Deep Rock Galactic roguelike-a, Mixtape zein Paralives atseginak edo Batman superheroiaren Lego abentura berriak ere datoz.

Uda urtaro garrantzitsua da bideojokozaleentzat. Nola ez, horrenbeste ordu eskatzen dituen zaletasunaz gozatzeko egun aproposenak izanik? Hori dela eta, maiatzeko estreinaldiak kontuan hartzekoak izan ohi dira, hurrengo hilabeteetarako berotzen hastekoak. 2026koan ere bideojoko handiak ikusiko dituzte jokalariek: 007 First Light, Forza Horizon 6 edo Yoshi and the Mysterious Book interesgarriak datoz.

Indiek ere zeresana edukiko dute, beti bezala. Musikaz betetako borrokak biziko ditugu Dead as Disco-n; lapurreta kooperatiboei aurre egin beharko zaie Thick as Thieves-en; harria eta arroka bueltan dira Deep Rock Galactic maitatuaren Rogue Core berriarekin; aurrera eginda, abentura atseginak bizitzea proposatuko digute Mixtapek nahiz Paralivesek; bukatzeko, ilunagoa baina dibertigarria izango da baita, Lego Batman: Legacy of the Dark Knight.

 

Dead as Disco

  • Argitaratze data: 2026-05-05 (aurretiazko sarbidea)
  • Garatzailea / Argitaletxea: Brain Jar Games
  • Generoa: Akzioa, erritmoa
  • Plataformak: PC

Aspaldiko proposamenik berezienetako bat helduko da aurretiazko sarbidean. Batman Arkham jokoetan ikusi bezalako borrokak proposatzen ditu Dead as Discok; hori bai, dantzatoki gainean biziko dituzte jokalariek.

Musikaren erritmoa jarraituz borrokatu beharko du Charlie Disco protagonistak, kolpeak, kontraerasoak eta ostikoak doinuekin sinkronizatzen dituen bitartean. Abesti ezagunak entzungo ditugu etsai arrunten zein buruzagien aurkako dueluetan, baina, nahi izanez gero, gure musika sartzeko aukera ere egongo da. Early Access faseak urtebete inguru iraungo duela diote garatzaileek; tartean, edukiak gaineratzen eta jokoa txukuntzen ariko dira.

 

Mixtape

  • Argitaratze data: 2026-05-07
  • Garatzailea / Argitaletxea: Beethoven and Dinosaur / Annapurna Interactive
  • Generoa: Abentura narratiboa
  • Plataformak: PC, PS5, Switch 2, Xbox Series

Elkarrekin azken gau bat igaroko duten hiru neraberen rolean barneratuko gaitu Mixtapek. Musika eta gurpil ohola izango ditugu bizipenak eta oroitzapenak gidatzen: jokalariek lehen musutik azken dantzaraino eramango dituzte protagonistak.

Atzean The Artful Escape sarituaren garatzaileak daude, gainera. Nostalgiaz gainezka egingo duen abentura ederra izango dela ikus dezakegu bideoetan.

 

Indiana Jones and the Great Circle

  • Argitaratze data: 2026-05-12
  • Garatzailea / Argitaletxea: MachineGames / Bethesda Softworks
  • Generoa: Akzioa, abentura
  • Plataformak: Switch 2 (aldez aurretik PC, PS5 eta Xbox Series gailuetan)

Gainerako plataforma guztietatik igaro ondoren, Indy Switch 2an ikusteko garaia da. 2024 bukaeran argitaratutako abentura ikaragarria Nintendo-ren hibridora iritsiko da Xbox-en eskutik.

Lehen pertsonako ikuspegian jokatzen den abenturan —nahiz eta ekintza batzuk hirugarren pertsonan biziko diren— akzioa, isil-gordeka aritzeko atalak eta esplorazioa batzen dira. Immersive sim kutsuarekin, Indiana Jones arkeologoaren istoriorik onenetakoen elementu guztiak biltzea lortu zuten MachineGamesekoek.

