Summer Game Fest, State of Play, Nintendo Direct, Xbox Games Showcase eta beste hainbat eskaini dituzte industriako enpresek eta erakundeek, ehundaka bideojoko iragarriz.
Bideojokoen ekaina aurkezpen eta emanaldi bereziz josita egon da, beste urte batez. E3 azokak utzitako hutsuneak sareko ekitaldiei indarra emateko balio izan die, dozena bat zuzeneko bilduta hilabeteko lehen egunetan —baita maiatz nahiz ekain bukaeran ere—.
Ehundaka bideojoko, lehen aldiz iragarritakoak zein aldez aurretik ezagutzen zirenak, bildu dira egunotan Summer Game Fest, State of Play, Nintendo Direct edo Xbox Games Showcase ekimenetan, besteak beste. Ezusteko handiak ekarri dizkiete bideojokozaleei, azken urteotako ekainik oparoena izan baita iragarpenen aldetik, bideojoko frankizia ezagunak edo indie proiektuak ezagutzera emanez.
Zaila da horrenbeste tituluren artean gutxi batzuk aukeratzea, baina emanaldi nagusien protagonistak laburbilduko ditugu.
State of Play
Agindu bezala, PlayStation-ekoak ordubeteko aurkezpen bereziarekin itzuli ziren. Azken urteotan maiatzean eskaini izan dute, batzuetan PlayStation Showcase izena jarrita —orokorrean, State of Play baino handiagoak izan direnak—; halere, aspaldiko zuzenekorik gogoangarrienetakoa eskaini ziguten japoniarrek.
Nabarmendutakoez gain, No Rest for the Wicked, Rayman Legends Retold, Silent Hill: Townfall, Ace Combat 8: Wings of Theve Marvel Tōkon: Fighting Souls, Until Dawn 2, ILL edo Tomb Raider: Legacy of Atlantis jokoen bideoak elkarbanatu zituzten, besteak beste.
God of War Laufey
Zurrumurruek aurreratu ziguten, baina God of War berria espero baino ikusgarriagoa dela baiezta dezakegu. Kratos espartarra alboratu, eta, oraingoan, zendutako Faye izango da protagonista. Azken GoW jokoen ohiko mekanikak mantenduko ditu, oraingoan jainkoen haraindiko Everywhen munduan kokatuz, mitologia guztietako izakiak bilduta.
PlayStation 5ean ikusiko dugu, esklusiboki, baina ez dauka kaleratze datarik.
Marvel’s Wolverine
X taldeko Otsokume heroiaren joko berriari buruz ia guztia ezagutzen genuen —irailaren 15ean estreinatuko da PS5ean—, baina jokagarritasun gordina erakutsi gabe zebiltzan Insomniac Games taldekoak. Espero bezala, Logan borroka odoltsuetan murgilduko da, isil gordekako zein akzioz betetako eszenak uztartuz.
Atal grafikoa ikusgarria da benetan, eta Otsokumeren sendatze botereen efektua ere, ikustekoa. X taldearen komikietan ageritako heroiak nahiz bilauak igaroko dira bideojokotik, zelan ez: Jean Grey, Sabertooth, Omega Red eta beste hainbat ikusiko dituzte jokalariek.
Onimusha: Way of the Sword
Capcom-en samuraien eta deabruen frankiziaren itzulera aspaldi iragarrita zegoen, baina data ezkutuan gordeta eduki dute State of Playra arte: irailaren 25ean plazaratuko da PS5, Switch 2, Xbox Series eta PC plataformetan. Miyamoto Musashi gerlari ospetsua gidatuko dugu deabruz betetako Kioto hiritik, ezpatadakak, arimak eta munstro hilgarriak nagusituz.
Datarekin batera, demo probaldia argitaratu dute egileek, plataforma guztietan Onimusha: Way of the Sworden lehen minutuez gozatzea ahalbidetuz.
Control Resonant
Remedy Entertainment finlandiarra Control sagaren unibertsora —eta Alan Wake jokoenera— itzuliko da irailaren 24an PC, PS5 eta Xbox Series gailuetarako Control Resonantekin. Aurrekoan tiroketak eta metroidvania estiloko mekanikak nagusitzen baziren ere, jarraipenean Devil May Cry edo Bayonetta tituluetan oinarritutako akzioa izango da ardatza.
Dylan Faden gidatuko dugu oraingoan, lehen jokoko Jesse Fadenen neba. Desitxuratutako Manhattanetik ariko gara borrokan Aberrant deitutako indar objektu aldakorrarekin zein grabitatea kontrolatzeko ahalmenarekin.
