Game Boy, Game Boy Advance, Atari Lynx, Neo Geo Pocket Color eta Sega Game Gearreko kartutxoak erabili daitezke Analoguen kontsolan.

Hainbat atzerapen jasan ondoren, Analogue enpresaren kontsola eramangarri berriak badu kaleratze data. 2021eko maiatzean eskuragarri egongo dela zehaztu dute Analogue Pocketen arduradunek.

Kontsola 199,99 dolarretan salduko da; bi koloretan eskuratu ahalko da, zurian eta beltzean. 3,5 hazbeteko LED pantaila du: 1600 x 1440 pixeleko eta 615 ppi-ko bereizmena dauka. Jatorrizko Game Boyak 160 x 144ko bereizmena zuen.

Estereo bozgorailuak, MicroSD txartelentzako sarrera, berriz kargatzeko bateria eta USB-C sarrera erabiliko ditu kontsolak.

Analogue Pocketa ez da emulazioaren bitartez funtzionatzen ariko den produktua. Game Boy, Game Boy Color eta Game Boy Advanceko kartutxoekin jokatu ahalko da kontsolan.

Nintendoren kontsola eramangarrietako harago doaz, baina. Kartutxoentzako egokigailu berezi batzuk erabilita Atari Lynx, Neo Geo Pocket Color eta Sega Game Gearreko jokoak ere erabili daitezke Analogue Pocketean.

Egokigailuez gain Nintendo Switchak duen dockaren antzeko gailua eros daiteke. Horrekin HDMI sarrera bidez monitoreetara konektatu, edota USB aginteak erabili ahalko dira.

Jokatzeko baino gehiago

Bideojokoak eta musika sortzeko tresnak gehituko dizkiote Pocketari. GBStudioren bitartez sortutako jokoak zuzenean exekutatu ahalko dira kontsolan, eta Nanoloop aplikazioarekin “musika sortu eta zuzenekoak eskaini” ahalko direla agindu dute arduradunek.

2021ean estreinatuko bada ere, Analogue Pocketaren erreserbak abuztuaren 3an hasiko dituztela azaldu dute. Informazio gehiago nahi izanez gero, datu guztiak Analoguen webgunean ezagutu daitezke.