauzatzeko “jolasleku” gehiago ezagutzea ere. Horrez gain, aurkikuntza bakoitzarekin, gure zortzi idazleen liburuko orri berriak ezagutzen joango gara, Downside zein Commonwealth kokaleku nagusiei buruzko zertzeladak ikasiz.

Aurrerago aipatutako gurdiak ere bere tokia izango du pertsonaien odisean, Downside zonalde ezberdinetan banatutako tokia baita. Sarritan bide alternatiboen artean aukeraketa egin beharko dugu gure hurrengo erritura bidean. Honek leku jakin batzuk bisitatzea, pertsonaiaren batekin hitz egitea edo bestelako emaitza positibo zein negatiboak ekar ditzake.

Abenturaren zati handi bat elkarrizketetan emango dugu, gidoi landua dauka eta istorio interesgarri bat kontatuko du.

Jokoa, beraz, hiru modu ezberdinetan garatzen da: Pertsonaiekin izango ditugun elkarrizketetan, gurdian Downsiden zehar egingo ditugun bidaietan eta errituetan garaipena lortzen saiatuko garenean. Jokoak suposatzen duen esperientzian nabari da atal hauek orekatzen saiatu zela garatzaile taldea, hala ere, elkarrizketen atalak pisu handia bereganatzen du, batez ere jokoak beharrezko deritzon azalpenak eman nahi dizkigunean. Hori dela eta, eleberri bisualez gozatzeko ohitura dutenentzat aukera ona izan daiteke.

Liburua irakurri eta zeruko izarren alineazioak aztertuz erritu magiko batzuk non eta noiz ospatuko diren aurreikusi daiteke.

Estetikoki oso zaindua izan den artelana dugu, batez ere elkarrizketetan eta gurdian goazenean pertsonaia eta tokien irudiak gozatu ahal izango ditugu. Pertsonaien artean aniztasun nahikoa dago, eta arraza zein izaera desberdinak ezagutuko ditugu. Gurdiak mapan zehar eramaten gaituenean Downsideko atal desberdinak ezagutuz joango gara gure ibilgailuan modu kuttunean marraztutako pasaietan zehar.

Pyre Supergianten bideojoko arriskatuena dela babesten dute zenbaitek, bere beste jokoekin alderatuta “bereziena” edo “desberdinena” dela diote. Idatzizko alde narratiboari pisu handia ematen dio, eta zenbait jendek beharbada ez dute hain gogoko izango alde hau nobela bisualen eremura asko hurbiltzen duelako.

Hala ere, irakurketa eta akzioa orekatzeko ahalegina somatzen zaio, istoria berez interesgarria da eta lortzen du bere erritmoa mantentzea gidoiak ezarritako ezustekoen bidez. Akzioaren atala, hau da, errituena, interesgarria da baita ere bere aldetik, jokatu nahi den esperientziaren arabera norbaiti labur edo eskas gera dakiokeen arren.

Oso erakusgarria deritzot, Steam denda digitalean Supergiant Games-ek jadanik kaleratuta dituen jokoen artean, erabiltzaileek egindako iruzkinetan emaitza txarrenak dituen jokoa dela esatea eta aldiberean ikustea, iruzkinen %90a positiboak izan direla. Istorio interesgarri bat modu ederrean adierazita ikusteko prest bazaude, errituak eta RPG ukituak tartekatuta, hautagai erakargarri bat daukazu hemen. Bere iraupena 12 ordu ingurukoa da.