Estreinaldien agenda errepasatzera goaz udako oporraldiaren ostean. AAA zein indie jokoak bilduko dira egunotan.

Bideojokoen iraila lehertzear dago. GTA VIrengandik ihesean aurreratu dira bideojoko ugari, egunotako agenda potolotuz eta plataforma guztietako bideojokozaleak poztuz.

Marvel’s Wolverine, Fire Emblem: Fortune’s Weave, The Blood of Dawnwalker, Onimusha: Way of the Sword, Silent Hill: Townfall, Minecraft Dungeons 2, Trails in the Sky 2nd Chapter edo The Witcher 3: Wild Hunt-en birmasterizazioa; zerrenda erotzekoa da.

Indie jokoei begira jarriz gero ere, ustekabe ederrak ikusiko ditugu. Orbitals, SpeedRunners 2: King of Speed eta Mewgenics tituluetan aritzeko aukera egongo da irailean, besteak beste.

Denborarik galdu gabe, goazen hilabete honetako egutegia antolatzera:

 

The Blood of Dawnwalker

  • Argitaratze data: 2026-09-03
  • Garatzailea / Argitaletxea: Rebel Wolves / Bandai Namco
  • Generoa: Abentura, ARPG
  • Plataformak: PC, PS5, Xbox Series

Rebel Wolves taldearen lehen tituluak The Witcher 3 gogora ekar dezake; izan ere, CD Projekt RED-eko beteranoek eratutako estudioa da. Antzeko oinarria hartuta, banpiroak eta fantasia iluna ardatz dituen mundu irekiko abentura interesgarria prestatu dute.

Coen izango gara: XIV. mendeko Europan banpiro bilakatzen ari den gaztea. Bahitutako familia Brencis zitalarengandik salbatu beharko dugu berarekin, horretarako aliatuak eta adiskideak elkartuta. Esplorazioa, erabakiak, borrokak eta ediktu zein egutegi sistema landuak agintzen dituzte egileek, guztia atal grafiko ederrarekin uztartuta.

 

Orbitals

  • Argitaratze data: 2026-09-03
  • Garatzailea / Argitaletxea: Shapefarm / Kepler Interactive
  • Generoa: Abentura, kooperatiboa
  • Plataformak: Switch 2

Retro anime estetika landuak erakarriko zaitu Orbitals ikusi bezain laster, baina premisa ere ikustekoa da. It Takes Two bezalako abentura kooperatiboen zutabea bereganatzen ditu Shapefarm japoniarraren jokoak, espazioan kokatzeko.

Maki eta Omura gidatuko dituzte jokalariek 2.5D itxurako plataforma erronkak bizitzeko. Desafio anitzetan jokalari bakoitzak eginkizun desberdinak burutu beharko ditu: lore estralurtarren haziak jaurtita eta ureztatuta, ibiltzeko tokiak sortzea, gantxoa erabilita inguruneetako plataformak mugitzea, edo ur kanoiarekin lur goriak hoztea izango dira, esaterako, zereginetako batzuk. Tokiko zein sare bidezko partidak proposatzen ditu, Switch 2ko GameShare ezaugarria erabiltzeaz gain.

 

SpeedRunners 2: King of Speed

  • Argitaratze data: 2026-09-03
  • Garatzailea / Argitaletxea: Fair Play Labs / tinyBuild
  • Generoa: Plataformak, lasterketak
  • Plataformak: PC, PS5, Switch, Xbox Series

Indie jokoen artean klasiko hutsa den SpeedRunners bigarren atalarekin dator. King of Speeden proposamena berbera izango da: bi dimentsioko plataforma lasterketa bizkor bezain zoroak bizitzera eramango gaitu bakarka, lagunekin zein sareko jokalariekin.

Super Mario Bros zaharrak Mario Kart-ekin batzen dituela esanez laburbil daiteke SpeedRunners: zirkuitu itxietan saltoka eta irristaka ariko gara, oztopoak saihestuz, aurkariei aurrea hartzeko. Atzean geratzen denak partida galduko du… eta gainerakoen artean tentsioa eragingo duen pantaila murriztailea aktibatu. Objektuak, haserreak eta jokagarritasun sinplea, baina menperatzeko gogorra dira gakoak.

Duela aste batzuk beta probaldia abiatu zuten, jokalarien kritika gogor samarrak jasota sareko arazoengatik zein ikusgaitasun urriagatik. Garatzaileek feedbacka barneratu, eta argitalpenerako zuzenduta edukiko dituztela diote.

 

Onimusha: Way of the Sword

  • Argitaratze data: 2026-09-04
  • Garatzailea / Argitaletxea: Capcom
  • Generoa: Akzioa, abentura
  • Plataformak: PC, PS5, Switch 2, Xbox Series

Onimusha sagaren itzulerak bideojokozale askoren begiradak harrapatzea lortu du. Capcom-ek PlayStation 2an sortutako samuraien eta deabruen frankizia maitatua berpiztuko du, protagonista eta istorio berria hartuta. Miyamoto Musashi samurai ospetsuaren rola jokatuko dugu Erdi Aroko Japonian agertu diren Genma zitalak garaitzeko.

