3000 botoko helburua jarri genuen eta azkenik 4100 lortu ditugu. #3000Twitz kanpainako antolatzaileak oso pozik gaude honek izan duen garapenarekin. Orain aurrera begirako pausoak zein izango diren zehaztu behar ditugu.

Pasa den larunbatean,  abenduaren 5ean, #3000Twitch kanpaina amaiera eman geniogun 24 orduko emisio maratoiarekin. Zehaztutako epean 3000 botoko langa gainditu genuen eta guztira 4100 baino gehiago jaso. Antolatzaileak, euskal bideo-joko zale komunitatea, Game Erauntsia Elkartea eta Arkkuso eta Nebukai eduki sortzaileak kanpainaren harrerarekin oso pozik gaude.

Euskal Herritik ez ezik, beste gertuko zein hurruneko lurraldeetatik botoak jaso dira, Ameriketatik ere. Horren froga eskaeran agertzen diren komentarioak dira, erabiltzaile asko eta askok beraien jatorria adierazi dutelako. Azpimarratzekoa da Katalunia, Galizia eta Valentziako sortzaileek kanpainaren hedapenean egindako ekarpenak, hizkuntza minorizatuen elkartasunaren alde. Gainera, guk bezala, Galizian galegoa hizkuntz ofiziala izateko eskaera egin dute.

Ekimenaren harrera

Kanpainak oso harrera positiboa izan du. Egitarauaren parte izan diren sortzaileez gain, hainbat pertsonek interesa erakutsi dute zuzenekoak egiten hasteko. Horietako batzuk gainera 24 orduko maratoira gehitu dira. Ikus-entzuleen erantzuna pozgarria izan da, emisio bakoitzeko txatean parte-hartzea handia izan delarik.

Gainera, #3000Twitzeko egitaraua euskararen aniztasunaren erakusle izan da, izan ere, sortzaileak Euskal Herriko txoko guztietatik parte-hartu dute: Azkoitia, Azpeitia, Barañain, Bermeo, Bidarrai, Donostia, Gernika, Getxo, Leioa, Gasteiz, Oiartzun eta Zarautz.

Euskal Herriko hedabide askok interesa erakutsi dute eta elkarrizketa askotan parte-hartu dugu antolatzaile eta sortzaileok. Esanguratsua da euskal diasporako hedabide batek gure egitasmoaren berri eman zuela, AEBtan zehar gure mezua hedatzen lagunduz.

Hala ere, azpimarragarria izan da euskaldunak diren baina bere edukiak beste hizkuntzetan zabaltzen dituzten sortzaileen laguntza. Hauek egunero milaka zaleen jarraipena dute eta botoa eskatzen lagundu dute. Nabarmentzekoak izan dira besteak beste, Rubik, Ander Cortés eta Ibai Llanos streamerrak.

Twichen erantzunaren zain

Botoak lortu ditugu eta orain Twitchen euskara ofiziala izateko itxaron behar dugu. Twichek gure eskaera kontuan hartu beharko du eta horretarako ez dago eperik. Katalanek 2.905 bozkarekin lortu zuten Twitchek euren hizkuntza onartzea eta hori dela eta #3000twitz ekimeneko antolatzaileek 3000 botoetara iristeko helburua jarri zuten. Orain, euskaldunek erronka bete ondoren, Twichen esku dago euskara bere sisteman onartzea. Lortu bitartean, eskaeraren alde bozkatzeko aukera irekita jarraituko du.

Streamer euskaldunen etorkizuna eraikiz

Ekimenak utzi dituen ondorio pozgarrienen artean Landeths erabiltzailearen eta Game Erauntsia Elkartearen kanalak Twichen afiliatu kategoria lortzeko baldintzak betetzea izan da. Hau kanpainan zehar lortutako audientziei esker lortu dugu.

Twitchek euskara onartu bitartean, antolatzaileok lanean jarraituko dugu Twichen euskaldunei ikusgaitasuna ematen. Horretarako lehenengo pauso bezala Twitcheko kanalen zerrenda sortu dugu. Kanpainaren sare sozialak eraberritu bitartean, euskal sortzaileen emisioen berri ematen jarraituko du. Bestalde, 2020ko Gabonei begira egitarau bat antolatzeko proposamena mahai gainean dago.

Eskerrak

Antolatzaileok eskerrak eman nahi dizkiogu #3000Twitz kanpainan parte-hartu duten guztiei, bere botoa eman duten erabiltzaileei, eduki-sortzaileei, kanpaina hedatzen lagundu dutenei eta elkarrizketatuei. Pertsona asko inplikatu dira proiektuan eta oso pozik gaude jasotako harrera positiboarekin. Sarean euskara babesteko lan handia egin dugularen sentsazioa daukagu eta aurrera jarraitzeko prest gaude.