Bestelako zerbitzuak eta aholkuak

Ikusi duzuen bezala, bideojokoak arrotz aurkitzen dituztenek badituzte hauek pixkanaka ezagutzen joateko baliabideak eta tresnak.

Game Erauntsia Elkartetik aldentzen bagara ere, euskaraz laguntza jasotzeko bideak ditugu. Adibidez, Unai Arrugaeta Lehen Hezkuntzako irakasleak abiatutako Bideojokoak.info web orrialdea oso interesgarria da zalantzak argitzeko.

PEGI sistemari buruzko oharrez gain, bideojoko ezagunen informazioa, gurasoentzako segurtasun aholkuak eta bestelako gomendioak prestatu ditu Arrugaetak.

Igor Gaminde hezitzaileak Jokoteknia Euskal Bideojoko Jardunaldian eskainitako "E-jokoak familian. Talde eta norbanakoentzako onurak" hitzaldia ere ikusi beharrekoa da. Bertan bideojokoen onurak eta hauen erabilera osasuntsua bermatzeko aholkuak zerrendatu zituen.

Ingelesez, Common Sense Media bezalako proiektuak nabarmentzekoak dira. Euren webgunean denetariko produktuen analisiak eta iritziak aurki ditzakegu, bideojokoak barne, bai gurasoei zuzenduta, bai hezitzaileei.

Joko bakoitzean aurkituko ditugun eduki motak zerrendatzeaz gain, hauetan azal daitezkeen mezu zein rol positiboak, hizkuntza mota eta zailtasun maila aztertzen dituzte fitxa berezietan. Ez hori bakarrik: edozein erabiltzailek bere analisia argitara dezake, gurasoen iritzia zein beren haurrena desberdintzeko aukerarekin. Benetan interesgarria.