 

Forza Horizon 6

  • Argitaratze data: 2026-05-19
  • Garatzailea / Argitaletxea: Playground Games / Xbox Game Studios
  • Generoa: Lasterketak
  • Plataformak: PC, Xbox Series

Maiatzeko izar handietako bat Forza Horizonen seigarren atala izango da, inolako zalantzarik gabe. Mundu irekiko lasterketa arrakastatsuen sagak gidariak Japoniara eramango ditu: Tokiotik hasita, herrialde osoa zeharkatzen duen mapa erraldoia eratu dute Playgroundekoek.

Auto mordoa, pertsonalizazio aukerak eta erotzeko atal grafikoa agintzen dituzte. Lasterketa arruntekin batera, probak eta desafioak nahiz online aukera mordoa ikusiko ditugu. PCan eta Xbox Seriesetan ikusiko dugu egunotan, baina, urtea bukatu aurretik, PlayStation 5era ere helduko da.

 

Deep Rock Galactic: Rogue Core

  • Argitaratze data: 2026-05-20 (aurretiazko sarbidea)
  • Garatzailea / Argitaletxea: Ghost Ship Games
  • Generoa: Lehen pertsonako tiro jokoa
  • Plataformak: PC

Deep Rock Galacticek azken urteotako joko kooperatiborik arrakastatsuena izatea lortu du. Rogue Core aldaketa handiak dakartzan spin-off titulua da, baina: ipotx meatzarien esplorazioa eta taldelana roguelike elementuak biltzen dituzten tiroketengatik ordeztuko dituzte oraingoan. Reclaimers izeneko segurtasun taldeko kideen rola jokatuko dute jokalariek.

Misio bakoitza oinarrizko ekipamenduarekin hasiko du lau ipotxez eratutako taldeak. Armak, abileziak eta botereak bilduko dituzte ipotxek, lurrazpian barneratzen joan ahala, dozenaka izakik osatutako olatuei aurre egiteko beharrezkoak. Misioa bizirik bukatzea lortuz gero, pertsonaia are gehiago hobetzeko ezaugarriak desblokeatuko direla azaltzen dute Ghost Shipekoek.

Aurretiazko sarbidean jokatu ahalko da maiatzean: bi urteko iraupena edukitzea aurreikusten da, baina jokoa hasiera batetik txukun eta orekatuta egongo dela aurreratu dute egileek; hau da, kalitate maila gorena erakutsiko du estreinatzean, eta edukiak baino ez dituzte gaineratuko.

 

Thick as Thieves

  • Argitaratze data: 2026-05-20
  • Garatzailea / Argitaletxea: OtherSide Entertainment / Megabit Publishing
  • Generoa: Akzioa, immersive sim
  • Plataformak: PC

Lapurreta kooperatiboak prestatu ditu Warren Spector Deus Ex originalaren sortzaileak: immersive sim erako esplorazioa eta akzioa biziko dute bi lagunek. Teknologia bitxiak eta magia uztartzen dituen munduko inguruneez eta erremintez baliatu beharko dira jokalariak misio motzak gainditzeko.

Altxorra lapurtuta, ihes egiteko unea izango da… eta isil-gordeka aritzea gakoa izango den arren, misioetan hanka sartzea ohikoa da. Iragarri zenean jokalaria jokalariaren aurka zein jokalaria ingurunearen aurka (PvPvE) oinarriak edukiko zituela jakinarazi zuten egileek, baina ordutik hona aldaketa handiak jasan ditu proiektuak: murriztutako prezioan estreinatuko da, oinarrizko edukiekin —aurretiazko sarbide modukoa dela esan daiteke—, etorkizunean are misio eta erronka gehiago jasotzeko.

