Ninja Dortoka Gazteak. 90eko hamarkadako haurra izanik, txikitan ETB 1eko marrazki bizidunak irentsi egiten nituen: zenbat ordu igaroko nituen Dragoi Bolarekin, Doraemonekin edo Flyren abenturekin. Hala eta guztiz ere, etxera iristen ziren tramankuluen artean Leonardo, Raphael, Michelangelo eta Donatello ninja dortokenak ziren nagusi, inolako zalantzarik gabe: jostailuak, posterrak, intsigniak, filmen VHS-ak…

Bideojokoak ere bai, noski: Game Boy originalean Konami-ko japoniarrek argitaratutako Teenage Mutant Ninja Turtles III – Radical Rescue mitikoa ezin izan nuez inoiz gainditu, baina ordu mordoa eskaini nizkion nire lehen metroivania abentura horri. Konamiren eskutik jaso genituen, baita, Ninja Dortoken bidejokorik ezagunenak: hainbat beat ‘em up kaleratu zituzten bai kontsoletan, bai arkade makinetan.

Lehena, 1989an argitaratutako Teenage Mutant Ninja Turtles: The Arcade maitatua, ziurrenik osorik gainditu nuen lehenengo arkade jokoa izango zen; ez dut inoiz ahaztuko Bilbondo kanpoan jarritako karpa batean doako arkadeak zeuden arratsalde batean beste bi ezezagunekin hasieratik bukaeraraino jokatzea. Lagunen etxean SNES kontsolako Turtles in Time ikaragarrira ere orduak eman nituela gogoratzen dut; gauza bera 2006ko telesaileko jokoaren PC-ko demoarekin.

 

Nostalgia, ganoraz

Hau esanda, argi dago estima handia diedala lau dortoken beat ‘em up jokoei. Ulertzekoa da beraz Tribute Games-ek eta Dotemu-k iaz Teenage Mutant Ninja Turtles: Shredder’s Revenge iragarri zutenean sekulako poza hartzea. Iragarpen trailerrarekin argi utzi zuten animaziozko jatorrizko telesaila zein Konamiren bideojokoak omentzeko gogotsu zeudela: marrazkietako opening-ak eta jokagarritasun koloretsu eta alaiak ez zuten zalantzentzako lekurik uzten. Ordutik hona hainbat bideo kaleratzen joan dira, jarratzaileek grina piztea lortuta. Hori bai, azken unera arte itxaron zuten argitaratze data zehazteko: Summer Game Fest-ekoen aurkezpenean jokatzeko astebete falta zela baieztatu zuten.

Ez bi, ez lau: sei lagun batera ibil daitezke Shredder’s Revengen. Hau ematerakoan pantaila pertsonaiz beteko da, askotan kaos gehiegi sortuta.

Horrela, bai. Shredder’s Revenge estreinatu bezain laster hasi nintzen dortoken lan berriarekin. Abentura hasterakoan, arkade makina zaharretan egin bezala, mugimendu guztiak biltzen dituen tutoriala eskainiko digu jokoak. Horietako abilezia batzuk hasiera batean ezin izango ditugu erabili, baina hala ere argi geratzen da mugimendu sorta zabala eta sakona izango dugula eskura, klasikoetatik harago joan nahi dutela aldarrikatuta.

Joko mota aldetik ez dugu berritasun interesgarririk aurkituko, ordea: istorioaren kanpainarekin batera arkade modalitatea ikusiko dugu. Zein da desberdintasuna? Istorioan mailak banaka gainditzen joango gara, ondoren New York irudikatzen duen mapa batetik bidaiatzeko.

Gure pertsonaiak mailaz igongo dira, indartsuagoak eginez eta botereak desblokeatuta; hortaz, istorioa jokatzeko bide erraza dela esan daiteke, mailak errepikatzeko aukera edukiko baitugu, desafio errezenekin gure heroiak indartuz. Arkade joko motan, ordea, abentura osoa jarraian gozatuko dugu, antzina bezala: ez dago etenik, eta ezin daitezke gainditutako mailak berriz gozatu. Hasieratik bukaeraraino ariko gara partida bakarrean, bizitza kopuru mugatuarekin.

 

Gudari anitzak

Heroiei dagokionez, bai, agindu bezala pertsonaia gehiago sartu dituzte Tribute Gamesekoek. Lau dortokekin batera —nola ez!— Splinter maisua eta April O’Neil kazetaria kontrolatzeko aukera izango dugu; jokoa bukatzerakoan desblokeatuko dugun pertsonaia sekretua ere badago. Bakoitzak bere ezaugarriak izango ditu: Irismen, abiadura eta indar maila desberdinak dituzte gure protagonistek. Modu horretara, Raphael indatsuak sekulako kolpeak banatuko ditu, baina bere sai dagekin etsaiengana asko hurbildu beharko da, hauek jo nahi baditu behintzat. Donatellok, bestalde, urrutitik jo dezake bere makilarekin, baina heroietatik geldoena da.

