Eguberriak agurtu, eta urtea ondo hasteko bideojoko berriei helduko diegu. Aurten jasoko ditugun —eta jasotzeko itxaropena dugun— bideojokoak errepasatuz hasiko gara. Ez da lan erraza: hilabete guztiak argitalpen indartsuekin datoz.

Alabaina, 2025ean askotariko obra interesgarriak iritsiko direla aurreikusita dago: ohi bezala, enpresa handiek merkaturatze berriak zein birmasterizazioen nahiz berregiteen zaparrada ekarriko digute. Indie garatzaileek, azken urteetan egin modura, harritzen jarraituko dute, obra komertzialik handienengatik urruntzen diren titulu bereziekin.

Urteko merkaturatzerik esanguratsuena ez da bideojokoena izango, halere: nahiko argi daukagu Nintendo-ren kontsola berria ere datozen hilabeteotan kaleratuko dela.

Zer espero dezakegu, beraz?

 

Urtarrileko estreinaldiak

Aurtengo urtarrilarekin hasiko gara, gogor baitator, genero guztietako zaleentzako argitalpen erakargarriekin.

Urteko lehen estreinaldi handia aski ezaguna da jadanik PCan zein gailu mugikorretan: Wuthering Waves mundu irekiko gacha jokoa 2.0 bertsiora iritsi da, denetariko berritasunak gehituta. Are gehiago, PlayStation 5 kontsolako bertsioa ere kaleratu zuten urtarrilaren 2an Kuro Games taldekoek.

Hyper Light Breaker-ek aurretiazko sarbideari hasiera emango dio urtarrilaren 14an. Hyper Light Drifter sarituaren unibertsoan kokatutako roguelike abentura multijokalarira bideratuta egongo da: hainbat pertsonaia mota desberdinen artean hautatuko dugu, jokagarritasun mekanikak aldatuz.

Nintendo handiaren urteko lehen jokoa —bigarren aldiz egindako— birmasterizazioa dugu. Jatorriz Wii kontsolan estreinatutako Donkey Kong Country Returns apartaren HD bertsioa dator Switch hibridora urtarrilaren 16an: 3DS eramangarriko bertsiorako prestatutako berrikuntzekin jokatuko dugu bereizmen handian.

Assetto Corsa EVO helduko da egun berean: Kunos Simulazioni taldearen lasterketa jokoa urtarrilaren 16an kaleratuko da ordenagailuetan, oraingoan mundu irekia proposatuz.

Bataila erraldoiekin jarraituko dugu, generoz zeharo aldatuta, Dynasty Warriors: Origins-ekin. Koei Tecmo japoniarraren musou saga mitikoak itxura ederrarekin jarraituko du urtarrilaren 17an PlayStation 5, Xbox Series eta PC plataformetan: milaka arerio akatuko ditugu txinatar kondairen munduan murgilduz.

PCkoekin jarraitzen dugu, azken fantasiaren atalik berriena jasoko baitute: Final Fantasy VII mitikoaren berregitearen bigarren atala, Rebirth, urtarrilaren 23an dator ordenagailuetara. ARPG jokoa aurkituko dugu remake-an; iaz estreinatu zen PS5ean, balorazio ikaragarriak eskuratuta.

Tira, ordenagailuko jokalarientzako argitalpen gehiago: Virtua Fighter 5 R.E.V.O. borroka joko eraberritua ikusiko dute urtarrilaren 28an. Lehen hilabetearekin bukatzeko, Marvel’s Spider-Man 2 indartsua iritsiko da urtarrilaren 30ean PCra.

 

2025eko bideojoko handienak

Laster jasoko ditugunak interesgarriak dira, bai, baina are kitzikagarriagoa da 2025ean helduko zaizkigun estreinaldi handiei begira jartzea.

Otsaila, adibidez, erotzekoa izango da. Monster Hunter Wilds (otsailak 28) urteko jokorik handienetakoa izango da, inolako zalantzarik gabe, baina aurretik Kingdom Come: Deliverance II (otsailak 4), Sid Meier’s Civilization VII (otsailak 11), Assassin’s Creed Shadows (otsailak 14), Avowed (otsailak 18), Like a Dragon: Pirate Yakuza in Hawaii (otsailak 21), Yu-Gi-Oh Early Days Collection (otsailak 27) hartuko ditugu, besteak beste. Joko luzeak, guztiak… ez dakigu nondik aterako dugun guztietan jokatzeko astia.

Martxoa beroa izango da, baita. Orain aste batzuk ezagutu genuen Split Fiction (martxoak 6) itxurosoarekin hasiko dugu, baina egun berean JRPG zaleek Suikoden I & II HD Remaster (martxoak 6) birmasterizazioa jasoko dute. Ondoren, Xenoblade Chronicles X: Definitive Edition (martxoak 20), Bleach: Rebirth of Souls (martxoak 21), Atomfall, The First Berserker: Khazan eta Hitman World of Assassination-en PS VR2 bertsioa (martxoak 27) helduko dira.

