Betidanik izan dut gogoko tankeen arloa, baina, egia esan, azken urteotan ez naiz tanke bideojokoetan askorik olgatu. Are gutxiago ibili naiz Internet bidezkoetan, gaur egun ez daukat denbora handirik ganorazko maila garatzeko hainbeste ordu eskatu ohi dituzten jokoetarako. Hala ere, Steam saltokian Tyr ikusi, eta, debalde joka daitekeenez, salbuespen bat egitea erabaki nuen.

Alecto antigrabitate tanke mota arina bulkada bizkorrak egiteko gai da.

 

 

Etorkizuneko tanke borrokak, abileziekin

 

Gezurrik ez, etorkizuneko estetikak erakarri ninduen, zenbait tankeren itxurarekin batera. Mugitzean beldar-kate arruntak zein antigrabitate teknologia darabilten tankeak erabili ahalko ditu jokalariak. Bigarrenek badaukate berezitasunen bat edo beste, alboz mugitzeko ahalmena, esaterako.

Ongi etorri moduan, zenbait minutuko bideo bat aurkezten zaio jokalariari: zeren arabera agerrarazten diren etsaiak pantailan, aldats goran gaudenean kanoia beherantz mugitzeko muga fisikoa dagoela (aldapa beherantz joatea eskatuz) eta, tiro egitean, geure burua agerrarazten dugula ez ahazteko aholkuak, besteak beste.

 

Borroketan hamasei jokalari arituko dira elkarren aurka, zortziko bi taldetan. Alde bakoitzak bere basea dauka, eta guda irabazteko bi bide daude: aurkarien erabateko suntsipena edo aurkarien basearen jabe bilakatzea. Tyrren, akabatzen gaituztenean, ez gara berragertuko; borroka bakoitzean bizitza bakarra daukagu. Etsaien basea hartzeko zenbait denbora behar da, eta arinago lortzen da partaide bat baino gehiago aldi berean ekinean badaude.

Maul tanke mota astuna bultzada indartsuak egin eta arerioei kalte gehigarriak eragiteko gai da.

Hainbat tanke mota daude, hemeretzi inguru, hiru multzo handitan zehar barreiatuta: arinak, ertainak eta astunak. Multzo bakoitzean hainbat mota daude, eta, bakoitzak, bere jatorrizko ezaugarriez gain, abilezia propioa dauka. Hor hasten da jokoaren saltsa mamitzen... Zergatik dabil borroka-hegazkin bat gudazelaian? Ez al zen hau tanke-borroka jokoa? Ikarus tanke motak epe laburrez hegazkin bilakatzeko ahalmena dauka. Parallax tanke motak bere goialdea airean igoarazteko gai da, horrelako askok tankearen kroskoa muino baten atzean aparkatu eta kanoidun dorrea bertikalki jauziaraziz erasotzen aritzen dira.

Ikarus tanke mota arina epe labur batez hegazkin bihurtu eta hegaz egiteko gai da.

Etsaiak ikusarazteko sistemak, eta tiro ostean itxaron beharreko denborak erabakiak tentuz hartzera bultzatzen du jokalaria. Baita ondo apuntatzera ere, izan ere, tanke mota bakoitzak kolore ezberdineko koloredun eredua dauka kroskoan zehar. Kolpatutako eremuaren arabera kalte handiak eragin ditzakegu, edo bat ere ez. Horrez gain, egurtutako tankearen sistemetan ere jo dezakegu, mugimendu mekanismoa edo kanoia kaltetuz, kasu horietan, eragindako atalak denbora gehigarri bat behar du bere horretara itzultzeko.

Guda irabazteko bi bide daude: aurkarien erabateko suntsipena, edo aurkarien basearen jabe bilakatzea.

Estetika nire gustukoa da, gaur egungo aberastasunaren barruan aparteko ekarpenik egiten ez badu ere. Kasik arraro geratzen dira etorkizuneko itxura duten zenbait tankek paisaia berde ia fantastikoetan, baina hainbat gudazelai daude, eta berriak gehitzen ari dira. Tanke mota bakoitzak bere izaera dauka, eta, oro har, garatzaileek arima propiodun produktua opari-paperetan biltzen jakin izan dutela pentsatu nahi dut.

Parallax tanke mota ertaina bere kanoia gorantz jaurti eta muino atzetik tirokatzeko gai da.


Amaitzeko, hasiberri hutsa den baten ikusmira partekatu nahi dizuet. Jokoa nahiko krudela eta gupidagabea iruditu zait, baina zuhurtzia da biziraupenaren motorra. Lehen lerroan zoro moduan doazenak gogorki zigortzen ditu jokoak. Bakarrik ez joatea komeni da, tiro bakoitzaren ostean hainbat segundoko itxaronaldia dago berriz tiro egiteko eta. Bakarka joan daiteke, baina nonbaitetik kideen babesa edukiko duzula ondo neurtuta. Bestela, erasoa egin, eta aurkariek segada egiten badizute, azkar ezereztuko zaituzte, eraso erritmoa edukitzea berebizikoa baita.

Tyrren, akabatzen gaituztenean ez gara berragertuko; borroka bakoitzean bizitza bakarra.

Hainbat jokaldi jokatu ditut jada, hobetzen joan naiz, gehienetan jipoiak nozitzen jarraitzen badut ere. Alabaina, oraingoz lantzean behin beste jokaldi bat jokatzeko gogoa pizten zait. Hori dela eta, jokatzeko ordaintzearen beharrik ez dagoela jakinda, norbere kabuz zein lagunekin batuta aukera bat merezi dezakeen jokotzat daukat gaur egun.