Kemuri
Unseen estudio japoniarrak aspaldi aurkeztutako Kemuri ikusteko aukera egon zen berriz, oraingoan, 2027rako PC eta PS5 gailuetan kaleratuko dutela iragarrita. Hiru jokalarirentzako abentura kooperatiboa izango da. Yokai deabru ehiztarien rola jokatuta, akzioa eta mugimendu ikusgarriak izango dira nagusi hirugarren pertsonako ikuspegia duen tituluan.
Sare bidezko partidak nahiz bakarkako saioak proposatuko ditu Kemurik errealitatea naturaz gaindiko elementuekin batuta.
Summer Game Fest
Ukaezina da Geoff Keighley kazetari ezagunak gidatutako Summer Game Festek azken urteotan hartutako indarra. 2020an lehen aldiz burutu zenetik, industriako agente eta enpresa nagusiak biltzea lortu dute, urtero aurkezpenak hobetuz. Aurten bi orduko zuzeneko emanaldi luzea eskaini dute, iragarpen eta ezusteko handiak erakutsita.
Gutxi batzuk azpimarratu ditugu; hala eta guztiz ere, SGFan Cuphead-en bi proiektu berri, Alien Isolation 2, Virtua Fighter Crossroads, Teenage Mutant Ninja Turtles The Last Ronin, The Wolf Among Us 2 zein Star Wars unibertsoko Galactic Racer eta Zero Company aurkeztu ziren, beste zenbaiten artean.
Final Fantasy VII Revelation
Zazpigarren Final Fantasy tituluaren berregiteak hirugarren atala jasoko du 2027ko udaberrian: Remake eta Rebirth ondoren, Revelation dator. Cloud, Tifa, Barret eta gainerakoen zein Sephiroth zitalaren istorioaren amaiera kontatuko digute berriz, aldaketa nabarmenekin, PC, Switch 2, PS5 eta Xbox Series gailuetan.
Mundu irekia ikusgarriarekin batera, lanez aldatzeko jantziak, Vincent nahiz Cid pertsonaiak eta askoz gehiago agintzen dute Square Enix-eko japoniarrek.
Resident Evil Veronica
Capcomek Resident Evil sagako berregiteekin jarraitzen du, baita. Oraingoan, 2000. urtean kaleratutako Code: Veronica mitikoaren txanda izango da. Claire Redfield protagonista Rockfort irlara itzuliko da berriz zonbiei eta bestelako munstroei aurre egiteko.
Atal grafikoa nahiz jokagarritasuna zeharo eraldatuko dituzte. Nahiz eta ez duten irudirik erakutsi —iragarpena trailer zinematikoarekin egin dute—, hirugarren pertsonan jokatuko dugula zehaztu dute japoniarrek.
gen ATLAS
Japonian jarraitzen dugu, Fumito Ueda zuzendari ospetsua Summer Game Festetik igaro baitzen gen Atlas proiektua aurkezteko. ICO zein Shadow of the Colossus maitatuen egileak antzeko obra prestatuko du PC, PS5 eta Xbox Series plataformetarako.
Mundu irekia, robotak eta misterio mordoa agintzen ditu bakardadearekin nahastuta: gure pertsonaia tiro egiteko gai izango da ingurune arriskutsuko izakiei aurre egiteko, baina baita robot erraldoiak kontrolatzeko ere.
Guild Wars 3
“Aro berria” abiatuko du online multijokalari masiboko jokoen sagaren hirugarren atalak, “ez bakarrik Guild Warsentzat, baita MMORPG generoarentzat ere”, ArenaNet arduradunen arabera. Iraganean kokatuko omen da —lehenengotik milaka urte lehenago— Orr-eko Tyrian eskualdean girotuz.
Atal grafiko koloretsua, fantasia girotzea zein esplorazio eta borroka mordoa agintzen ditu sareko bideojokoak. Garapena luzerako doa, hori bai: kaleratze datarik gabe, lehen beta probaldia 2027ko udazkenean hasiko dela aipatu da, PC eta PS5 bertsioekin.
Stranger Than Heaven
Yakuza zein Like a Dragon arrakastatsuen atzean dagoen Ryu Ga Gotoku Studio taldeak eratorritako atala eskainiko digu Stranger Than Heavenekin. Dagoeneko sarritan ikusi dugun abentura berriak data finkatu du: urtarrilaren 15ean merkaturatuko da ordenagailuetan nahiz PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan.
50 urteko ibilbidea biziko dugu Makoto Daito protagonista berriarekin: Fukuokatik hasita, 1929ko Kure (Hiroshima), 1943ko Minami (Osaka), 1951ko Atami (Shizuoka) eta 1965eko Shinjuku (Tokio) bisitatuko ditugu, yakuza mafiosoak eta musika elkartuz. Polemika artean dabiltza, hori bai, zendutako Tupac abeslariaren aurpegia erabiliko baitute pertsonaia bat sortzerakoan.
