Triku urdinaren lau joko klasikoentzako era guztietako ezaugarriak eta hobekuntza teknikoak prestatu dituzte. PC-an zein kontsoletan jokatu ahalko da.

Segakoen maskota maitatuaren joko berria bihar estreinatuko da: Sonic Originsek triku urdinaren titulu klasikoak zaharberrituko ditu egungo kontsoletarako eta ordenagailuetarako. Hainbat berritasun interesgarri dakartzanez, horien berri emateko bideo sakona prestatu dute japoniarrek.

Sonic the Hedgehog, Sonic the Hedgehog 2, Sonic the Hedgehog 3 & Knuckles eta Sonic CD bilduma bakarrean batuko ditu Originsek. Lau obra klasikoen atal teknikoa eraberritu egingo dute: definizio handiko grafikoak prestatu dituzte jokoontzat.

Joko mota berriak ere badatoz. Lau nabarmentzen dituzte: Anniversary Mode, Classic Mode, Boss Rush eta Mirror Mode. Hauek aipatutako joko guztietan goza daitezke.

Lehenik eta behin, Anniversary Modek 16:9 irudi formatuan jokatzea ahalbidetuko du. Bildumako titulu batzuek aurretik hau jaso izan badute ere, Sonic 3 & Knuckles maitatua era honetara jokatu ahalko den lehen aldia izango dela azpimarratu dute arduradunek. Gainera, joko mota honetan ez da bizitzarik gabe geratzeko aukerarik egongo: ez dugu Game Over pantailarik ikusiko.

Bigarrenik, Classic Modek, izenak dioen bezala, titulu originaletako esperientzia bizitzeko aukera eskaini nahi du. 4:3 irudi formatua eta bizitza mugatuak proposatuko ditu, beraz.

Story Mode joko mota ere aipatzen da bideoan. Lau jokoak elkartuko dituen ezaugarria da: titulu bat bukatzerakoan hurrengoa automatikoki hasiko da; are gehiago, istorioa batzeko animazio bideo berriak prestatu dituzte Segakoek. Hori bai, Sonic CDren ikus-entzunezko maitatuak mantentzeko aukera ere nabarmendu dute.

Hirugarrenik, Boss Rush joko motaren funtzionamendua ere nahiko argia da: joko bakoitzeko etsai nagusiak bata bestearen atzetik garaitzea proposatuko digu. Adituei zuzendutako ezaugarria izango da.

Mission Mode da beste berritasunetako bat. Joko mota honetan erronka txiki desberdinak proposatuko dizkigute: etsai kopuru bat akatzea, atal bat ahalik eta azkarren gainditzea…

Bukatzeko, Mirror Mode deitutakoak joko guztiak alderantzikatuko ditu. Lasterketa jokoetan gertatu ohi den antzera, jokagarritasunari gatza eta piperra emateko balioko duen ezaugarria da.

Txanponak ere aipatu beharra dago. Originsek jasoko duen ezaugarri berri hau helburu desberdinetarako baliagarria izango da. Alde batetik, joko guztietako maila berezietan porrot eginez gero, hauek errepikatzeko aukera eskainiko digute —zeinen ondo etorriko zen hau orain 30 urte!—. Bestetik Originsen museoan ezaugarri desberdinak desblokeatzeko balioko dute: irudiak, musika eta bideoak aipatzen dituzte japoniarrek.

Esan bezala, oso gutxi falta da Sonic Origins estreinatzeko: bihar bertan helduko da PC, PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One eta Nintendo Switch plataformetara.