Batzuetan, bideojokoen industriaren zabortegian halako loreak topatzen dira. Hunkitzen zaituen zerbait, besteokin partekatzea merezi duena. Eta Wednesdays (Asteazkenak) bideojokoa horrelako harribitxia da, The Pixel Hunt garatzaile paristarrak sortua, eta ARTE Francek iaz argitaratua Steam eta Android gailuetan.
Zertan datza?
Wednesdaysen indarra jorratzen duen gaian eta narratiban datza. Horrelako joko asko dago eta, gutxi gorabehera, badakizue horietaz zer espero daitekeen: jostagarritasunerako aukera gutxi, arratsalde batean amaitzen den esperientzia eta, askotan, hausnarketarako bide diren kontakizunak. Kasu askotan, nahiko handinahiak izaten dira; ez honetan, ordea.

Izan ere, Wednesdaysek lortu nahi duen horretan bete-betean asmatzen du, istorioak oso gai gogorra jorratzen duen arren: familia barruko sexu-abusuak, alegia. Baina ez modu morboso, ezkor edo desatseginean. Egoerari inolako ankerkeriarik kendu gabe, narratibak itxaropentsu izaten ere badaki, gaiarekiko elegantea eta, hori gutxi balitz, norbanakoaren hausnarketarako bide ere ematen du.
Nola jokatzen da?
Jokoa bera nahiko sinplea da. Protagonista Timothée da, 40 urte inguruko gizon bat. Hasieran, ikusten dugu nola Timothéek txikitako joko bat bere ordenagailuan kargatzen duen, eta guk geuk kontrolatuko dugu joko hori. Theme Park estilokokoa da, Orco Park izenekoa. Helburua maskorrak biltzea da, horiekin atrakzioak ordaindu ahal izateko. Behin eraikita, atrakzio bakoitzak Timothéeren bizitzaren oroitzapen bat erakutsiko digu, eta guztiek nobela bisual estiloko eszena bat erreproduzitzen duen arren, batzuetan jostagarritasuna pittin bat aldatzen da: The Sims estiloko elkarrizketak, Zeldaren moduko ziegen deskribapen interaktiboak...
Izan ere, Wednesdaysek lortu nahi duen horretan bete-betean asmatzen du, istorioak oso gai gogorra jorratzen duen arren: familia barruko sexu-abusuak, alegia.
Oroitzapenak ez daude ordena kronologikoan, eta bakar batean salbu, horietan ez dugu Timothée zuzenean kontrolatuko. Horren ordez, bere bizitzako pertsonarik inportanteenek bizitzako momentu gakoetan zer esaten duten erabaki ahalko dugu. Aukera ezberdinek ez dute, berez, istorioa aldatuko, baina beti da interesgarria ikustea nola erreakzionatzen duten Thimothék berak eta bere hurbilekoek esaldi bat edo beste hautatzen dugunean.
Hainbat eszena oso gogorrak izan daitezke (ez ahaztu adin txikiko bati egindako sexu-abusuez ari garela), baina erasoak ez dira inoiz esplizituki erakusten, eta horrelako bat etorriko bada, jokoak berak abisatzen digu harridura ikurrekin (zenbat eta harridura ikur gehiago, orduan eta gogorragoa izango da eszena).
Azkenean, bi/hiru ordu pasata, jokoak orainaldira eramango gaitu, azken eszenara. Eta spoilerretan sartu gabe, hemen jokalariaren esku geratuko da istorioaren amaiera. Thimothéren bizitzaren lekukoa izanda, jokalariak nola nahi izango du honek jokatzea? Iheskor? Amorruz? Induljentziaz? Jokalariak aukeratzen duena aukeratzen duela, istorioak berdin amaituko du; baina ez, ordea, jokalariari utziko dion aztarna.
Azken kontuak
Wednesdays honek oso ondo egiten du bere buruari proposatzen diona. Ongi idatzita dago, Orco Parkek hasiera batean ematen duena baino mami gehiago dauka, eta istorioa hausnarketarako bide polita ere bada. Gainera, kredituak amaitutakoan jokoak eskaintzen digun eszena gehigarria oso argigarri eta originala da. Bai, lorpen sistemaren bat izan lezake. Baina horren faltan ere, jokoak bere azken lorpena ederki erdiesten du: familia barruko sexu-abusuei buruz taburik gabe hitz egitea, eta, aldi berean, kontzientziazioa sortzea.

I. Iñaki Lantxo
Iruzkinak