Garatzaile bezala Inkle Ltd eta Cape Guy Ltd taldeak ditu, eta argitaletxe bezala hauetako lehena. 2014an kaleratu zuten iOS-erako zein Android-erako, eta, ondoren, Microsoft zein OS X sistema eragileetarako bertsioak 2015ean irten ziren. Istorio aberatseko eta erabakiak kontutan hartzen dituen bideojoko motaren barruan sartzen dute egileek, Jules Verneren “Around the World in Eighty Days” eleberria hartzen du abiapuntutzat, ezaugarri bereziak gehituz.

 

Eman diezaiogun munduari bira...

Bideojokoak Passepartout pertsonaiaren larruan jartzen gaitu, nobelako Phileas Fogg jaunaren zerbitzariaren larruan hain zuzen ere. Egun batean gure nagusiak bidaia bat hasi behar dugula esango digu, antza denez apustu oso arriskutsua egin baitu, mundu osoari 80 egunetan edo lehenago buelta ematea. Londonetik abiatuta bidaiaren oso atal garrantzitsuak kudeatuko ditugu Passepartout bezala, eta maila handi batean gure nagusiaren arrakasta edo porrota geure esku egongo da.

Jokoaren zati handi bat Lur planetaren esferari begira emango dugu, bisitatuko dugun hurrengo hiria aukeratzen. Zeregin honetan aldagai desberdinak hartu beharko ditugu kontuan: bidaiak balio duen dirua, beharrezkoak izango diren bidaia-egunak, garraiatuko dugun ekipajea… Aukeratutako bideak garrantzi itzela bereganatuko du, izan ere, gure pertsonaiek ez dute hirien arteko garraioen lotura guztien berri izango, eta informazio baliotsu hau objektu zein elkarrizketa desberdinen bidez lortuko dute. Informatuta egotea beraz, berebizikoa izango da munduari bira eman eta Londonera berriz garaiz heltzeko.

Sarritan erabiliko dugun mapamundiak erabaki estrategikoak egitera bultzatuko gaitu.

Jokoak badauka 1872an kokatutako eleberriarekiko aldaketa nabarmen bat bere girotzeari dagokionean, steampunk estiloan egindako artelana dugu. Batez ere teknologia arloan igarriko dugu hau, erabiliko ditugun ibilgailuetan azpimarra jarriz.

Lurrun-bidez indartutako zaldi mekanikoek mugiarazitako gurdiak, mota ezberdinetako globo aerostatiko zein zepelinak eta bestelakoak izango dira honen adibide. Hau zenbaitetan beltzez egindako irudietan ikusiko badugu ere, batez ere, gertakizunen zati handiena azalduko duten testuetan jasoko dugu. Honela, XIX. Mendearen aldaera alternatiboa ezagutuko dugu, teknologia, gremio eta bestelako hainbat ezaugarri dituena.

Jokoaren zati handi bat Lur planetaren esferari begira emango dugu, bisitatuko dugun hurrengo hiria aukeratzen.

Passepartout bezala erabaki nahikotxo hartuko ditugu, eta zenbait gauza kontrolpean izaten saiatu beharko gara. Hasteko, 80 egunen atzera kontua gainean izango dugu hastapenetik, uneoro. Phileas Foggek banketxeak lagun ditu eta maileguak eskuragai izango baditugu ere, erabiltzen dugun dirua zaindu beharko dugu.

Abenturaren hasieran gure ibilbidearekiko erabaki garrantzitsuak hartzen dira.

Dirua maneiatzea hiri bakoitzeko merkatuetan objektuen salerosketa egiterakoan zein hurrengo hirirako garraioa kontratatzerakoan izango da garrantzitsua. Azoketan egin dezakeguna ere baliagarria da, garraio desberdinen ordutegiak lor genitzake, hiri ezberdinen arteko loturen berri izateko. Gainera, eros ditzakegun zenbait jantzik eta objektuk egoera desberdinetan abantailak eskainiko dizkigute.

Esaterako, tren gidariaren jantziaren atal guztiak lortuz gero, garraio hauek dagokiena baino egun batzuk arinago abiatuko dira edo merkeago aterako zaizkigu, hots, kasu hauetan negoziatzeko ahalmena hobetuko dugu. Honez gain, hiri batean merke eros daitezkeen gauzak, beste leku batzuetan askoz garestiago saltzeko aukera izango dugu, toki jakin horretatik pasatuz gero.