Ezaugarrien aniztasuna eskertzekoa da, baina are zoragarriagoak dira bakoitzaren animazioak eta keinuak: dortoken zaleek maitatu egingo duten lana egin dute Tributekoek arlo honetan. Pertsonaiek sprite propioak dituzte, bakoitzaren nortasuna eta jarrera argi islatuz. Ikaragarria da, adibidez, lau dortokak elkarrekin lasterka ikustea: Leonardo buruzagia, Michelangelo traketsa, Raphael oldarkorra eta Donatello iaioa horrela irudikatuta ikustea gozamen hutsa da, benetan.

Atal estetiko bizia eta dinamikoa da, aurrekarien bidea jarraituta baina estilo eta kutsu propioa gehituta. Protagonistak zein arerioak pantailan mugitzen ikusterakoan behin eta berriz irribarre egingo dugu: sprite koloretsu, handi eta ederrak prestatu dituzte garatzaileek. Dortoken azken beat ‘em up jokoetan hiru dimentsioetara igaro izan direla ikusi dugu, emaitza nahiko eskasekin —Turtles in Timen remakea lotsagarria zen, adibidez—; eskertzekoa da berriz erroetara itzultzea, batez ere horren ondo zaindutako atala eratu dutela ikusita. Efektu batzuk benetan nostalgikoak dira: gaizkileak pantailaren aurka jaurti ditzakegu, eta kontuz ez bagabiltza, protagonistak estoldetatik behera eroriko dira.

Aniztasuna ere goraipatzekoa da, gainera. Bai, egia da hanka arinen klaneko ninjen aurka ibiliko garela behin eta berriz: joko zaharretan egin modura, koloreen bidez jakingo dugu zer motatako aurkariak diren. Ukabilak, ezpatak, lantzak, arkua, saiak, makilak, bonbak eta askoz gehiago erabiliko dituzte; hortaz, itxuraz antzekoak izan arren sprite desberdinak ikusiko ditugu hauen aldetik. Hala eta guztiz ere, bestelako arerio motekin topo egingo dugu: robotak, espazioko dinosauroak, mutanteak zein piztiak ikusiko ditugu.

Ezin ditugu ahaztu, noski, etsai nagusiak: maila bakoitzaren bukaeran gainditu beharreko erronka berezia eskainiko digute. Espero ditzakegun pertsonaia guztiak akatzen ibiliko gara: aurreikusten genituen Shredder zein Krang, Rocksteady eta Bebop, Baxter Stockman giza eulia —a ze oroitzapenak— edo Leatherhead eta Rat King bezalako aurkari ezagunak gaineratu dituzte garatzaileek jokoan. Alde honetatik, animaziozko telesailari, filme zaharrei nahiz komikie keinu ugari egiten dietela azpimarratu nahi dut: dortoken jarratzaile sutsuenek benetan gozatuko dute hauek guztiak ikusita.

 

Mekanika sinpleak, baina zainduak

Mugimendu sortari buruz hitz egiten hasi gara lehen, eta horretan sakontzeak merezi du. Eraso arrunta, berezia, saltoa eta saihestea izango dira gure baliabide nagusiak; horiek nahastuta, baina, bestelako abileziak erabil ditzakegu. Adibidez, erasoa eta jauzia batera erabilita shoryuken antzeko bat egingo dute gure heroiek: etsaiak airean jaurtitzeko balioko digu, eta ondoren hauei jotzen jarrai dezakegu iaioak baldin bagara. Saihestea burutu ostean erasotzen badugu, aurrean daukagunarengana jaurtiko gara: aproposa eraso geldiezinak egiten dituzten zital horiek akabatzeko.

Eraso bereziak egiteko barra bete beharko dugu; hau kolpeak emanda zein jasota kargatuko da. Gure inguruko gaizkileak kolpe bakarrean suntsitzeko balioko digu, baita etsai nagusien osasun barra azkar batean murrizteko ere. Dena den, eraso hauek dakartzaten oreka arazoak nabarmentzekoak dira: izan ere, burla botoia erabilita hau kolpera kargatuko da. Hori horrela, etsai guztiak akatzerakoan aurrera egin beharrean iseka egiten ibili ahal gara, hurrengo borrokarako prest egoteko. Are larriagoa da multijokalarian: ohikoa izaten da lagun bat eraso berezia kargatzen aritzea, besteek arerioen arreta erakartzen duten bitartean. Ez da jokoaren xarma deuseztatzen duen arazoa, baina pixkat errepikakorra egin daiteke.

