GTA VIrengandik ihesean dabiltzan titulu handiekin jarraituko dugu asteotan: Gears of War, Castlevania edo Ace Combat datoz.

Uda atzean utzita, bideojoko handi ugari jaso ditugula aitortu beharra dago… baina udazkena ere indar betean hasteko prest dabiltza jokalariak. Urriko agenda kalitate handiko titulu ezagunez beteta ikusiko dugu.

Izan ere, Grand Theft Auto VI ospetsuak —eta The Legend of Zelda: Ocarina of Time berregiteak— eragingo duten lehortetik exodoan dabiltza bideojokoak ikusten jarraitzen dugu: irailean agertu ziren lehenak, baina urrian ere askotariko obra handiak bilduko dira. Ohituraz hilabete indartsua izan ohi dela ere aitortu beharra dago, eguberrietako kanpainara bideratzen hasita.

Saga eta frankizia ezagun mordoa igaroko dira saltokietatik: Star Wars, Gears of War, Castlevania edo Call of Duty, esaterako, baina estreinaldiak ez dira horietara mugatuko.

 

Ace Combat 8: Wings of Theve

  • Argitaratze data: 2026-10-02
  • Garatzailea / Argitaletxea: Bandai Namco Aces / Bandai Namco
  • Generoa: Simulazioa, akzioa
  • Plataformak: PC, PS5, Xbox Series

Beterano hutsa bada ere, azken urteotan hasi dira jokalariak Ace Combati merezi duen arreta eskaintzen. Zortzigarren atalak ohiko elementuekin errepikatuko du: hegazkin mordoa, misio luze bezain latzak eta Metal Gear bezalakoak gogorarazi ditzakeen istorio sakon, errealista nahiz japoniarra eskainiko ditu.

Lehen analisiek joko ikaragarriaren aurrean gaudela aurreratu digute, gainera. Istorioarekin batera, orain arteko online atalik zainduena edukiko duela diote egileek, plataforma arteko partida kooperatiboak zein lehiakorrak proposatuta.


Star Wars Galactic Racer

  • Argitaratze data: 2026-10-06
  • Garatzailea / Argitaletxea: Fuse Games / Secret Mode
  • Generoa: Lasterketak
  • Plataformak: PC, PS5, Xbox Series

Episode I Racer mitikoaren oinordekoa izateko asmoarekin helduko da Galactic Racer. Leka lasterketak (podracing) mantenduta, baina ibilgailu sorta zabala gaineratuta jokatuko dugu, Star Wars unibertsoko denetariko makinak inplementatuta.

21 gidari baino gehiago batuko dituzte lasterketetan, ziztu bizian ariko gara galaxiako planetetan zehar, oztopoak saihesten gabiltzala. Liga galaktikoan lehiatuko dira gidariak: araurik gabeko norgehiagoka arriskutsuetan, alegia. Arkade partidak zein eszenarioak deitutako modalitatea aipatzen dituzte egileek; azken honetan, era guztietako erronkak gainditu beharko dira. Jokalari bakarrarentzako kanpainarekin nahiz online norgehiagokekin borobilduko dute Star Warsen titulu berria.

 


Gears of War: E-Day

  • Argitaratze data: 2026-10-06
  • Garatzailea / Argitaletxea: The Coalition / Xbox Game Studios
  • Generoa: Akzioa, tiro jokoa
  • Plataformak: PC, Xbox Series

Gears of War bueltan da, baina ez da etorkizunera begira jarriko; horren ordez, Locust inbasioaren lehen egunak azalduko dituen istorioa kontatuko digute The Coalitionekoek, Marcus Fenix, Dominic Santiago eta taldekideak gazte agertuta.

Oinarriak betikoak dira: hirugarren pertsonako ikuspegia, tiroketak, tartean motozerrak dituzten exekuzio odoltsuak eta erasoengandik babesteko txokoak. Bakarka zein kooperatiboan gozatzeko kanpaina modalitatea, eraberritutako horda partidak, eta jokalarien arteko sareko tiroketak agintzen ditu E-Dayk.

