Hell Let Loose: Vietnam edo The Adventures of Elliot: The Millennium Tales ere iritsiko zaizkigu.

Ekaineko bideojokoei begira jartzeko garaia da. Star Fox berregitea, Hell Let Loose tiro jokoaren bigarren atala, Denshattacken tren bizkorrak zein Gothic mitikoaren remake-a datoz egunotan.

Baieztatutakoak estreinaldi handiak dira, noski, baina ez dira bakarrak izango. FF VII mitikoaren berregiteen bigarren atala plataforma gehiagotan ikusiko dugu, eta, Square Enix-ekoekin jarraituz, The Adventures of Elliot: The Millennium Tales ARPG itxurosoa ere eskainiko digute.

Hilabete hau udako aurkezpen handientzat dela ere gogoratu beharra dago; hori horrela, egunotan ikusiko ditugun emanaldian zerrendatu ditugu, eta, ziurrenik, horietan ere ekainerako iragarpenen bat edo beste aurkeztuko dute enpresa handiek zein indie taldeek.

 

Final Fantasy VII Rebirth

  • Argitaratze data: 2026-06-03
  • Garatzailea / Argitaletxea: Square Enix
  • Generoa: ARPG
  • Plataformak: Switch 2, Xbox Series (aldez aurretik, PS5ean eta PCan)

Cloud, Tifa, Barret, Aerith eta gainerakoak FF VII maitatuaren berregiteko eta berrabiatzeko bigarren atalarekin itzuliko dira, oraingoan, Switch 2 eta Xbox Series kontsoletara ailegatuz.

2024an PlayStation 5ean ikusi genuen lehen aldiz, ikaragarrizko balorazioak eskuratuta: lehenengo atalean egindakoak zeharo hobetu zituzten, istorio sakonarekin batera mundu ireki eta aberatsa sortuta. Grafikoki ikusgarria, gailu berrietan zer moduz funtzionatzen duen ikusi beharko da.

 

Donkey Kong 64

  • Argitaratze data: 2026-06-04
  • Garatzailea / Argitaletxea: Rare / Nintendo
  • Generoa: Plataformak, abentura
  • Plataformak: Switch 2, Switch

Switch kontsoletako Nintendo Classics zerbitzuak Donkey Kong 64 mitikoa jasoko du. Estreinatu zenean benetan maitatua, denborarekin gorrotatua izatera iritsi da collectathon plataforma jokoen zaleen artean: DK irlako mundu desberdinetan zehar elementuak biltzea eta sekretuak argitzea nekeza egin daiteke, tximinoz aldatzen joan beharko baikara uneoro.

Halere, Raren bideojokoen xarma mantentzen duen eta soinu banda ikaragarria daukan umorez betetako abentura dibertigarria izaten jarraitzen jarraitzen du DK 64k. Aukera ederra klasiko hau berreskuratzeko; hori bai, Nintendo Switch Online + Expansion Pack zerbitzuaren harpidedunek baino ezingo dute jokatu.

 

Gothic 1 Remake

  • Argitaratze data: 2026-06-05
  • Garatzailea / Argitaletxea: Alkimia Interactive / THQ Nordic
  • Generoa: Abentura, RPG
  • Plataformak: PC, PS5, Xbox Series

Bartzelonako Alkimia Interactive estudioa garatutako jokoa 2001. urtean Piranha Bytes taldeak kaleratutako bideojokoaren berregite fidela izango da.

Myrtana erresuman kokatutako kolonia zitalera itzuliko dira berriz jokalariak. Harresi magikoarekin presondegi bilakatutako gunean matxinoak, aztiak eta gerlariak biltzen dira. Grafikoki, teknikoki zein mekanikoki berregin dute Gothic, aldaketa handiak ekarrita. Borroka sistemetan ikusiko ditugu nabarmenenak; halere, gau eta egun ziklo dinamikoak, pertsonaien bizitza sistemak zein erabakiz betetako istorioa mantenduko dira.

 

Denshattack!

  • Argitaratze data: 2026-06-17
  • Garatzailea / Argitaletxea: Undercoders / Fireshine Games, Boltray Games
  • Generoa: Arkade, kirola
  • Plataformak: PC, PS5, Switch 2, Xbox Series

Bartzelonan jarraitzen dugu, aurtengo indie dibertigarrienetakoa garatzen baitabiltza Undercoders taldekoak. Tony Hawk edo Jet Set Radio bezalako irristatze jokoen oinarriak bereganatzen ditu Denshattackek: gurpil gainean jarraituko dugu, baina, oraingoan, trenak gidatuz.

