Urtea gogotsu hasteko ez dago datorrenari begira jartzea bezalakorik: datozen hilabeteetan estreinatuko diren jokorik interesgarrienak bildu ditugu.
Urtea hasita, 2026an estreinatuko diren bideojokoak errepasatzeko une aproposa da. Enpresa handiek aurtengo egutegia osatuta daukate, orokorrean. Kasu batzuetan, datak ezarrita daude dagoeneko; besteetan, urtea bukatu aurretik estreinatuko diren bideojokoak apuntatuta ditugu agendan.
Ezustekoak egongo dira, hori ziur. Ustekabean estreinatuko diren bideojokoak, zein berandutze handiak. Horixe bera ikus dezakegu iazko artikulura begira jarriz gero: Grand Theft Auto VI 2025ean kaleratuko zuela iragarrita zeukan Rockstar Games taldeak, eta, azkenean, ez da horrela izan. Horren ordez, aurten prest edukitzeko asmoa daukate: ikusi egin beharko da.
Hardware aldetik, ez dugu kontsola berririk ikusiko, iaz Switch 2 desiratua merkaturatu baitzen, azkenik. Hala eta guztiz ere, PCko erabiltzaileek badute zer itxaron, Valve-k Steam hardware sorta berria estreinatuko duela iragarri zuen duela aste batzuk-eta.
Goazen, bada, 2026ko estreinaldi handiak ezagutzera.
Urteko lehen bideojokoak
Urtarrileko titulurik interesgarrienak asteon argitaratutako agendan errepasatu ditugu. Obra esanguratsuak dauden arren, ezin daiteke esan urteko hilerik indartsuena denik —ohikoa izaten da, eguberrien ostean diru zorroa gordetzea komeni baita—.
Otsailean bai, gogor ekingo diote industriako talde handiek. Dragon Quest VII Reimagined berregitearekin hasiko da bideojokoen festa, JRPG mitikoaren berregite berria otsailaren 5ean iritsiko baita.
Ez da atsedenik egongo ostean. Nioh 3 otsailaren 6an ikusiko dugu, samurai-ak eta deabruak batuz PCan zein PS5ean; Edmund McMillen indie sortzaileak katuak eta estrategia batuko ditu Mewgenics (otsailak 10) tituluarekin otsailaren 10ean; Suda51 japoniarrak Romeo is a Dead Man eroaren akzio dinamikoa ekarriko du otsailaren 11n, bestalde; egun bat beranduago, otsailaren 12an, Mario Tennis Fever zein Yakuza Kiwami 3 & Dark Ties japoniarrak lurreratuko dira; otsailaren 13an Reanimal beldurrezko abentura utziko digute Tarsier Studios-ekoek.
Hilabetearekin bukatzeko, urteko argitalpenik handienetakoa dator: Resident Evil Requiem, Capcom-en beldurrezko sagaren bederatzigarren atal handia, otsailaren 27an estreinatuko da PC, PS5, Switch 2 eta Xbox Series gailuetan.
Martxoak ere altxor ugari dakartza. Sakeleko munstroen zaleek Pokémon Pokopia sormen eta kudeaketa obra ederra jasoko dute martxoaren 5ean; indie jokoekin jarraituz, hiri distopikoan geratzen den Replaced ikusgarria martxoaren 12an kaleratuko da PC eta Xbox Series plataformetan; egun berean Fatal Frame II: Crimson Butterfly beldurrezko klasikoaren berregitea helduko da gailu nagusietara, kamera hartzera derrigortuz; Monster Hunter Stories 3: Twisted Reflection-ek munstroak harrapatzen jarriko gaitu, ehizatu beharrean, hauekin JRPG abenturak bizitzeko martxoaren 13tik aurrera; mundu irekiko Crimson Desert akzio abentura desiratua, berriz, martxoaren 19an helduko da; amaitu aurretik, PlayStation-ek eta Bungie-k Marathon polemiko bezain itxurosoa argitaratuko dute PCan nahiz PS5ean martxoko zehaztu gabeko egun batean, eta gauza bera gertatuko da Slay the Spire II roguelike-aren aurretiazko sarbidearekin.
Apirilarekin jarraituz, Capcom-eko japoniarrek Pragmata ikusgarria prest eduki nahi dute apirilaren 24rako. PlayStationen eta Housemarque-n Saros frenetikoa, bestalde, apirilaren 30ean kaleratzea espero da.
PCkoentzako jostailu berriak
Urteko lehen hilabeteetan, dena ondo badoa behintzat —orain sakonduko dugu horretan—, Valvekoek hardware berria merkaturatzeko asmoa daukate.
Bi gailu eta osagarri bat ikusiko ditugu. Lehenik eta behin, Steam Machine taimaina txikiko ordenagailuen berpizkundea dator; bigarrenik, Steam Frame errealitate birtualeko kasko interesgarriak kaleratuko ditu Gabe Newell-en enpresak; bukatzeko, Steam Controller eraberrituarekin gailu guztiok —eta gehiago— kontrolatzeko ahalmena eskuratuko dugu.
Data zehatzik eduki gabe, azaroan iragarri zituztenean “2026 hasieran” merkaturatuko zirela azaldu zuten Valvetik. Zehaztapenak eta xehetasun guztiak Game Erauntsian argitaratutako albistean irakur ditzakezue; horrez gain, gailu berriekin batera aurkeztutako ezaugarri berezi batek ARM gailuetan ahalbidetuko dituen aukeretan sakondu genuen erreportaje berezi honetan.
Tamalez, zain egon gaitezkeela dirudi. RAMaren krisiak berau erabiltzen duten gailuetan gogor eragin dezakeela dirudi: PlayStation edo Xbox kontsola berrien iritsiera honen ondorioz berandutu daitekeela entzun izan dugu egunotan; hori horrela, Steam gailu berriak ez dira garairik onenean aurkeztu, eta Valvek aldaketa handiak iragar ditzakeela pentsa daiteke. Prezioari soilik eragingo diote, beharbada, baina data atzeratzea ere ekar dezake.
2026ko bukaerako estreinaldiak
Lehen hilabeteetakoak ezagutu ditugu, baina data ezarrita daukaten hainbat joko geratzen dira oraindik. James Bond espioiaren joko berria estreinatuko du IO Interactive taldeak 007 First Light maiatzaren 27an; akzioa girotze txinatarrarekin batuko du Phantom Blade Zero-k irailak 9an; azkenik, eta, beste berandutzerik ez badago —bi daramatzate—, Rockstar Gamesek azken urteotako jokorik desiratuena kaleratuko du aurten: Grand Theft Auto VI azaroaren 19an argitaratuko da PS5 eta Xbox Series kontsoletan.
Zer gehiago? The Duskbloods, Marvel’s Wolverine, Onimusha: Way of the Sword, The Blood of Dawnwalker, Elden Ring Tarnished Edition, Fable, Fire Emblem: Fortune’s Weave, Forza Horizon 6, Marvel Tokon: Fighting Souls, Mina the Hollower, Tomb Raider: Legacy of Atlantis edo Warhammer 40,000: Dawn of War IV helduko dira urtea bukatu aurretik, baina argitalpen data zehazteke daukate oraindik.
Lander Unzueta
Iruzkinak