Birmasterizazioen eta port-en aldetik, Metal Gear Solid Collection Vol. 2, Elden Ring – Tarnished Edition edo The Elder Scrolls IV: Oblivion Remastered ikusiko ditugu.
Abuztua ez da, historikoki, bideojokoentzako hilabeterik indartsuena izan. Enpresa handiek estreinaldiak uda osteko hilabeteetarako utzi ohi dituzte, gabonetako kanpainarako prestatuz. Egoera hori pixkanaka aldatuz joan da: azken urteotan, abuztuak denetariko kaleratzeak hartzen dituela ikusi dugu, oporraldian erosketaren bat edo beste bultzatuta.
Marvel Tōkon, Star Wars Zero Company, Beast of Reincarnation, Captain Tsubasa II: World Fighters edo Resonance: A Plague Tale Legacy ditugu, besteak beste, egutegian apuntatutako bideojoko guztiz berriak; dagoeneko estreinatutako tituluen bertsio eraberrituak ere badatoz, ordea, Metal Gear Solid Collection Vol. 2, Elden Ring – Tarnished Edition nahiz The Elder Scrolls IV: Oblivion Remastered bezalakoekin.
Beast of Reincarnation
- Argitaratze data: 2026-08-04
- Garatzailea / Argitaletxea: Game Freak / Fictions
- Generoa: Abentura, ARPG
- Plataformak: PC, PS5, Xbox Series
“Txakur baten eta gizaki baten RPG abentura” eskaintzera datoz Pokémon sagaren arduradunak. Emma eta Koo protagonista bikotea etorkizuneko Japonian kokatuko du Beast of Reincarnationek, duelu ikusgarriak proposatuta.
Kontraerasoak, desbideratzeak, eraso magikoak eta akrobaziak erabiliko ditugu robotak zein pizti erraldoiak garaitzeko. Txandakako JRPG jokoen ideiak ere bereganatzen ditu tituluak, adibidez, denbora gelditzeko eta abileziak erabiltzeko menuekin. Girotze berezia, abilezia mordoa eta istorio sakona prestatu ditu talde japoniarrak, sakelako munstroengandik urrunduta.
Marvel Tōkon: Fighting Souls
- Argitaratze data: 2026-08-06
- Garatzailea / Argitaletxea: Arc System Works / PlayStation
- Generoa: Borroka
- Plataformak: PC, PS5
Guilty Gear, Dragon Ball FighterZ edo BlazBlue maitatuen egileek euren saltsan dihardute, girotzez aldatzen badute ere: Marvel etxeko superheroien nahiz superbilauen —anime estetikarekin aurkeztuko dizkigute— arteko borrokak nagusituko dira Tōkon desiratuan.
4vs4 dueluak biziko ditugu bi dimentsioko planoan: Iron Man, Spider-Man, Captain America, Venom, Magneto, Ekaitz, Dr. Doom, Ghost Rider, Loki, Deadpool edo Star Lord agertuko dira, besteak beste, pantailetako borroka bizkor bezain ikusgarrietan. Jokalari bakarrarentzako kanpaina zein multijokalari modalitate lehiakorrak nahiz kasualak batuko dituzte, zelan ez.
The Elder Scrolls IV: Oblivion Remastered
- Argitaratze data: 2026-08-11
- Garatzailea / Argitaletxea: Bethesda Softworks
- Generoa: Abentura, RPG
- Plataformak: Switch 2 (aldez aurretik, PC, PS5 eta Xbox Series plataformetan)
Iaz iritsi zitzaigun Oblivion erraldoiaren birmasterizazioa, baina Nintendoren kontsola ikusi barik geratu zen. Switch 2aren indarrari esker, Bethesdakoek RPG abentura maitatua gailu hibridoan funtzionaraztea lortu dute.
2006. urteko mundu irekiko RPG abentura itxuraberrituta ikusiko dugu; izan ere, Creation Engine garapen motore originalaren gainetik atal grafikoa eraberritzeko Unreal Engine 5 motorea erabili dute egileek, aldaketa esanguratsuak ekarrita. Ukipen pantaila bidezko kontrolak nahiz joy-con agintearen sagu modalitatea erabiltzeko aukera edukiko dugu Switch 2an, aurreko bertsioekin alderatuta, muga tekniko batzuk edukiko dituen arren.
Metal Gear Solid Collection Vol. 2
- Argitaratze data: 2026-08-27
- Garatzailea / Argitaletxea: Konami
- Generoa: Abentura, akzioa
- Plataformak: PC, PS5, Switch 2, Switch, Xbox Series
Metal Gear Solid 4: Guns of the Patriots, Peace Walker eta Ghost Babel elkartuko ditu Metal Gear Solid Collectionen bigarren aleak. Hirurak batera erosteko aukera egongo bada ere, PCko zein kontsoletako erabiltzaileek joko bakoitza bakarka eskuratu ahalko dute.
