Belaunaldi berriko kontsoletarako bertsioak ere prestatzen ari da Asobo Studio garatzailea egun bererako.

Switcheko jokalariek kontsolaren muga teknikoen ondorioz punta-puntako bideo-joko asko galdu behar badituzte ere, badira azken teknologiak erabilita sistema hibridora hurreratzen ahalegintzen diren lanak. Hauxe gertatuko da Asobo Studiok garatutako A Plague Tale: Innocence bikainarekin: hodei bidezko jokoarekin helduko da Nintendoren kontsolara uztailaren 6an.

Abenturan Amicia eta Hugo neba-arreben kontrola hartuko dute jokalariek XIV. mendeko Frantzian. Gerrak suntsitutako lurretatik ihes egin beharko dute, baina baita izurrite beldurgarriarengandik ere. Biolentziaz betetako munduarekin topo egingo dute bi protagonistek.

Control, Hitman 3 eta bestelako lanekin gertatu modura, soilik formatu digitalean saldu eta jokatu ahalko da abentura berezi honetara Switchean. Interneteko konexio ona ezinbestekoa izango da behar bezala gozatzeko: Nintendotik gomendatzen dutenez kable bidez jokatzea da aproposena. Halere, hodei bidez jokatu daitezkeen joko guztien froga motza eskaintzen dute Kiotokoek, behar bezala funtzionatuko duela ziurtatzeko.

Switcheko bertsioarekin batera Asoboren bideo-jokoa PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan ere merkaturatuko da. Egun berean egingo du, uztailaren 6an, eta askotariko hobekuntza teknikoak prestatzen ari dira kontsola berrien indarraz baliatzeko.

PS5aren eta Xbox Series Xren kasuan 4K, HDR, Audio 3D eta segundoko 60 irudiko tasa agindu dute garatzaileek. Xbox Series Sak antzeko ezaugarriak edukiko ditu, baina 4K-ko bereizmena alboratu beharra izango du.

E3 2021 azoka digitalaren baitan aurkeztu zuten Asobokoek Innocence honen jarraipena. A Plague Tale: Requiem PC, PS5 eta Xbox Series plataformatan kaleratuko dute, baina aurrekoarekin egingo duten modura Switcheko hodei bidezko bertsioa ere jokatu ahalko da.