2020an estreinatu zen PlayStation 4an prentsa zein zaleak maitemintzea lortuta: 500.000 ale baino gehiago saldu ditu Vanillaware estudioaren jokoak.

Kaleratu arte ezer gutxi entzuten zen 13 Sentinels Aegis Rimi buruz: Vanillaware eta Atlus estudioek 2015ean iragarri zuten zientzia fikziozko bideo-jokoa; hainbat atzerapen jasan ondoren iazko irailean estreinatu zuten azkenik, sekulako arrakasta lortuta. Orain, plataforma gehiagotara iritsiko da: trailer batekin baieztatu dutenez, apirilaren 12tik aurrera Nintendo Switcheko erabiltzaileek jokatzeko aukera edukiko dute.

Kalitate handiko sprite-ekin egindako akziozko abentura da 13 Sentinels. Istorioak berebiziko garrantzia izango du bertan; izan ere, denboran egin beharreko bidaiek eta hamahiru protagonistek egoera desberdinak biziko dituzte, baina jazoera hauek elkarri lotuta egongo dira.

Hizketaldiak izango dira nagusi jokoan, eleberri bisualen tankera hartuta, baina borroka estrategikoentzako lekua egongo da baita ere: robot edo mecha erraldoiak kontrolatuko dituzte jokalariek horietan.

Hainbat sari garrantzitsu lortu zituen 2020an Vanillawaren lanak; hori horrela, 500.000 ale baino gehiago saldu dituztela adierazi dute garatzaileek: zifra bikaina genero honetako joko batentzat. Are gehiago, hasiera batean salmenta eskasak lortu zituzten, George Kamitani zuzendaria atsekabetuta agertuta. Switcheko bertsioarekin zifra hori nabarmen haztea espero da, noski.

13 Sentinels Aegis Rim apirilaren 12an estreinatuko da Switchean; dagoeneko PlayStation 4an joka daiteke.