Bideojoko honetaz hitz egiteko, hautzarora egin behar dut hegaz. Geure herriko taberna batean zegoen bideojoko makina eta 25 pezeta sartu behar ziren kreditu bakoitzeko. Garai hartako lagunmin batekin jokatu ohi nuen eta sasoiko oroitzapen goxoak dakarzkit gogora.

 

Shoot 'em up berezi bat

Dagoeneko oso ohituta geunden genero horretako bideojokoetara, gorantz zein eskuinerantz garatzen ziren haietara. Guk The Great Ragtime Show bezala ezagutu genuen, baina ez genion inoiz ingelesezko izenari behar bezala erreparatu. Hainbat urte beranduago izen hori zeukala ikusi nuen, baina Boogie Wings izenarekin errazago bilatzen da Interneten, joko ia erabat berdina dela babestuko nuke, berbera ez bada.

Aspaldiko bideojokoa izanik, nahiko zaila da entrenamendurik gabe hartzeko.

Garai hartako Data East mitikoaren eskutik zetorkigun, ingugiro koloretsuekin eta sasoirako eder-ederra zen arte zein estetikarekin. Susmagarriki, Hayao Miyazakiren Sherlock Holmes serieko Moriarti gaizkilearen antza nahikotxo dauka garaitu beharreko bilauak, janzkeran esan nahi dut, kasu honetan animalia antropomorfikoez hizketan ez gabiltzan arren.

Mailen ordena ere berezia zen. Hasierako maila labur bat, sarrera moduan, eta ondoren bost maila aukeratzeko, guk geuk aukeratutako ordenean. Horiek guztiak bukatutakoan amaierako bat, benetako erronka bati bukaera emateko. Prozesuan zehar berezitasuna dauzkaten atalak biziko ditugu, bai ala bai zeruan zehar eramango gaituen arerioen hegazkin erraldoiarena, esaterako.

Ibilgailu anitz ikusiko dugu, geure aldekoak zein arerioen alde.

Maila guztiak hegazkin interesgarri batekin abiatzen ditugu, erailak izan eta beste bizi bat hasi behar dugun bakoitzean ere bai. Metrailadore sinplea dauka, etsai batzuek askatzen dituzten hobekuntzen bidez hobetu daitezkeenak. Badaude bere abiadura hobetzen duten beste hobekuntza batzuk ere. Tirokatze jarioa epe batez altu mantenduz gero, batzuetan tximistak jaurtitzen ditu alde guztietarantz.

Hala ere, hegazkinaren gauza bereziena kakoa da, kate batez lotuta doa ontziaren atzealdera. Kakoan daukaguna bigarren botoiaz askatu daiteke, lehen botoia tiro egiteko baita. Hainbat gauza eraman daitezke bertan, baina bakarra aldi berean. Itsas mina itxura duen lehergailu batekin hasi ohi gara, eztanda itzela egiten duena. Baina ondoren, gure borrokakidea (bi jokalarik joka dezakete aldi berean), etsaiak, objektuak edo ibilgailuak eraman ditzakegu.

Hegazkinaren kakoan gure kidea, ibilgailuak zein etsaiak hartu genitzake.

Eta hortxe zegoen koska, Hegazkinak paira ditzakeen kolpeak jaso eta gero, lurrera erortzen gara, eta oinez ekiten diogu borrokari, pistola erabilita. Bigarren botoia jauzi egiteko darabilgu, izan ere, gizaki batentzat proportzionalki handia den saltoa. Ibilgailu aniztasuna handia da: Motorrak, autoak, kamioiak... eta are bitxiagoak diren beste batzuk: suhiltzaile kamioi suziri jaurtitzailea, gargailua duen erdi helikoptero jauzilaria...

Ibilgailuek, edo, kasu batzuetan, animaliek, kolpe bakarrari edo biri eutsiko diote, gu berriz oinez utzi baino lehen. Salbuespen kasu batzuetan zuzenean hilko gara, ibilgailuak ez baitu babesik eskaintzen, bai, zuetaz ari naiz, pogo jauzilaria eta bizikleta hegalaria.

Objetiboki, hegazkina galtzeak arazoak dakartza, jadanik ezingo baitugu pantaila goialdean ibili, eta gizakien zein ibilgailuen jauziarekin konformatu beharko. Baina sinergia politak ekar ditzake, esan bezala, beste jokalariak bere hegazkineko kakoan eraman gaitzake eta.

Tirokatze erritmo altua lortuz gero tximistak jaurtiko ditu gure hegazkinak.

Tabernan zegoen bideojoko makina desagertu eta hamar urte ingurura emulazio bidez jokatu nuen, oroitzapenak berpizteko. Gaur egun, txundituta geratu naiz, nabigatzailea soilik erabiliz aspaldiko altxor hauek zein erraz abiarazi daitezkeen ikusita.

Bideojoko hau edo garaikoren bat berrabiarazteko aukera hor bertan daukazula gogorarazteko idatzi dut artikulu hau. Ondo dakigun moduan, ondo egindako artisautzak denboran zehar eusteko gaitasun ederra baitauka.