Xbox Games Showcase
Xboxekoek ohiko formatua berreskuratu zuten, “world premiere” eta “Xbox Game Pass” hitzak behin eta berriro errepikatuz, dozenaka bideojoko aditzera emateko, denetariko obra interesgarriak erakutsita: Resonance: A Plague Tale Legacy, Crazy Taxi: World Tour, Magicians: The Devil’s Deal, Spyro: A Realm Beyond, Doom: The Dark Ages – Revelations, Wo Long 2: Wings of Ember, Clockwork Revolution eta Call of Duty Modern Warfare 4 izan ziren Microsoft-en ekitaldian agertu ziren batzuk.
Iragarpenen artean, negozio ereduaren aldaketa ere azpimarratzen hasi ziren: azken hilabeteotan multiplataforma formatura aldatu ondoren, Xbox Game Studios taldeen etorkizuneko tituluak Xbox kontsoletan eta PCan geratuko direla dirudi.
Gears of War: E-Day
Marcus Fenix eta gainerako soldaduak Locust inbasioari aurre egiteko itzuliko dira urriaren 6an; abentura berrian, “azaleratzearen eguna” (Emergence-Day) izango da abiapuntua, gerrako lehen eguna, alegia.
Hirugarren pertsonan tiroka ariko gara, ohi bezala: bakarka zein kooperatiboan gozatzeko kanpaina modalitatea, eraberritutako horda partidak, eta jokalarien arteko sareko tiroketak bilduko ditu. PCan eta Xbox Series kontsoletan estreinatuko da.
Persona 4 Revival eta Persona 6
Atlus eta Sega talde japoniarrek azken urteotan berpizkundea bizi duen Persona frankiziaren iragarpen handiak egiteko aprobetxatu zuen Xboxen emanaldia. Alde batetik, Persona 4 Revival berregitea otsailaren 18an estreinatuko da PC, PS5 eta Xbox Series plataformetan: Inaba herrira eramango gaitu berriz behelainoei eta telebistei lotutako hilketak argitzera.
Bestetik, Persona 6 ofizialki aurkeztu zuten, azkenik. Oraindik xehetasun handirik gabe eskaini gabe, PCan zein PS5 eta Xbox Series kontsoletan argitaratuko dute ikasle japoniarren JRPG abenturen seigarren atala.
Halo: Campaign Evolved
Berregiteekin jarraituz, Halo: Combat Evolved originalaren remake proiektua uztailaren 28an datorrela baieztatu digute Halo Studios taldekoek; kasu honetan, PC, PS5 eta Xbox Series gailuetan ikusiko dugu Unreal Engine 5 motorean berregindako Master Chief.
Zaleek ondo baino hobeto ezagutzen duten kanpainarekin batera —oraingoan lau lagun ibili daitezke elkarrekin— Operation: Meteorite izeneko hiru misioko istorio berriaz gozatuko dute zaleek Campaign Evolveden. Lehen jokoko jazoerak baino urtebete lehenago girotuko da, kokaleku, etsai eta arma berriak bilduta.
Fable
Albion erresuman girotuko da, beste behin, Fable. Egun batzuk lehenago berandutzea iragarri zuten Playground Games-ko egileek —antza, GTA VIrengatik—, baina aurkezpenean otsailaren 23an plazaratuko dutela jakinaraziz.
Mundu irekiko RPG abenturak borrokak, umorea, erabakiak eta istorio berezi bezain xarmagarria elkartuko ditu. Heroia sortuta, nahi duguna egingo dugu berarekin: erresuma salbatzeari ekin diezaiokegu, edo herriko aberatsik zitalenean bilaka gaitezke.
Senua
Senua’s Saga: Hellblade sagaren hirugarren atala aurkeztu zuen Ninja Theory estudioak. Ordenagailuetan edo PlayStation 5 zein Xbox Series kontsoletan ikusiko dugu datorren urtean.
Purgatorioan galduta ariko gara Senuarekin, bere infernua biziz. Maite eta galdu dituenekin biltzeko erronkan dozenaka arerio akabatu beharko ditu borroka odoltsuetan. Horrela, aurrekoetako jokagarritasun geldoagoari akzioa gailenduko zaiola ikus daiteke, ezpatadakak, ostikoak, saihesteak eta kontraerasoak nagusituz.