Hobekuntza grafikoekin zein eguneratutako kontrolekin ikusiko ditugu birmasterizaziook, arte liburu zein soinu banda digitalekin eta bestelako eduki gehigarriekin batera. Modu horretara, aurreko Metal Gear Solid 1, Metal Gear Solid 2: Sons of Liberty eta Metal Gear Solid 3: Snake Eater jokoek osatutako lehen bolumenaren maila mantentzea espero da —gaurkotzeekin txukuntze lan sakona egin ondoren, dena esan beharra dago—.
Resonance: A Plague Tale Legacy
- Argitaratze data: 2026-08-27
- Garatzailea / Argitaletxea: Asobo Studio / Focus Entertainment
- Generoa: Abentura, akzioa
- Plataformak: PC, PS5, Xbox Series
Asobo Studioren hirugarren A Plague Tale jokoa spin-off titulua dela esan daiteke: A Plague Tale: Requiem atala baino hamabost urte lehenago kokatuko gaitu istorioak… edo, hori da abiapuntua, behintzat.
Sophia gaztearekin minotauroaren irlara bidaiatuko dugu, bere iraganaren sekretuak argitzeko asmoarekin. Iragan horretara bidaiatzen bukatuko dugula aurrera dezakegu: bi aroen artean mugituko da bideojokoa, esplorazioa eta puzzleak proposatuz, eta, oraingoan, borrokei erabateko garrantzia eskainita. Ezpatadakak, kontraerasoak eta exekuzioak ikusiko ditugu. Hirugarren pertsonako ikuspegian, dueluak bizkorrak eta dinamikoak izango dira, God of War berrien antzeko kutsua hartuta.
Star Wars Zero Company
- Argitaratze data: 2026-08-27
- Garatzailea / Argitaletxea: Bit Reactor / Electronic Arts
- Generoa: Estrategia
- Plataformak: PC, PS5, Xbox Series
Zero konpainia gidatzeaz arduratuko gara Izarretako Gerraren joko berrian, devaroniar, neimoidiar, ovissiar, togruta, twi’lek, weequay zein zabrak arrazetako klon soldaduz, mandaloriarrez, droideez edo jedi zaldunez eratutako taldea osatzeko lana hartuta, Infinite Coil talde iluna akabatzeko.
Klon gerretan girotutako XCOM bideojokoen klonaren aurrean gaude; izan ere, Bit Reactor aldez aurretik Firaxis estudioan lan egindako beteranoek osatzen dute. Lauki sarezko gudu zelaietan, parapeto nahiz eraikin artean, kokatuko eta mugituko ditugu gure pertsonaiak, beren abilezien eta estatistiken arabera garaipena eskuratzeko aukera desberdinak lortuta. Borroka artean pertsonaiak, basea zein ekipamendua hobetzeko unea izango da, aukera taktikoak biderkatuz.
Elden Ring – Tarnished Edition
- Argitaratze data: 2026-08-28
- Garatzailea / Argitaletxea: FromSoftware / Bandai Namco
- Generoa: Abentura, RPG
- Plataformak: Switch 2 (aldez aurretik, PC, PS5 eta Xbox Series plataformetan)
Kostata, baina Elden Ring maisulana Switch 2an ikusteko unea iritsi da. Obra originala ez da bakarrik helduko nintendozaleengana. Shadow of the Erdtree espantsioa biltzen du Tarnished Editionak, bestelako berritasunekin batera: arma, armadura eta Torrent zaldiarentzako itxura aukera berriak dakartza. Azken hauek gainerako bertsioetan ere ikusiko ditugu.
Lands Between deitutako lurraldeetako mundu irekian Elden Ring misteriotsuaren bila jo beharko dute jokalariek. FromSoftwareko japoniarrek eratutako soulslike mekanikak berreskuratuta, eraso boteretsuak, magia bortitzak eta jauziak bilduta ikusiko ditugu. Azken urteotako bideojoko handienetakoa izanik, Switch 2ko jokalariek bai ala bai jarraitu beharreko estreinaldia.
Captain Tsubasa II: World Fighters
- Argitaratze data: 2026-08-28
- Garatzailea / Argitaletxea: Tamsoft / Bandai Namco
- Generoa: Kirola
- Plataformak: PC, PS5, Switch 2, Switch, Xbox Series
Oliver eta Benji manganime maitatua bueltan da. 22 talde eta 110 jokalari elkartuko ditu Captain Tsubasa: Rise of New Champions-en jarraipenak, aldi berean, originaleko mekanikak eta jokagarritasuna hobetuta.
“Eguneratutako sistema estrategikoagoa” prestatu omen dute egileek, mugimendu berriekin, baina, batez ere, jokalarien eta atezainen arteko dueluetan ardaztuta. Kanpainarekin batera, bigarren mailako istorio alternatiboak eta erronkak aurkeztuko ditu World Fightersek; gainera, partidu arruntak zein multijokalari modalitateak ere ikusiko dituzte jokalariek.
Lander Unzueta
Iruzkinak