A Plague Tale: Requiem 2022ko urriaren 17an Asobo Studio-k garatuta eta Focus Entertainment argitaletxeak kaleratutako bideojokoa dugu. Jokoa PlayStation 5, Xbox Series X/S eta ordenagailuetarako Windows sistema eragilerako bertsioak dauzka. Nintendo Switch kontsoletan ere joka daiteke, baina Internetera etengabeko konexioa eskatzen duen laino-bertsioa erabiliz soilik. Bideojokoa hirugarren pertsona ikuskera darabilen akzio eta abentura jokoa dugu.
Aztertuko dugun joko hau 2019an kaleratu zuten A Plague Tale: Innocence bideojokoaren jarraipen zuzena dugu. Lehen jokoak 1348an kokatzen du jokalaria, eta Amicia izeneko neska gaztea gorputzarazten du. Amiciak Hugo izeneko neba gazteago bat dauka, gaixotasun berezi bat pairatzen ari dena. Kaleetan sarraskia gauzatzen ari den Izurri Beltzak heriotza eragin du gizartean eta badirudi lotura bitxi bat dagoela izurritea eta Hugoren gaixotasunaren artean.
Bizitasunez beteriko zenbait herrigune bisitatuko ditugu.
Hasitako bideari berrekinez
A Plague Tale: Innocence bideojokoa bukatu zen tokian hasten da gutxi gora-behera A Plague Tale: Requiem hau. Hori dela eta, komenigarria deritzot lehenik 2019koa jokatzea, posible baldin bada. Aurreko abenturaren amaieran batera zeuden pertsonaiek bizimodu hobe baten bila jarraitzen dute. Gauzak horrela, Amicia, Hugo eta besteek mutilaren osasuna orekatuta mantentzea eta bizitza arrunt batez gozatzea dute helburu.
Aurreikusiko zenutenez, hainbat arrazoiengatik gertakizunak bata bestearen atzetik kateatuko zaizkigu, eta, ondorioz, protagonistek abentura ilun bezain interesgarria biziko dute. Komenigarria da argitzea, bai lehen jokoa zein bigarren hau helduei bideratutakoak direla, hots, 18 urte edukitzea gomendatzen da bertan gertatzen dena ondo geureganatzeko.
Bigarren kapituluaren erdialdean egoeraren benetako larritasuna ikusten hasten gara.
Esan bezala, Hugoren egoera aldakorra da, batzuetan ez dago ondo, eta honek zerikusi zuzena du arratoi beltzen uholdez josita agertzen den Izurri Beltzarekin. Jokalaria, Amicia kontrolatuz, Hugoren ongizatea zaintzen saiatuko da. Ondorioz, zeregin desberdinak tartekatzen dituen bideojokoaz gozatuko dugu: batzuetan isilpean joatea eskatzen duten zatiak, buru-hausgarrien konponketa bilatzea eskatzen duten egoerak, akzio zein borrokarako bideratutako atalak eta esplorazioa edo istorioaren garapena bultzatzen duten parteak.
Arratoiak sua eta argiaren beldur dira, etsai zein aliatuek etekina aterako diote honi, bizirauteko lehen araua bilakatu da.
Aurreko jokoan neba espresuki zaintzea eskatzen zuten bezalako atalak ez dituzte sartu. Hauetan, Hugori esan behar izaten genion noiz segi behar gintuen, eta noiz itxaron behar zuen zegoen tokian. Nire aburuz ongi egin dute honelako atalak kanpoan uzten. Izan ere, isilpean ibiltzea eskatzen zuten atalak astunagoak bilakatzen ziren.
Arratoiz inguratuta badaude eta argia itzaltzen badiegu, etsaiak babesgabe geratzen dira.
Nobleziaren zati zen De Rune leinukoa izanda, Amicia fisikoki zein mentalki ondo hezitako pertsona da. Zeharo trebea da habaila erabiltzerakoan, gai da tresna honen bidez burua babesik gabe duen etsai bat harri-kolpe bakarraz akabatzeko. Arerioek buruan kaskoa badute, ezingo ditu zuzenean erail, hauen gorputza kolpatuz denbora pixka bat irabaz dezakeen arren.
Emakume gaztea da, eta sasoian dago, harrapatu nahi duten soldaduak bultzatu ditzake, iheserako denbora gehiago lortzeko. Aizto bat eskura duenean ere, azkar erasotzeko gai da, zorte apur batekin, etsaia erailez. Baina orokorrean fisikoki borroka galtzeko probabilitate gehiago dauzkan pertsona dugu Amicia, horrek burmuina erabiltzea eskatuko dio jokalariari.
