World of Warcraft: Forever, Warhammer Survivors edo Switch 2ko Metaphor: ReFantazio zein Pikmin 4 ere datoz, besteak beste.
Azaroa dator, eta, berarekin batera, 2026ko bideojokorik handienak. Erregeak izango direnak ondo baino hobeto ezagutzen ditugu: alde batetik, Grand Theft Auto VI, azken urte luzeetako titulurik desiratuena, daukagu; bestetik, The Legend of Zelda: Ocarina of Time berregitearekin nostalgiaz gainezka egingo duen maisulana berreskuratuko du Nintendo-k.
Ez dira bakarra, zorionez, askotariko joko handi nahiz txikiak ikusi baititugu hilabete honetan. World of Warcraften Forever edukiarekin atzera egingo dute Blizzard-ekoek, adibidez. Warhammer Survivors-ek poncle garatzaileak abiarazitako eromena 40K unibertsora dakar; joko atseginagoak nahi dituztenek Tanuki: Pon’s Summer koloretsuan ibili ahalko dira; gainera, Switch 2ko erabiltzaileek Metaphor: ReFantazio zein Pikmin 4 eraberrituak jasoko dituzte.
Godzilla: Destroy All Monsters Melee Remastered
- Argitaratze data: 2026-11-03
- Garatzailea / Argitaletxea: Pipeworks Studios / Atari
- Generoa: Borroka
- Plataformak: PC, PS5, Switch 2 Xbox Series
Askok 2002. urtean probatzeko aukera eduki genuen Godzilla: Destroy All Monsters Melee dibertigarria freskotuta eta zaharberrituta bueltatuko da egungo plataformetara. Hamabi kaiju erraldoi —King Ghidorah, Destoroyah, Rodan edo, nola ez, Godzilla nahiz Mecha Godzilla dira tartean—, suntsitzeko zortzi hiri eta eraso bereziak batzen ditu 3D arena borroka jokoak.
Berritasunen artean, sareko multijokalaria eta hobetutako desblokeatze eta eduki gehigarri sistema azpimarratzen dituzte egileek. Hala ere, atal grafiko aldetik guztiz berrituta ikusiko dugu klasikoa, modeloak, testurak edo argiztapena eraberrituta.
World of Warcraft: Forever
- Argitaratze data: 2026-11-04
- Garatzailea / Argitaletxea: Blizzard
- Generoa: MMORPG
- Plataformak: PC
Azeroth erresumara itzultzeko aitzakia proposatzen dabiltza Blizzardekoak enegarrenez, baina inoiz baino arrazoi erakargarriagoa dela aitortu beharra dago. Aldaketa handiak dakartzan munduan barneratzeko aukerarekin dator WoW: Forever, MMORPG originalaren lehen aroaren unibertso paralelo bezalakoa irudikatuta.
Zer suposatzen du horrek? Azeroth ezaguna gune, misio, ziega, arraza, abilezia, raid eta bestelako eduki berriekin nahastuko dutela. Jatorrizko WoWtik kanpo geratu ziren ideiak esploratzea da egileen asmoa, adar berri hau elikatzen jarraituko dutela aginduta. World of Warcraften erabiltzaileek gozatu ahalko dute Foreverrez harpidetza arruntarekin; ordainpeko edukiak ere eskainiko ditu, zelan ez.
The Legend of Zelda: Ocarina of Time
- Argitaratze data: 2026-11-05
- Garatzailea / Argitaletxea: Nintendo
- Generoa: Abentura, akzioa
- Plataformak: Switch 2
Denboraren heroia ere berriz itzuliko da; oraingoan, birmasterizazio xume batera mugatu beharrean, remake edo berregite osoa prestatu diote Nintendokoek. Ocarina of Time bideojokorik onena da askorentzat: oinarriak mantenduta, atal teknikoa zaharberrituko eta bizitza kalitate hobekuntzak gehituko zaizkio Switch 2ko bertsioan.
Kokiri basoan bizi den Link gaztea gidatu beharko dugu, beste behin, Hyrule erresuma menperatzera datorren maltzurkeriari aurre egiteko. Toki mitikoak, ziega eta tenplu ilunak, objektu erabilgarri mordoa eta ezagutzeko pertsonaia koloretsuak elkartuko dira, beste behin, okarinaren abestiak ardatz dituen abenturan.
Warhammer Survivors
- Argitaratze data: 2026-11-10
- Garatzailea / Argitaletxea: Auroch Digital
- Generoa: Akzioa, roguelike
- Plataformak: PC, PS5, Switch 2, Switch, Xbox Series, Android, iOS
Vampire Survivorsen arrakastari lotutako zenbait proiektu ikusi ditugu azken urteotan, baina hau izan daiteke interesgarrienetakoa: poncle garatzailea da tartean, eta 40K zein Age of Sigmar unibertso ezagunetan girotuta dago. Zer gehiago behar da?