Nintendo Direct
Kiotoko enpresak ohiko Direct formatua berreskuratu zuen, garatzaile handien zein indie txikien bideojokoak bilduta ezustekoz betetako aurkezpenean. Laster estreinatuko diren Star Fox, Splatoon Raiders edo Rhythm Heaven Groove igaro ziren emanalditik, baina bestelako iragarpen handiak ere eskaini zituen N handiak.
The Legend of Zelda: Ocarina of Time
Nintendo 64 kontsolan 1998. urtean estreinatutako Ocarina of Time maisulana berregingo du Nintendok. Switch 2 kontsolan ikusiko dugu aurten denboraren heroia, Link gaztea.
Hyrule erresuma salbatzeko abenturari ekingo dio beste behin Kokiri basoko iratxorik gabeko haurrak. Iragarpen bideoan ez dugu askorik ikusi —Link, lo, etxean; originaleko lehen eszena, alegia—, baina, N handiak urte bukaerarako prest egongo dela aipatu duenez, laster informazio gehiago eskaini beharko dute.
Xenoblade Genesis
MonolithSoft talde japoniarra JRPG sagaren abentura guztiz berriarekin dator. Switch 2ko esklusiboa izango da: datorren urtean argitaratzeko asmoa agertu dute. Aurreko Xenobladetatik aldendu, eta fantasiazko Erdi Aroan girotuko dela dirudi, istorio berria kontatuta.
Trailerrean kokalekuak zein pertsonaiak erakutsi dizkigute, jokagarritasun atalekin; halere, borrokak ikusi gabe geratu gara. Xenoblade Chronicles trilogiako hiru atalek, bide batez, hobetutako Switch 2 bertsioak jasoko dituzte.
Fire Emblem: Fortune’s Weave
Txandakako estrategia batailak hedatzen eta hobetzen jarraitzen dute Nintendokoek Fortune’s Weavekin. Lau protagonista aurkeztu dizkigu kaleratze datarekin batera: irailaren 17an iritsiko da Switch 2ra.
JRPG elementuak, esploratzeko ziegak, sendotzeko harremanak eta anime estetika batuko ditu hurrengo Fire Emblemek, Nintendoren urteko beste estreinaldi garrantzitsuenetakoa izatera iritsiz.
Kingdom Hearts IV
Square Enixekoek Final Fantasyko pertsonaiak Disney-ko filmeetakoekin elkartzen dituen Kingdom Hearts erakutsi zigun berriro. 2022an aurkeztu zuten, eta ordu hartako antzeko irudiak utzi dituzte: Sora protagonista Tokioko Shibuya barrutian ageri da borrokan, mundu koloretsu eta alaiak alboratuta, itxura batean.
Switch 2, PS5 eta Xbox Series kontsoletan nahiz PCan estreinatuko da laugarren KH. Gainera, Kingdom Hearts Collection [I ~ III] bilduma ere aurkeztu dute kontsoletarako.
The Duskbloods
Dark Souls edo Elden Ring arrakastatsuen egileek Switch 2ko esklusiboa izango den The Duskbloods aditzera eman zuten beste behin. Multijokalarira bideratuta egongo den akziozko abenturaren bideo motza ikusi genuen udan abiatuko duten sare probaldi itxia ezagutarazteko.
PvPvE jokagarritasuna eskainiko digu tituluak: jokalariak jokalarien aurka lehiatu beharko dute, baina ingurunearen kontra ere ariko dira, hortaz. Zortzi erabiltzailerentzako partidak biziko ditugu Hidetaka Miyazaki zuzendariaren lan berrian.
Bideojoko erauntsia
Aipatutakoak aurkezpen nagusiak izan badira ere, kanpoan utzitako asko ikusi ahal izan ditugu egun hauetan: PC Gaming Show, Women-Led Games, Wholesome Direct, Day of the Devs, Story-Rich Showcase, Latin American Games Showcase, Ñ3 2026… Asko eta asko izan dira, bideojoko mordoa bilduta.
Vampire: The Masquerade – Eternal Whispers, Thief: The Dark Project Remastered, Moomin: Midsummer Madness, Milki Delivery, Beast of Reincarnation, Cassette Beasts 2002, Mythic Love: Iberian Legends… zerrenda amaigabea da, baina, zaleek, zorionez, joko eta bideo guztiak biltzeko webguneak prestatu ohi dituzte: GamesRecap da ezagunenetakoa.
Enpresek eta estudioek ez dute aurkezpenekin bukatu: datozen egunotan State of Unreal —Epic Games-ek Unreal Engine garapen motorearen berritasunak aditzera emateko ekitaldia—, Persona 4 Revival: TV edo The Indie Premier 2026 emanaldiak ikusteko aukera edukiko dute bideojokozaleek.
Lander Unzueta
Iruzkinak