Denshattackerrik onena izateko ametsari ekingo zaio: tren gaineko skaterrik trebeena bilakatzea. Japonia osoa zeharkatuko du protagonistak Maila arruntetan, trikimailuen bidez ahalik eta puntuaziorik altuena lortzea izango da erronka: tren bizkorra jauziak, derrapeak eta era guztietako mugimenduak egiteko gai da. Zoramen ederra, cel shading estiloko atal grafiko koloretsuarekin.

 

The Adventures of Elliot: The Millennium Tales

  • Argitaratze data: 2026-06-18
  • Garatzailea / Argitaletxea: Claytechworks / Square Enix
  • Generoa: ARPG
  • Plataformak: PC, PS5, Switch 2, Xbox Series

Esplorazioa, denbora errealeko duelu biziak eta RPG japoniarretako istorio ederra elkartuko ditu Square Enixen bideojoko guztiz berriak. Irudiak eta bideoak ikusita, zaleek ez dute zalantzarik edukiko. Octopath Traveler eta Bravely Default maitatuen egileen eskutik dator: Claytechworks ari da proiektuaz arduratzen.

Denboran bidaiak izango dira protagonista, erresuma bereko lau aro desberdin bisitatuko baitira. Horrez gain, zazpi mota arma desberdin eta magia mordoa ikusiko ditugu The Adventures of Ellioten.

 

Hell Let Loose: Vietnam

  • Argitaratze data: 2026-06-18
  • Garatzailea / Argitaletxea: Expression Games / Team 17
  • Generoa: Tiro jokoa, multijokalaria
  • Plataformak: PC, PS5, Xbox Series

Lehena bigarren mundu gerran girotu ondoren, Hell Let Loose arrakastatsuaren jarraipenak, zelan ez, Vietnamera joko du. Oinarriak berberak izango dira: 50 jokalariko bi talde elkarren aurka jarriko ditu lehen pertsonako ikuspegian zapalduko diren gudu zelai erraldoietan.

AEBetako armadarekin eta Vietcong taldearekin lehiatuko dira jokalariak, bakoitza berezko berezitasunekin eta erremintekin. Sei mapa ikusiko ditugu estreinaldian, eta hauetatik mugitzen ikastea ezinbestekoa izango da garaipenerako, taldelanarekin batera.

 

Dark Scrolls

  • Argitaratze data: 2026-06-22
  • Garatzailea / Argitaletxea: Doinksoft / Devolver Digital
  • Generoa: Plataformak, akzioa
  • Plataformak: PC, Switch

Gato Roboto zein Gunbrella ikaragarrien garatzaileak abentura berriarekin datoz. Retro kutsua mantentzen badute ere, Dark Scrollsen prozeduralki sortutako 2D plataforma abentura kooperatibo frenetikoa biziko dute erabiltzaileek; era batean, Contra edo Ghosts ‘n Goblins bezalako run and gun klasikoen oinarriak hartzen dituela esan daiteke.

Bederatzi heroiren artean hautatu beharko da partida abiatzerakoan, bakoitzak berezko ahalmenak eta abileziak erakutsita zein partidak eraldatzeko bide mordoa aurkeztuta. Zaldunen, aztien, sukaldarien zein estralurtarren artean aukeratuta, gaztelurako bidaiari ekingo zaio, bidean indartzaileak eta objektuak aurkituta.

 

Star Fox

  • Argitaratze data: 2026-05-25
  • Garatzailea / Argitaletxea: Nintendo
  • Generoa: Akzioa
  • Plataformak: Switch 2

Nintendok itxiko du ekaina, Star Fox mertzenario taldearen itzulerarekin. Fox, Falco, Slippy eta Peppy mitikoak enegarren berregitearekin datoz; oraingoan, Nintendo 64an kaleratutako Lylat Wars maitatua (Star Fox 64) era fidelean jarraituko dute, baina.

Arwing ontzi gainean —baita Landmaster tankean zein Blue Marine itsaspekoan— tiroka eta barrel roll mugimenduak egiten ariko gara, dozenaka arerio akabatuz eta maila bakoitzaren bukaeran etsai nagusi handiaren aurka borrokatuz. Maila bakoitzean egindakoen arabera, Lylat eguzki sisteman zehar bide desberdinak irekiko zaizkigu.

Berregiteak jokagarritasunari eutsiko dio, baina atal grafikoa osorik eraberrituko du: zinematika ikusgarriak prestatu dituzte japoniarrek, esaterako. Multijokalaria ere hobetu dute, Star Fox eta Star Wolf taldeak elkarren kontra jarrita sare bidezko partidetan.