Bideojoko egile, artista, ekoizle, zuzendari eta jokalarien topagunea den Fun & Serious jaialdiak 2016ko edizioko datak zehaztu ditu dagoeneko: azaroaren 24tik 28ra.

Aurtengo nobedadeen artean Games Industry Forum-a dago; bideojokoen Industrian aritzen direnei zuzendutako mahai-inguru, hitzaldi eta eztabaida-gune multzoa. Edizio honetako VIT talks mintzaldietan jorratuko den gaietako bat Errealitate Birtuala izango da, Big Data eta wereable berriez gainera. Bestalde, aurtengo estatu gonbidatua Erresuma Batua da, Industriaren potentzietako bat eta Rocksteady, Rockstar North edo Criterion enpresen egoitza.

Guretzat, jokalarientzat, bereziki zuzenduta Fun Zone-a daukagu. Espazio honetan nobedadeak probatzeko aukera izango dugu, hitzaldietara joan eta e-Sports-en profesionalak eta taldeak auditorietan jokatzen ikusi.

Festibala Bilbon egiten da 2011. urtetik, eta antolatzaileen esanetan “bere eginkizuna bada bideo-jokoen aritzen den jendearen lana aintzatestea eta bultzatzea; horretaz gain hitzaldiak, mahai-inguruak, networking eta enpresetarako nahiz publikoarentzako jarduerak barne hartzen dituen programa oso baten bidez”.

Game Erauntsia bertan egon zen aurreko urteetan, eta aurten errepikatzeko intentzioa dugu. Hona hemen 2014. urtean gure kidea Iker Bellidok egindako kronika batzuk: 1. eguna, 2. eguna.

Webgune ofizialak euskarazko bertsioa dauka; haatik, gaztelerazkoa ez bezala, honek ez ditu eduki guztiak eguneratuak.