Atal grafiko zoragarria, eraso kritikoz, saihestez eta kontraerasoz betetako duelu sistema zirraragarria, Oni botereak eta Kiotoko bazterrak batuko ditu bosgarren Onimusha izango denak. Zale mordoa sortu duen demoa eskaintzen jarraitzen dute egileek; are gehiago, duela gutxi eduki berriekin gaurkotu dute.

 

Mewgenics

  • Argitaratze data: 2026-09-08
  • Garatzailea / Argitaletxea: Edmund McMillen, Tyler Glaiel
  • Generoa: Estrategia, roguelike
  • Plataformak: PS5, Switch 2, Xbox Series (aldez aurretik PCan)

Otsailean PCan kaleratu ondoren —astebetean milioi salmentak gaindituta—, McMillen eta Glaiel garatzaile independenteek osatutako bikotea Mewgenics kontsoletara eramateko lanean ibili dira: Nicalis argitaletxearekin batu dira horretarako.

Urteko ezusteko handienetakoa da The Binding of Isaac edo Super Meat Boy maitatuen sortzaileena. Apokalipsi ondorengo munduko katuak zaintzen, hezten, eta borrokara bidaltzen jarriko gaitu, estrategia taktikoa zein roguelike elementuak aurkeztuta. Katuak hobetu ahala, partida bakoitzean are urrutiago iristea ahalbidetuko zaigu.

 

Marvel’s Wolverine

  • Argitaratze data: 2026-09-15
  • Garatzailea / Argitaletxea: Insomniac Games / PlayStation
  • Generoa: Akzioa, abentura
  • Plataformak: PS5

Otsokumeren bideojoko berria azken Spider-Man arrakastatsuen garatzaileen eskuetatik dator irailean. Mutanteak, etorkizuneko teknologia erabiltzen duten soldaduak nahiz robotak eta borroka —benetan— odoltsuak biziko ditugu Logan protagonistarekin.

Azken bideoetan erakutsi dutenagatik, munduko hainbat lekutatik ariko gara atzaparkadaka, sendatze faktoreari esker kolperik eta tirorik boteretsuenei bizirauten diegun bitartean. Desblokeatzeko abileziak, istorio sakona eta grafiko itzelak ikusiko ditugu PlayStation 5eko esklusiboa den Marvel’s Wolverinen.

 

Fire Emblem: Fortune’s Weave

  • Argitaratze data: 2026-09-17
  • Garatzailea / Argitaletxea: Intelligent Systems / Nintendo
  • Generoa: Estrategia taktikoa, JRPG
  • Plataformak: Switch 2

Esklusiboekin jarraituz, Switch 2rako Nintendoren titulu berria estreinatuko da, eta ez edozein sagari lotutakoa: Fire Emblem entzutetsuaren Fortune’s Weave jasoko dute nintendozaleek.

Lau protagonista aurkeztuko ditu: Cai, Dietrich, Theodora eta Leda. Lauki sareetan banatutako guda zelaietan zehar ariko gara txandakako borroketan parte hartzen, baina esploratzeko, erabakiak hartzeko eta denetariko minijokoetan parte hartzeko aukera ere egongo da. Three Houses arrakastatsuaren bidea jarraitu nahi dutela dirudi, bertan azaldutakoa finduta.

 

Trails in the Sky 2nd Chapter

  • Argitaratze data: 2026-09-17
  • Garatzailea / Argitaletxea: Nihon Falcom
  • Generoa: JRPG
  • Plataformak: PC, PS5, Switch 2

Trails in the Sky SC-ren berregitea dugu 2nd Chapter; izenak dioen bezalaxe, The Legend of Heroes jokoen azpisaga honen bigarren atala izango litzateke. Askorentzat ezezaguna, azken urteotan ikaragarrizko indarra hartzen joan den JRPG frankizia dugu, iaz estreinatutako 1st Chapterrek sekulako harrera jasan ondoren.

Txandakako borrokak, narratiba sakona eta esploratzeko mundu zabala ikusiko ditugu JRPG klasikoen egitura jarraitzen duen remakean. Halere, dueluak biziberritzeko Crafts eta S-Crafts mekanikak aipatzen dituzte egileek; atal grafiko eraberritua ere ikusiko dugu, noski.

 

Control Resonant

  • Argitaratze data: 2026-09-24
  • Garatzailea / Argitaletxea: Remedy Entertainment
  • Generoa: Akzioa, abentura
  • Plataformak: PC, PS5, Xbox Series

Control handiaren bigarren atala zeharo eraberrituta dator, protagonista eta genero berriekin. Dylan Faden-ekin jokatuko dugu, lehen jokoko Jesse Fadenen nebarekin, alegia, eraldatutako eta desitxuratutako Manhattan irlako jazoerak ikertzeko.