 

Yoshi and the Mysterious Book

  • Argitaratze data: 2026-05-21
  • Garatzailea / Argitaletxea: Nintendo
  • Generoa: Plataformak, abentura
  • Plataformak: Switch 2

Yoshi maitatuaren obra berria dakar Nintendok maiatzean. Ohi bezala, aldaketa eta berritasun handiak datoz dinosauroaren abenturetan: entziklopedia magikoan barneratuko da Switch 2ko Mysterious Book esklusiboan.

Bertan, animalia eta landare bitxiak aztertzen ariko da Yoshi: izaki bakoitzaren abileziak ikertuko eta hauen inguruko erronkak aurkituko dituzte protagonistek. Modu horretara, plataformei eta jauziei puzzle elementuak gehituko zaizkie, entziklopediako orrialdeetan zehar aurrera egiteko izakien sekretuak argitu beharko dira-eta.

 

Lego Batman: Legacy of the Dark Knight

  • Argitaratze data: 2026-05-22
  • Garatzailea / Argitaletxea: TT Games / Warner Bros. Games
  • Generoa: Akzioa, abentura
  • Plataformak: PC, PS5, Xbox Series

DC argitaletxearen zaldun iluna beste Lego bideojoko batekin dator. Batmanen film ezagunenen arteko nahasketa da ardatza: Christopher Nolan zuzendariaren The Dark Knight trilogia edo Tim Burton-en 80ko hamarkada bukaerako filmaren pertsonaiak eta girotzeak ageriko dira, besteak beste.

Bruce Wayne-n hastapenetatik abiatuko dira blokez osatutako erronkak: denetariko superbilauen eta arerioen aurka egingo du. Lego jokoa izanik, baina, ez da bakarka ariko: Robin, Batgirl edo Nightwing ondoan edukiko ditu, Gotham hiria lagunekin batera berriz salbatzeko prest.

 

Paralives

  • Argitaratze data: 2026-05-25 (aurretiazko sarbidea)
  • Garatzailea / Argitaletxea: Alex Massé / Paralives Studio
  • Generoa: Bizitza simulazioa
  • Plataformak: PC

Sims estiloko bizitza simulagailua aurkituko dute jokalariek Paralivesen: pertsonaiak eta familiak sortuta —parafolk deitu diete gizakiei—, egunerokotasuna bizitzera eramango dituzte, harremanak eta bizipenak zutabe nagusia izanik.

Bestelako elementuak ere landu dituzte: etxeak eraikitzea eta apaintzea, lanean aritzea, adiskideak zein etsaiak egitea edo familia osatzea proposatuko ditu bideojokoak. Komunitateak eratutako mod sorta zabalaren euskarria ere agintzen da; modu horretara, zaleek prestatutako edukiak doan gehitzeko aukera edukiko du nahi duenak.

Kasu honetan, 1.0 bertsioa bi urte barru kaleratzea espero dute egileek, bidean jokalariek feedbacka jasoz eta elementuak inplementatuz.

 

007 First Light

  • Argitaratze data: 2026-05-27
  • Garatzailea / Argitaletxea: IO Interactive A/S
  • Generoa: Akzioa, abentura
  • Plataformak: PC, PS5, Xbox Series

James Bond espioiarekin amaituko da maiatza. Aspaldiko bideojokorik handiena jasoko du 007 agenteak; izan ere, atzean Hitman sagaren IOI estudioa dauka. First Lightek Bonden hastapenak aurkeztuko ditu: espioi hasiberria izanik MI6 agentzian bizitako lehen misioetan gidatuko dute jokalariek.

Tiroketak eta akzioa barra-barra ageriko dira; halere, 47 agentearen jokoetan gertatu modura, inguruneak arakatzea eta isil-gordeka igarotzeko bideak aurkitzea sarituko da. Mozorroak, isilpeko hilketak edo xantaiak egokiak dira mundu honetan, behintzat, pistolekin eta leherketekin hasi aurretik.