Multijokalaria aipatu dut, eta eremu honetan ere sekulako lana egin dutela aldarrikatu beharra dago. Ez bi, ez lau: sei lagun batera ibil daitezke Shredder’s Revengen. Hau ematerakoan pantaila pertsonaiz beteko da, askotan kaos gehiegi sortuta. Hala ere, dibertsioa ere seikoiztu egiten da, ohi bezala: ez dago adiskideekin arratsalde batean pizza batzuk erosi eta egurra ematen hastea bezalakorik. Online esparruan Tribute Gamesekoek ezaugarri bikainak prestatu dituzte, gainera: edozein unetan gela bat sor dezakegu, baita besteen partidetara sartu ere. Gainera, sartu aurretik bakoitzak hautatutako pertsonaia, jokatzen ari diren maila eta hori bukatzeko zenbat falta zaien ikusiko dugu. Xehetasun txikiak, baina benetan eskertzekoak.

 

Sekretutxoak edonon

Tituluak hamasei maila biltzen ditu. New Yorkeko zoko desberdinetatik ibiliko gara kokaleku bakoitzean —eta are urrunago iritsiko gara—; alor honetan bilatutako aniztasuna aipatzekoa da baita: oztopo eta erronka berriak aurkituko ditugu abenturan aurrera egin ahala. Zooko animaliak, laserrak, bonbak eta bestelakoak ikusiko ditugu; arriskutsuak izango dira guretzat, baina ondo erabiliz gero etsaiak akatzeko ere baliagarriak izan daitezke. Konamiren obra klasikoei egindako keinuekin jarraituz, skateboard hegalarien gaineko atalak ere biziko ditugu: jokagarritasuna ez da asko aldatuko hauetan, baina oztopoei eta arriskuei adi ibili beharko gara kokalekuak ziztu bizian zeharkatzen ditugun bitartean.

Protagonistak zein arerioak pantailan mugitzen ikusterakoan behin eta berriz irribarre egingo dugu: sprite koloretsu, handi eta ederrak prestatu dituzte garatzaileek.

Gainditutako mailak berriz jokatzera animatzeko sekretuak barra-barra banatu dira. Telesaileko pertsonaiak aurkituz gero, hauek misioak eta betebeharrak jarriko dizkigute: guneetatik zehar mota desberdinetako objektuak biltzea izango da ohikoena. Horrez gain, maila bakoitzeko etenaldi menuan erronkak agertuko zaizkigu: besteak beste, etsaiak zuloetatik behera jaurtitzea, oztopoak saihestea edo maila eraso berezirik erabili gabe gainditzea izan daitezke hauek.

Gatza eta piperra emateko ezaugarriok jokoari bizitasuna eskaintzen diote, bai; zoritxarrez, beat ‘em up baten oinarriak fideltasunez jarraitzen dituen jokoa izanik, Shredder’s Revenge nahiko errepikakorra suerta daiteke. Kolpeak banatzen aritzeak xarma galduko du jokoaren amaierara iristen ari garela, beti gauza bera egiten ibiliko baikara. Dena den, erritmo ona du, eta argi dauka noiz bukatu behar den: sekretuak bilatzeari uko eginez gero lau ordutan gaindituko dugu abentura; bestela, iraupena bikoiztu egingo da.

Hori esanda, jokoa erosteak merezi duen hausnartzea ere garrantzitsua da. Argi dago ez dela 60 euroko titulua, eta garatzaileek ere badakite: 25 eurotara jarri dute salgai. Merkea izan arren, nostalgiak gogor jokatzen du, eta dortoken zaleak ez direnek ez dute diru hau ordaindu nahiko nahiz eta abentura interesgarriaren aurrean egon. Zorionez, Xbox Game Pass bidez jokatzeko aukera dute PC-ko eta Xbox kontsoletako jokalariek: zerbitzuarentzat ezin hobea den lan horietakoa da dortokena.

Teenage Mutant Ninja Turtles: Shredder’s Revenge ez da maisulana, ez bizitza aldatuko digun jokoa. Baina agindutakoa modu apartean bete du, eta horregatik ongietorri beroa emateko bezalako lana da Tribute Gamesena. Dortoken bideojoko klasikoekin arkade aretoetan zein etxeko telebista aurrean orduak eman dituzten horiei zuzenduta dago, baina ondo pasatu nahi duen orok gozatuko duen titulua dugu. Are gehiago, noski, lagunartean jokatzen bada: sei jokalarirentzako joko mota gehitzerakoan asmatu egin dute garatzaileek; kaos hutsa den arren giro ederrean ariko gara etsaiei belarrondokoak ematen. Beat em’ up zaleentzat ezinbestekoa.