 


Dragon’s Dogma 2: Dark Arisen

  • Argitaratze data: 2026-10-09
  • Garatzailea / Argitaletxea: Capcom
  • Generoa: Abentura, RPG
  • Plataformak: PC, PS5, Switch 2, Xbox Series

Dragon’s Dogma originalarekin gertatu modura, Capcom bigarrena biziberritzen saiatuko da Dark Arisen espantsioarekin. Elurrezko mapa berria, ziegetako hamabi erronka eta gure arisen protagonistarentzako itxurak ikusiko ditugu.

DD2 arazo ugarirekin estreinatu zen 2024. urtean: errendimendu eskasa, etsai errepikakorrak eta istorio motela kritikatzen zituzten jokatu zutenek, oinarri sendoak, baina hobetzeko asko dituela aldarrikatuta. Irail hasieran doako Arise Again eduki gehigarria ere kaleratu zuten Capcomekoek, errendimendua txukunduta, eta askotariko zuzenketa txikiak gehituta.

Ea berritasunek akatsik esanguratsuenak konpontzeko gai diren: eduki guztiak Switch 2an ikusiko ditugu zuzenean, baina ordainpeko espantsioarekin PC, PS5 eta Xbox Series plataformetara ere iritsiko dira.


Valor Mortis

  • Argitaratze data: 2026-10-13
  • Garatzailea / Argitaletxea: One More Level / Lyrical Games
  • Generoa: Akzioa
  • Plataformak: PC, PS5, Xbox Series

Armada napoleonikoen zein naturaz gaindiko munstroen aurka jarriko gaituen akzio joko berezia prestatzen dabiltza Ghostrunner ezagunen garatzaileak.

Izurrite misteriotsua zabaltzen ari dela, lehen pertsonako ikuspegian tiroketak eta magia biziko ditugu protagonistarekin. Kontraerasoak, bulkadak eta exekuzio odoltsuak gakoak izango dira bizirik jarraitzerako orduan. Grafikoki aurkezpen indartsua dakar, baina ez da prezioan islatuko, 40 eurotan saltzeko asmoa baitaukate, egungo jokoei aurre egin ahal izateko.


over the hill

  • Argitaratze data: 2026-10-14
  • Garatzailea / Argitaletxea: Funselektor Labs
  • Generoa: Simulazioa, abentura
  • Plataformak: PC

Absolute Drift zein art of rally ederren garatzaileak estetika berezia berreskuratuko dute over the hillekin, proposamena aldatuta. Abentura kooperatibo lasaia biziko dugu pertsonalizatzeko aukera mordoarekin datozen 4x4ko ibilgailu klasikoen gainean.

Esplorazioa eta patxada izango dira zutabe nagusiak, bakarka, zein hiru lagunekin, toki anitzak zeharkatzerakoan. Oztopoak gainditzen, paisaiaz gozatzen eta komunikatzen ibiliko gara, Mudrunner eta Snowrunner gogorarazita. Bidaiari buruzko jokoa da, helmugaren ingurukoa baino, egileek dioten bezalaxe.


Castlevania Belmont’s Curse

  • Argitaratze data: 2026-10-15
  • Garatzailea / Argitaletxea: Evil Empire / Konami
  • Generoa: Akzioa, abentura
  • Plataformak: PC, PS5, Switch 2, Switch, Xbox Series

Castlevania sagak ez du bideojoko berririk jaso 2014ko Lords of Shadow 2tik, beraz, Belmont’s Cursen estreinaldia oso garrantzitsua da zaleentzat. Jokagarritasun klasikoa berreskuratuta dator, 2.5D mekanikekin, oraingoan 1499. urteko Parisko kaleetan kokatzeko.

Protagonista berria ikusiko dugu, baita: Rose Belmont banpiro ehiztaria. Vampire Killer zigorra eskuan hartuta, munstroek hartutako hiria esploratuko dugu berarekin, borrokak zein plataforma erronkak gaindituta, usteldutako misterioa argitzeko. Tarot karten arkana sistema inplementatu dute Evil Empire estudiokoek ahalmenak desbloketazeko, eta abileziak pertsonalizatzeko aukera ere ikusiko dugu armekin eta ekipamenduarekin.

Gaur bertan doako demoa estreinatu du, gainera, proposatzeko daukana behar bezala ezagutu ahal izateko.