Aberrant deitutako indar objektu aldakorra izango du lagunik onena: honi esker munstroak egurtu ditzake, armak itxuraz aldatzen duen heinean konbo ikaragarriak burututa. Devil May Cry edo Bayonetta bezalako jokoen ideiak hartzen ditu Resonantek, borroka biziekin, kolpe sorta luzeekin eta airean zorabiatuta mantendu beharreko arerioekin; grabitatea kontrolatzeko ahalmenak inguruneak aldatuko ditu, gainera. Urteko ezuste handienetakoaren aurrean egon gaitezke, ea zer moduz datorren Remedy.

 

Silent Hill: Townfall

  • Argitaratze data: 2026-09-24
  • Garatzailea / Argitaletxea: Screen Burn / Konami, Annapurna Interactive
  • Generoa: Abentura, ARPG
  • Plataformak: PC, PS5

Konamikoek beren beldurrezko saga beste garatzaile batzuei eskaintzen jarraitzen dute. Screen Burnek sortutako Townfallen ez gara Silent Hilletik ibiliko, baina joko maitatuen girotzea eta gaiak mantenduko dituzte.

Eskoziako St. Amelia herrixka zeharkatu beharko dugu oraingoan, Simon Ordell-en larruazalean, sakelako telebista erabilita munstroak eta naturaz gaindiko elementuak aurkitzeko. Puzzle narratiboak, behelaino ezaguna, eta lehen pertsonako mekanikak biziko ditugu atal berrian.

 

Minecraft Dungeons 2

  • Argitaratze data: 2026-09-03
  • Garatzailea / Argitaletxea: Mojang Studios, Double Eleven / Xbox Game Studios
  • Generoa: ARPG
  • Plataformak: PC, PS5, Xbox Series

Sormena zein biziraupena alboratzeko asmoarekin dator, bigarrenez, Minecraft Dungeons azpisaga. Ezpatak eta bestelako armak hartuta, Diablo sagarekin antzekotasun handiak dituen ARPG mekanikak proposatzen ditu Mojang estudioak sortutako unibertsoaren girotzearekin.

Minecraften jokalarientzat ezaguna den munduan nahiz The Sift berrian barneratuko gara oraingoan, bakarka zein beste hiru lagunekin, dozenaka arerio jipoitzeko. Bidean, armak nahiz ekipamendua hobetu beharko ditugu aurrean ditugun erronkei aurre egin ahal izateko.

 

Toem 2

  • Argitaratze data: 2026-09-29
  • Garatzailea / Argitaletxea: Something We Made
  • Generoa: Abentura
  • Plataformak: PC, PS5, Switch

Argazkilaritza eta giro ona zutabe zituen Toem indie zoragarriaren jarraipenaz gozatu ahalko dugu hilabetea bukatu aurretik. Kamera eskuan hartuta, zuri-beltzezko mundu ederra eta alaia esploratzeari ekin beharko zaio.

Adiskideak ezagutzea, bazterrak ikertzea eta lasai aritzea da Toem 2k eskaintzen duena. Gure erritmora ibiltzeko eskatuta, ikuspegi isometrikoan 3D inguruneak arakatzen ariko gara, edozein unetan kamera atera, eta argazki ederrak ateratzeko. Zigiluak biltzen ere ariko gara, beste sekretu batzuekin batera, ondoren aurkikuntzak egunerokoan gordetzeko. Norbera asebeteta uztea lortzen duten abentura horietakoa izango dela dirudi.

 

The Witcher 3: Wild Hunt Remastered

  • Argitaratze data: 2026-09-29
  • Garatzailea / Argitaletxea: CD Projekt RED
  • Generoa: Abentura, RPG
  • Plataformak: PC, PS5, Switch 2, Xbox Series

Hirugarren The Witcher jokoak bigarren birmasterizazioa jasoko du. Duela egun gutxi batzuk iragarria, askotariko hobekuntzak eta aldaketak dakartza; hori lortzeko, CD Projektekoak mod sortzaileekin elkartu dira.

Atal grafikoa, argiztapena, animazioak, menuak, eskalatze sistemak zein beste hainbat ezaugarri berriztatuko dituzte, aldi berean, borroketan mekanika berriak eta ibiltzerakoan nahiz zaldi gainean mugitzerakoan hobekuntzak gehituta, baita argazkilaritza modua erabiltzeko aukera edukita ere.

Onena? Dagoeneko erosita daukatenentzat guztiz doako birmasterizazioa dela. PCtik Switchera, bertsio eraberrituta automatikoki eguneratuko da, nahiz eta kasu batzuetan egungo kontsola berriagoa behar izango den. Datorren urtera begira, Songs of the Past ordainpeko espantsioarekin hedatuko dute bideojokoa.