Espazioko marineak, stormcast zaldunak zein bestelako pertsonaiak gidatuko ditugu, VSren formula errespetatzen den jokagarritasunarekin, ehundaka arerio akabatzeko helburuarekin. Gerra amaiezina agintzen dute egileek, roguelike elementuekin partida bakoitza aldakorra izango baita. Armak eta objektuak bilduz, zein hauek hobetuz nahiz eboluzionatuz, ikaragarrizko sarraskiak eragingo ditugu Skaven edo Tiranidoen indarren artean.
Tanuki: Pon’s Summer
- Argitaratze data: 2026-11-10
- Garatzailea / Argitaletxea: Denkiworks / Critical Reflex
- Generoa: Abentura
- Plataformak: PC, PS5, PS4, Switch 2, Switch, Xbox Series
Tanuki —azkonar eta txakur antzeko pizti japoniarra— banatzailearen rola jokatzen ariko gara: Pon txikia txirrindu gainean gidatuko dugu, herriko santutegia konpontzeko helburuarekin.
Girotze koloretsua, ezagutzeko herri nahiz pertsonaia atseginak, misio txiki mordoa eta minijoko sorta zabala aurkituko dugu indie abenturan. Objektuak desblokeatuta, santutegia nahi bezala apaintzen joango gara udari bukaera emango dion jaialdirako dena prest edukitzeko. Lasai batean aritzeko titulu ezin hobea.
Metaphor: ReFantazio
- Argitaratze data: 2026-11-12
- Garatzailea / Argitaletxea: Atlus / Sega
- Generoa: JRPG
- Plataformak: Switch 2 (aldez aurretik PC, PS5, Xbox Series plataformetan)
Atlusekoen azken JRPG handia Switch 2ra dator, azkenik. Persona frankiziarekin topera ibili badira ere, txandakako borroketan oinarritutako Metaphor ikaragarria utzi ziguten 2024an.
Ikasle bizitza alboratuta, fantasiazko mundu erraldoian barneratuko gara ReFantazion. Errege bilakatzeko bideari ekingo diogu gure protagonistarekin: erresumaren oniritzia beharko dugu horretarako, tartean borroketan, esplorazioan eta hizketaldi luzeetan parte hartuta. Jatorrizko bertsioek balorazio itzelak eskuratu ondoren, nintendozaleentzako opari ederra izango da urtea ondo bukatzeko.
Pikmin 4 Switch 2 Edition
- Argitaratze data: 2026-11-12
- Garatzailea / Argitaletxea: Nintendo
- Generoa: Abentura, esplorazioa
- Plataformak: Switch 2
Opari gehiago jasoko dituzte Switch 2koek egun berean, ordea. Pikmin 4ren bertsio eraberrituarekin atal teknikoaren txukuntzeak nahiz eduki berriak ikusiko ditugu: Dandori akademiako 72 erronkak izango dira nagusiak, baina multijokalari probak ere ikustekoak dira.
Oatchi espazio txakurrari aginduak emateko bide berria ere dator: mikrofonoa erabilita berarekin hitz egiteko aukera egongo da, Hey You, Pikachu! mitikoan ibili modura aritzeko.
Volvy’s Adventure: Reslimed
- Argitaratze data: 2026-11-19
- Garatzailea / Argitaletxea: doinksoft / Devolver Digital
- Generoa: Plataformak, abentura
- Plataformak: PC
“Bideojokoen munduko maskotarik ospetsuena” txantxa batetik jaio zen, baina Volvy bereziak bere lehen titulua jasoko du… azkenik. Adarjotze hutsa badirudi ere, 2D plataforma abentura alaia eratzen aritu dira Gato Roboto eta Gunbrella itzelen egileak: salto eginez, kolpeak banatuz edo lurrazpian sartuz ibiliko gara sator txikiarekin.
Umore bitxia, minijoko zoroak eta bestelako eduki eroak ikusiko ditugu, hori bai: udako Devolver Digital argitaletxearen aurkezpenak iragartzeko bideoak ikusi dituztenek badakite zer espero Volvyrengandik.
Grand Theft Auto VI
- Argitaratze data: 2026-11-18
- Garatzailea / Argitaletxea: Rockstar North / Rockstar Games
- Generoa: Akzioa, abentura
- Plataformak: PS5, Xbox Series
Azkenean, iritsi gara mundu guztia zain dagoen unera. Gezurra dirudi, baina Grand Theft Auto VI gure artean egongo da egun batzuk barru. Polemika eta istilu artean, baina Rockstarrekoek sagaren zutabe eta oinarri guztiak mantendu, berregin eta eguneratu dituztela ikusi dugu pixkanaka askatzen joan diren informazioarekin.
Vice City mitikora itzuliko gara bikote protagonista berriarekin: Lucia eta Jason era guztietako misioak betetzen ariko dira hirian nahiz Leonida estatuko bazterretan. Erabateko askatasuna, grafiko ikusgarriak, lapurretak, tiroketak, sexua… espero dugun guztia batuko du bideojokoak; tamalez, GTA Online berria ikusteko pixkat gehiago itxaron beharko da.
Lander Unzueta
Iruzkinak