Data zehatzik gabe, baina martxorako aurreikusita daude baita Killing Floor III, Judas, Football Manager 25 eta Commandos: Origins. Bestalde, Vampire: The Masquerade – Bloodlines 2, The Alters edo Dune: Awakening lehenengo hiruhilekoan ikustea espero dugu, baina auskalo.

Bigarren hiruhilekoaren hasieran The Last of Us Part 2 (apirilak 3) saritua iritsiko da PCra —baita telesailaren denboraldi berria estreinatu ere—; gainera, borroka jokoen zaleek Fatal Fury: City of the Wolves (apirilak 23) probatuko dute.

Urtearekin aurrera goaz, eremu ezezagunetan barneratuz; izan ere, 2025erako aurreikusita dauden, baina oraindik datarik gabe dabiltzan altxor ugari ditugu. Handiena Grand Theft Auto VI da, noski: Rockstar Games-en joko erraldoiak ezkutuan jarraitzen du, 2023tik informaziorik argitaratu gabe, baina negua iritsi aurretik estreinatuko dutela diote estatubatuarrek.

AAA jokoen zaparradarekin jarraitezn dugu, ordea. Nintendok bi hordago botako ditu: Metroid Prime 4: Beyond eta Pokemon Legends: Z-A jasoko ditugu N handiaren eskutik… Switcherako, baieztatuta daudenez, baina ez dira egungo kontsolarako bakarrik izango, ziurrenik.

PlayStation kontsolek ere esklusibo handiak dituzte aurreikusita. Hideo Kojima zuzendariaren Death Stranding 2: On the Beach dugu bat, baita Ghost of Yotei interesgarria ere. Gainera, iaz estreinatutako Indiana Jones and the Great Circle PS5ean ikusiko dugu aurten.

Xbox-ekoak ez dute joko esklusiboen alde egiten jarraitzeko asmo handirik, baina 2025ean Fable berria zein South of Midnight kaleratzeko asmoa daukate PCan zein Xbox kontsoletan. Microsoft-en jokorik handiena, baina, DOOM: The Dark Ages dugu; PS5era eramateko asmoa ere badago.

Zer gehiago? Elden Ring Nightreign abentura kooperatiboa datozen hilabeteotan helduko da; gauza bera, Borderlands 4rekin; Wuchang: Fallen Feathers txinatarrak ikaragarrizko itxura dauka; RPG zaleek Clair Obscur: Expedition 33 jarraitu behar dute; bukatzeko, Capcom Fighting Collection 2 borroka jokoen bilduma ere ikusiko dugu.

Konami enpresa japoniarrarekin amaituko dugu: Metal Gear Solid Δ: Snake Eater berregiteak ez dauka argitaratze datarik oraindik, baina ea 2025ean jasotzerik dugun.

 

Indie altxorrak

Guztiori gustatzen zaigu AAA jokoez gozatzea, baina obra independenteekin zur eta lur geratzea bilatzen dugu, gainera. Indarra hartzen jarraitzen dute; egia esan, 2024ko jokorik onenetakoak indieak izan ziren, eta aurten ere badugu zer jarraitu.

Baten batzuk aipatu ditugu, izan ere, handienen artean kokatuz. Halere, Slay the Spire 2 edo Deltarune-n 3. eta 4. atalen zain gabiltzala aitortu beharra daukagu. Hades 2 sarbide goiztiarrean jokatzen ibili gara, baina aurten behin betiko bertsioa iristea espero dugu, kontsoletako port-ekin batera.

Horiekin batera, Wanderstop, Skate Story, Morsels edo Citizen Sleeper 2: Starward Vector bezalako jokoei buruz gehiago jakiteko irrikan gaude. Eta, beti bezala, Hollow Knight: Silksong-ek bihotza apurtzeko zain.

‘Super’ Nintendo Switch

Ikusi duzuen modura, bideojoko erraldoien zein txikien sorta ederra dator… eta, halere, urteko bideojokoen merkaturatzerik handiena beste bat izango da.

Industria guztiak Nintendok Switcharen oinordekoa iragartzeko zain jarraitzen du, eta laster ezagutuko dugu: 2025eko lehen hiruhilekoan aurkeztuko dute ofizialki. Sarean denetarik ikusi dugu azken hilabeteotan, hori bai: zehaztapenak, hardwarearen itxura, ezaugarriak eta gehiago filtratu dira dagoeneko.

Nintendok, bere aldetik, ezaugarri pozgarria baieztatu du: Shuntaro Furukawa presidenteak Switcheko jokoekiko retrobateragarritasuna bermatuta dagoela adierazi zuen orain aste batzuk. Zehazki nola funtzionatuko duen ezagutzea geratzen zaigu, baina belaunaldi berrira jauzia emateko gogoak piztuko ditu Switcharen jokalarien artean.