Dena dela, oinarrizko mekanika interaktiboez gain, jokoak eskaintzen duen testu bidezko esperientzia ere aipatu behar da, izan ere, jokoaren beste atal handietako bat baita. Passepartout bezala aukera desberdinak izango ditugu hiri bakoitzean, bertako tokiren batera joaterakoan gertakizunak kontatuko zaizkigu narrazio bidez eta berriz ere, aukera gehiago eskainiko zaizkigu.

Bisitatutako hirietan gauza ezberdinak jazoko dira eta hauen barruan geuk erabaki anitz izango dugu hautatzeko. Honek “aukeratu zure abentura” motako liburuen antzeko esperientzia bat ekarriko digu. Modu honetan, bahituak izatea, itsasontzi bateko kapitain bilakatzea edo egun batzuez zirku batean lan egitera behartuak izatea bezalako pasadizoak aurkeztuko zaizkigu.

Fogg jaunaren zerbitzari bezala, bere osasun zein helburuak babestuko ditugu.

 

Gure abentura aukeratuz

Oro har, ondo hartutako artelana da, gaur egun Steam saltokian %92ko iruzkin positiboak dauzkana. Kontuan hartzekoa da 80 Days-ek zer eskaintzen duen, testu bidezko abentura da funtsean, aukera desberdinak eskaintzen dituena.

Ingelesez jolastu daiteke soilik eta modu zuzenean idatzita dago, hizkuntza honetan irakurtzeko gogoa duenarentzat edo maila hobetu nahi duenarentzat aproposa da. Geografia aldetik ere interesgarria da, herrialdeen banaketa politikorik egin gabe hainbat hiriburu ikusiko ditugulako, gure orientazio geografikoa elikatuz.

Bisitatutako hirietan gauza ezberdinak jazoko dira eta hauen barruan geuk erabaki anitz izango dugu hautatzeko.

Jokalari gutxi batzuen kexak ere interesgarriak dira bere izaera hobeto ulertzeko. Batzuek diote bere nolanahiko roguelike izaerak kalte egiten diola. Behin abentura bat bukatutakoan, hurrengoan berriz ere zerotik hasiko gara. Honek hurrengo jokaldietan zenbait testu errepikatzea ekar dezake, eta hau lehen aldia balitz bezala irakurri beharko dugu (testua azkartu daiteke).

Horrez gain, hautaketaren batean damutuz gero, ez da atzera bueltarik egongo eta galdutako aukera hori berriz lortzeko, zerotik hasi beharreko beste jokaldi batean lortu beharko litzateke. Esan daiteke beraz, jokalari batzuek “aukeratu zure abentura” liburuetan tranpa egiten zuten irakurleek gaizki har dezaketela. Hau bigarren jokalditik aurrera aukera guztiak jokaldi bakar batean arakatu nahi dituztenei ere aplikatzen zaie.

Bidaian zehar, han erositakoa hemen salduko dugu dirua lortu eta aurrera jarraitzeko.

Pertsonalki, interesgarria iruditu zitzaidan esperientzia izan zen, baina jokaldi bakarrarekin nahikoa izan nuen. 80 egunak bete baino zertxobait azkarrago iritsi nintzen helmugara eta izaera geldoa duen arren bere ataka egoerak eskaini zizkidan. Onartzen dut beste ibilbide bat eginda pasadizo interesgarri gehiago aurki daitezkeela, antzezten duen mundua interesgarria delako. Hala ere, epe luze batez jokaldi bakar batekin nahikoa izango dudala deritzot.

Ingelesez testu bidezko abentura testuinguru alternatibo batean bizi nahi dutenentzat gozagarria izan daitekeen jokoa dugu 80 Days. Batez ere, testua kudeaketa ataza sinpleekin uztartuta nahi izatekotan. Hiru ordu inguruko iraupena izaten du erritmo arruntean joandako jokaldi batek eta jokalari askok jokaldi bakarrarekin nahikoa izango dute. Aitortu behar zaio, narrazioaren indarraren bidez hasieran dirudiena baino modu erakargarriagoan murgilarazi gaitezkeela bere abenturetan.