 


Nintendo Switch Sports Resort

  • Argitaratze data: 2026-10-22
  • Garatzailea / Argitaletxea: Nintendo
  • Generoa: Kirola
  • Plataformak: Switch 2

Wuhu irlara itzultzeko gonbidapena helaraziko digute Nintendokoek urria bukatu aurretik. Joy-Con 2 aginteen ezaugarriak eta funtzionalitateak erabilita, kirol eta minijoko sorta zabala prestatuko dute oraingoan: arkularitza, boxeoa, ping-ponga, tenisa, boloak, saskibaloia, golfa, erpuru borroka, skateboardinga, uretako motoak eta hegazkinlaritza batuko ditu, sokasaltoarekin batera.

Mii pertsonaia klasikoak zein eraberrituak sortzeko eta apaintzeko sariak, irla nahi bezala esploratzeko eta argazkilaritza lanetan aritzeko aukerak edo beste eduki mordoa agintzen ditu, aurreko Switch Sportsetik pixkat aldenduta, Wii-ko Sports jokoengana hurreratzeko.

 

Final Fantasy Resonance

  • Argitaratze data: 2026-10-22
  • Garatzailea / Argitaletxea: Square Enix, Lancarse
  • Generoa: JRPG
  • Plataformak: PC, PS5, Switch 2, Switch, Xbox Series

Lehen HD-2D estetikadun Final Fantasy jokoa mugikorretarako Final Fantasy Brave Exvius probatu dutenek ondo ezagutuko dute; izan ere, honen PC, PS5, Switch 2, Switch eta Xbox Series gailuetarako moldatutako bertsioa da.

Rain eta Lasswell gidatuko ditugu: Grandshelt erresumako aire ontzien eskuadroiko komandantea eta bere komandanteordea. Misio batean Veritas of the Dark misteriotsuaren aurka galdu ondoren, lurreko kristal sakratua suntsituta geratuko da. Gainerako kristalak babestea izango da protagonisten helburua txandako borroken artean; gainera, Final Fantasy titulu desberdinetako heroiak inbokatzeko ahalmena edukiko dugu.

Demoa proba dezakegu dagoeneko, eta iritzi apartak bildu dituela aipatu beharra dago.

 


Call of Duty Modern Warfare 4

  • Argitaratze data: 2026-10-23
  • Garatzailea / Argitaletxea: Infinity Ward, Beenox, Digital Legends, Activision Shanghai, Raven Software, Treyarch, Sledgehammer Games, High Moon Studios / Activision
  • Generoa: Akzioa
  • Plataformak: PC, PS5, Switch 2, Xbox Series

Ipar eta Hego Korea arteko gatazkan ardaztuko da aurtengo Call of Duty. Kanpaina modalitatean biziko ditugu jazoerak, hiru alderdi desberdinetatik: soldadu hegokorearrak zein iparkorearrak kontrolatzeaz gain, Price kapitainarekin ere ariko gara.

Multijokalarian mugimendu berriak, pertsonalizazio aukera gehiago, fisika errealistagoak eta estreinaldirako hamabi mapa desberdin agintzen dituzte, besteak beste. Gun Game izeneko joko mota ere bueltan da, ausazko armekin borrokatzea proposatuz. Berritasunekin amaitzeko, DMZ modalitatea ikusiko dugu: ateratze tiro jokoan (extraction shooter) bilakatuko da MW4, bakarka zein taldeka jokatzera gonbidatuz.



Phantom Blade Zero

  • Argitaratze data: 2026-10-29
  • Garatzailea / Argitaletxea: S-GAME Studio
  • Generoa: Akzioa, soulslike
  • Plataformak: PC, PS5

Azkenik, badatorrela dirudi: aspaldi aurkeztutako Phantom Blade Zerorekin agurtuko dugu urria. Soulsborne jokoen pausoak jarraitzen dituela badirudi ere, Devil May Cry edo Ninja Gaiden bezalako hack and slash tituluetan ikusitako akzio ikusgarria eskaini gura digu S-GAME estudioak.

“Kungfupunk” ideia sortu dute horretarako: “kungfu txinatarra, steampunk itxuradun makinak, magia nahiz kategoria hauetatik at geratzen diren elementu misteriotsuak” elkartuko dira. Soul izeneko asasinoa izango da gure protagonista. Ia heriotza aurkitu ostean, 66 egun edukiko ditu The Order erakundearen burua hiltzeaz arduratu dena aurkitzeko. Erdi irekitako mundua zeharkatuko dugula diote arduradunek: eskuz sortutako mapa handiarekin topo egingo dugu.