Tiroketa estilotsuak - Ultrakill

Lander Unzueta | 2020/06/22 18:00 Artikuluak



“Devil May Quake”Ultrakillen sortzaileak era horretara laburbiltzen du bere bideojokoa. FPS zoro eta odoltsu honek bizirik jarraitzeko tiroka aritzeaz gain ahalik eta konbo luze eta ikusgarrienak lortzera bultzatzen du jokalaria.

Orain hilabete batzuk GmanLives youtuberraren bidez ezagutu nuen Ultrakill. Doom Eternalek zur eta lur utzi ondoren ez nuen uste parera helduko zen beste shooter bat aurkituko nuenik, epe motzean behintzat. Halere, Arsi “Hakita” Patala garatzailearen obra lehen aldiz ikusterakoan argi geratu zitzaidan joko berezi baten aurrean nengoela.

E3a ordezkatzeko asmoz sortutako dozenaka ekimen digitalen artean Ultrakillen irudi berriak ikusi ahal izan genituen. Horiekin batera, udan argitaratzekoa den tiro jokoaren iragarpentxo bat: Ultrakill Prelude deitutako demoa Steam eta itch.io saltokietan jaitsi daitekeela.

Gela txikiz osatutako bost misio -gehi leku sekretua-, hiru etsai nagusi eta bi arma. Hori da demoak eskaintzeko duena; ordu pare bateko froga bizipen izugarria da halere. Grafikoki ez da batere ikusgarria; Playstation 1eko shooterrak gogora ekartzen dituen atal grafikoa du Ultrakillek. Ezarpenetan pixelatzea murriztu eta estetika garbiagoa lortzea posiblea da PSXko grafikoen zaleak ez direnentzat.

Irristatu eta tiro egin

Kontrol eskema sinple zein ezaguna dugu Hakitaren lanean: mugitu eta jauzi egitearekin batera Doom berrian erabiltzeko dagoen antzeko dash bat eta lurretik ziztu bizian irristatzeko aukera dugu. Horiei oso erabilgarriak diren mugimendu pare bat gehitu behar zaizkie. Esaterako, hormekin egin daitekeen bigarren jauzia edota airean aurkitzen zarela etsaiei erasotzeko balio duen lurraren aurkako kolpea, Marioren ground pound ezaguna bezala. Azkenik, kolpe normala dugu; min gutxi egiten duen mugimendua da, baina arerioen tiroak itzuli ahal dira une zehatzean emandako kolpe batekin.

Mugimendu sorta horrekin kokalekuetatik hegan ariko gara. Irristatzea eta dasha erabiltzea benetan gozatzekoa da, etsaien erasoak saihesteko geletako zoko guztietatik abiada bizian ibilita. Mugikortasuna jokoaren izarretako bat bada ere, armategia bere parean dago. Demoan pistola eta eskopeta erabili ahal dira; bakoitzak bi tiro berezi desberdin ditu.

Pistolak kargatu beharreko tiro boteretsuagoa edukitzeaz gain, airean txanpona (lau jarraian) botatzeko aukera ematen du: txanponari tiro eginik, tiroak hurbilen daukan etsaiarentzat suntsitzailea izango da. Gero eta txanpon gehiago bota, gero eta kolpe boteretsuagoa bihurtzen da.

Kargatzeko tiroa da berriz eskopetak tiro alternatiboetako bat: pistolak ez bezala, eztanda txiki bat eragiten dute tiro kargatuek. Bigarren tiro motarekin eskopetaren indarra areagotzeko aukera dugu; indar gehiegi ematen badiogu, baina, gure pertsonaia zauritzeko arriskua dago.

Izan ere, tiroketak zauritu gabe bukatzea oso zaila izango da. Bizi barra betetzeko Ultrakillek mekanika interesgarri zein arriskutsu bat proposatzen du: arerioei tiro egindakoan botatzen duten odolean bustitzea.

Sarraski estilodunak

Mugikortasuna eta armek eskainitako aukerak batzen ikasterakoan hasten da bideojokoa bere une onenak erakusten. Ohiko tiroketak izango zirenak sarraski ikusgarrietan bihurtzen dira; erabaki azkarrak hartzera derrigortzen diote jokalariari, uneoro mugituz etsaiak akatzeko modu desberdinak bilatzeko moduak aurkitu beharko ditugu-eta, aldi berean bizitza berreskuratzeko horiengana hurbiltzeaz gain.

Jarrera irudimentsu hori sustatzeko Devil May Cryen zatitxo hori dugu: Capcomen hack and slashean gertatu modura, etsaiei erasotzen goazela gure “estiloaren” kontagailua ikusiko dugu. Arma desberdinek, eraso bereziek, burura emandako tiroek, geletako tranpek eta edozein motatako tiro ikusgarriek gure puntuazioa ordezkatzen duen kontagailu hori handitzera eramango dute. Maila bakoitza amaitzerakoan parte hartu dugun tiroketa guztietako puntuazioa batu eta azken nota bat jarriko digute; gero eta puntu gehiago lortu, arma berriak erosteko diru gehiago edukiko dugu.

Guzti horrek behin eta berriz jokatzera eramango gaitu. Ordu gutxi batzutara arerioak airean jaurti eta txanpon bati tiro egindako erreboteari esker lurra berriz ukitu aurretik hilko ditugu, bidez batez bota duten odolarekin zauriak sendatuz. Shooter zaila da Ultrakill, baina jokatzen ikasten duenak gozatuz bukatuko du.

Hakita garatzen ari den lana azken hilabeteetan ikusi izan dugun shooter bizkorren errege bihur daiteke. Ultrakillek behin eta berriz errepikatzekoak diren tiroketak eskaintzen ditu; Doom berriez gozatu baduzu FPS berri hau gustuko izango duzu. Demoak erakutsitakoa baino askoz elementu gehiago gehituko ditu Hakitak azken bertsioan; ziur nago berriz itzuliko naizela demora joko osoa argitaratu arte itxaroten dudan bitartean.

Game Erauntsia facebook


Iruzkinak

Mesedez, sartu iruzkina utzi ahal izateko.

181
Kide

3
Jolasten

51
Online

Azken erantzunak

Iker Ibarguren May 22, 2020, 2:16 p.m.

Puuuuuuufffffa! zenbat gozatu (eta sufritu!!) nuen joko honekin.... Artikulu bikaina Lander!!
Lordraneko erreinutik galduta - Dark Souls gogora…

Lander Unzueta April 25, 2020, 2:21 p.m.

Ez dute preziorik aipatu, beraz ez dut uste doakoa izango denik jatorrizko jokoa free to play bezala kaleratu zuten arren...
Trackmania berria uztailaren 1ean argitaratuko du…

Erredakzioa April 4, 2020, 8:33 p.m.

Kaixo, zaila da plataforma guztientzat zerbait egitea. Txapelketa hau egiteko play station proposatu genuen, ustez FIFA20 salmenta gehiena plataforma…
Game Erauntsiak eta Gu ere Baik FIFA20 Euskal Lig…