Foroa Retro: NES - Nintendo Entertainment System

Game Erauntsia Retro NES - Nintendo Entertainment System

NES-ari buruzko hitz egiteko gaia.

Xabier Calvo
Game Erauntsiako Kidea2014/11/04 00:17 25

# NES - Nintendo Entertainment System

Kaixo,

Retro sistemekin hasteko Nintendo-ren lehen kontsolaz hitz egingo dut, NES famatua (denok Nintendo bezala ezaguzen genuena bere garaian).

SARRERA

Nintendo-k lehen aldiz Japonian estreinatu zuen 1983-ko udan Famicom (Family Computer) izenarekin. Ondoren AEB-an atera zuten 1985 urtean zehar NES (Nintendo Entertainment System) izenarekin. Europara 1986. Urtean heldu zen, baina Euskal Herrira 1987. urtearen amaiera arte ez zen heldu. Izugarria da, Japonian estreinatu zenetik guregana heldu zenerarte 4 urte pasa ziren. Gaur egun pentsaezina litzateke adibidez PS4 bat Japonian estreinatu eta 4 urte pasa oste-arte guregana ez heltzea.

 

NES

 

          - Egilea: Nintendo

          - Jokoak: 800 inguru izan zituen
 
             - Prezio orijinala: Saltzen hasi zenean 30.000 pezeta inguruan saldu zen, gaur egungo 180€ gutxi gora behera
 
             - Salmentak: Mundu osoan zehan 62 milio kontsola


JOKOAK

Joko ezagun ugari izan zituen, baina ezagunena Super Mario Bros izan zen, mundu guztian zehar 40 milioi kopia saldu zituzten.

Super Mario Bros  Super Mario Bros - Gameplay

Hala ere, joko oso onak izan zituen: Super Mario Bros 1,2 eta 3, The Legend of Zelda 1 eta 2, Contra, MegaMan saga, Castlevania, Metroid, Punch Out, Double Dragon saga, Ninja gaiden saga…

Esandako joko denak gustuko baditut ere, nire kutunena beti Double Dragon II: The Revenge izan da. Behin eta berriz jokatzeko modukoa iruditzen zait. Beat’em Up-ak gustuko badituzue emaiozue aukera bat.

 Double Dragon 2 Double Dragon 2 - Gameplay

 

HERRIALDE BLOKEOA

Badakizue Nintendo-k historikoki bere kontsolei herrialde blokeoa jarri izan diela. Hau da, orokorrean hiru sistema ezberdin egin ohi dituzte, NTSC-J (Japoniako bertsioa), NTSC-U (AEB-takoa) eta PAL (Europa, Australia…). NES-aren kasuan PAL sistema bi zatitan banatu zuten: PAL-A (Ingalaterra, Irlanda, Italia) eta PAL-B (Europako beste herrialdeak). Bada, herrialde blokeoarekin ezin daiteke adibidez, Ingalaterran joko bat erosi eta Euskal Herrian erositako NES baten jokatu, ezta alderantziz ere.

Blokeoa lizentziamendu eta lokalizazio atzerapenak direla eta egin ohi dituzte.

Nintendo-ren mahai-gaineko kontsola denek dute blokeo hau, eta eramangarrien kasuan Nintendo DSi-rarte ez dute izan.

NES-aren kasuan herrialde blokeo hau existitzen da. Funtzionamendu kuriosoa du. Kontsolek eta jokoek CIC izeneko txip bat daramate (Sistema PAL,NTSC…. bakoitzean ezberdina). Txip honek bi egoera ditu, giltza edo sarraila. Ezberdintasun hau txip-aren 4. Hankatxoak duen tentsioaren araberakoa da: +5V sarraila, 0V giltza. Kontsolak sarraila gisa daude konfiguratuta eta jokuak giltza bezala. NES-a piztean CPU eta PPU-a reset egoeran mantentzen ditu CIC txipak (hau da, berrabiarazi egiten dira behin eta berriz), eta jokoaren eta kontsolaren txipak (giltza eta sarraila) negoziazio bat hasten dute. Herrialde berekoak badira “ulertu” egingo dute elkar eta reset egoeratik irtengo da kontsola, jokoa martxan ipiniz. Ez badute elkar “ulertzen” reset egoeran mantenduko da eta ezin izango da jokatu.

 

Niri ere gertatu zitzaidan hori, AEB-etatik The Simpsons-en jokoa ekarri zidaten, eta jokoaren hasiera pantaila ikusten zen, baina behin eta berriz berrabiarazten zen kontsola.

 

NOLA KENDU BLOKEOA

Badago blokeo hau kentzeko modu oso erraz bat. Txip-ak beti sarraila-giltza bikote bezala konektatzen dira. Baina zer gertatuko litzateke, giltza-giltza edo sarraila-sarraila konektatuko bezala konektatuko bagenitu? Itxuraz, Nintendo-ren patenteetan, diote egoera horiek ez direla egonkorrak eta ondorioz ez dela ezer egin behar. Beraz, hori lortuko bagenu, Txip-ak ez lukete ezer egingo eta ondorioz ez lukete reset egoeran egotera behartuko kontsola.

Hau ondo erraza da, lehen esan dudan bezala, CIC txip-aren 4. Hankatxoak duen tentsioaren araberakoa da sarraila edo giltza izatea. Jokoak beti giltza egoeran datozenez, guri kontsola giltza egoeran jartzea komeni zaigu. Horretarako, 4. Hankatxo hori moztu eta lurrera konektatzea besterik ez dugu, +5V izatetik 0V izatera pasako da, eta giltza izatera pasako da (moztuta soilik utzita ere berdin funtzionatzen du). Modu honetan edozein joku sartuta, berdin da Japoniakoa, AEB-koa edo PAL-A gunekoa, funtzionatu egingo du.

 ----------------------------------


Nik izan dudan lehen kontsola NES-a da. Ez dakit horregatik den, baina bereziki gustatzen zaidan kontsola da. Gaur egun martxan daukat, eta telebistara konektatuta dut noizean behin partidatxo bat jokatzeko. Jokoak behin da berriz jokatu daitezkeela uste dut.

Zuek ba al duzue NES-ik? Jokatzen al duzue? Ze joko dituzue eta zeintzuk dituzue gustokoen?


Ondo segi denok!!!

 

 



Urtzi Odriozola
Game Erauntsiako Kidea2014/11/04 09:34 50

# Re: NES - Nintendo Entertainment System

Kaixo!! Oso oso interesgarria da post hau!! Zure baimenarekin forotik hartu eta blog sarrera bat sortuko dut!!


Arazoren bat badago lasai esan! Mila esker! :D



Xabier Calvo
Game Erauntsiako Kidea2014/11/04 22:04 25

# Re: NES - Nintendo Entertainment System

Lasai, inongo arazorik ez!
Mila esker zuri.