Bilboko Udalak eta Euskaltzaleen Topaguneak prestatutako Rocket League lehiaketa da. Bilboko gazteen artean euskara sustatzea da ekimenaren helburua.

Rocket Leaguen iaioenak diren gazte eta nerabe bilbotarrak bilduko dira larunbat honetan, maiatzaren 21ean, Bilborocken 2. Klikazank txapelketaren irabazlea nor den erabakitzeko. Orain egun batzuk jokatutako lehen fasean finalistak sailkatu ondoren, aurre aurre topo egingo dute azken norgehiagokak bizitzeko.

11:30ean emango diote hasiera Bilboko Udalak eta Euskaltzaleen Topaguneak bigarrenez antolatutako egitasmo honi. Sulick, Oro, Kilikis_Official eta New_deihox09 jokalariek finalerdiak lehiatuko dituzte lehenengo: zozketa bidez antolatuko dira lehen lehia horiek. Ondoren, final handia jokatzeari ekingo diote partida horietako irabazleek.

Ohi bezala, Soccar joko mota klasikoan jokatuko dira partidak; hau da, kotxeak gidatuta futbolean ariko dira jokalariak, turboak erabilita bizkorrago ibiltzeko nahiz zelaitik zehar hegan egiteko. Norgehiagoka bakoitzak bost minutuko iraupena edukiko du. Oraingoan, hiru partidatik onena izatea lortzen duenak eskuratuko du garaipena.

Bilboko Rocket League jokalaririk iaioena izendatzeaz gain finalera iristen direnentzako sari interesgarriak eskainiko dituzte antolatzaileek: txapeldunak 150 euroko opari txartela irabaziko du bideojokoak erosi ahal izateko. Kodea nahi duen plataformarako izango da (Nintendo eShop, PlayStation Store, Steam, etab.). Bigarren sailkatuak, berriz, 50 euroko opari txartela eskuratuko du.

 

Sarean zuzenean

Fase finala Bilborocken bertan bizitzeko aukera izateaz gain, online jarraitzeko aukera ere eskainiko du Game Erauntsiak: euskal bideojokozaleen Twitch kanaletik emango ditugu partidak. Gure esatariak Bilborocken egongo dira jokaldi ikusgarrienen jarraipena egiten eta golik harrigarrienak ospatzen giro ederrean.

Klikazank Bilboko Udalak eta Euskaltzaleen Topaguneak Harrapazank gazteentzako euskarazko aisialdi programaren baitan kokatzen den ekimena da. Honen helburu nagusia Bilboko gazteen artean euskara sustatzea da; horretarako, gazteentzako erakargarriak diren aisialdirako askotariko aukerak batzen ditu Harrapazankek.