Aurreko jokoan bezala, Izurrite Beltza arratoi oldarkor eta aseezinez betetako itsaso bezala adierazten zaigu. Karraskakarien multzoa zapaltzeak heriotza dakar, lantegi bateko makina arriskutsu batek triskatuko gintuzkeen erara. Arratoiak suaren eta argiaren beldur dira, etsai zein aliatuek etekina aterako diote honi, bizirauteko lehen araua bilakatu da. A Plague Tale kontakizunak asko jokatzen du sua edota argia piztu eta itzaltzeko mekanikekin, bestelako buru-hausgarriak badauzka ere, kontuan hartzekoa da.
Kokaleku anitzetan zehar ibiliko gara istorioa garatzen den bitartean.
Aipatutako funtzionamendua etsaiekiko ere garrantzitsua bilakatzen da. Erregaia jaurti dezakegu lurrera, txingar batekin une batez sua piztu eta arratoiak uxatzeko, baina baita gure arerioa den gizaki bat kiskaltzeko ere. Kontrakoa ere egin dezakegu, karraskariz inguratuta dagoen zaindari bati, babes bakartzat duen zuzi argitsua urrunetik itzaltzen badiogu, arratoi-haginkaden ondorioz erabat birrintzen ikusiko dugu.
Amicia fisikoki zein mentalki ondo hezitako pertsona da, zeharo trebea da habaila erabiltzerakoan.
Kasu batzuetan buru-hausgarri edo isilpean biltzeko atal batzuk astunagoak egin zaizkit, baina maila batean gero azalduko dudan arrazoi batengatik izan da. Istorioari buruz, esan nahi dut, orokorrean gogoko izan dudala. Aurreko jokoaren oinarria mantentzeaz gain, zerbait gehiago eskaintzen saiatu direla deritzot. Atalen bat ez zait hainbeste gustatu, baina, oro har, modu txukunean egindako kontakizuna iruditu zait. Zenbait jende oso kritiko agertu da gidoiaren eta protagonistaren jarrerarekin. Nire kasuan entretenimendu bezala hartu dut, ez naiz modu kritikoan aztertzera heldu eta nire esperientzia orokorrean ona izan da.
Bukaerako kapituluetan balista indartsu bat lortuko dugu.
Estetikoki ondo zaindutako artelana dugu A Plague Tale: Requiem hau. Pertsonaia zein kokalekuak xehetasunez hornituta ageri dira eta aukera grafiko astunenak aktibatuz gero ahalmen nabarmendun gailua eskatuko digu. Akustikoki ere maisuki eratutakoa da jokoa, aipamen berezia egin nahi diot biolinari, espero ez duzunean modu zehatzean bihotzean atximurka egiteko gai diren soinu bihurriak sartzen baititu.
Izurrite Beltza arratoi oldarkor eta aseezinez betetako itsaso bezala adierazten zaigu.
Etorkizunean jokatzea espero dutenei, gomendio txiki bat, badaezpada. Batzuetan era zuhur eta arretatsuan jokatzea bilatzen dut, ahalik eta lehengai gehien bilatzen ditut eta, aldi berean, ahalik eta lehengai gutxien erabili. Honela, zuhurra izatetik zuhurra izatera pasatzen naiz batzuetan. “Ea gai naizen suzko jaurtigairik erabili gabe altxor-kutxa hartara iristeko” eta ez, ez da komeni horrela ibiltzea, logikoena arratoi edo aurkako gizakiek erailda amaitzea baita.
Saihesgarriak ziren zenbait bider zendu da nire pertsonaia horrelako "perfekzionismo txatxua" bilatzen zuten nire jarreren ondorioz. Argitu nahi dut, jokoak beharrezkoak direnak baino lehengai gehiago eskaintzen dituela eta ez duela merezi horrela denbora galtzen ibiltzea.
Amicia edozer egiteko prest dago bere nebaren ongizatea zaintzeko.
Amaitu baino lehen, euskaldunak garenez gero, abentura hau Proventzan garatzen den arren, protagonistak jatorriz Guyenne izeneko toki batekoak dira. Beharbada zenbait euskaldunek espero dutena baino leku hurbilagokoak.
A Plague Tale: Requiem ondo landutako kontakizuna helarazten saiatzen da, artistikoki zainduta dagoen atalekin batera. Akzioa, isilpea, buru-hausgarriak, esplorazioa eta eta istorioa uztartzeko proportzioak zaintzen saiatu da. Aipatutako azpiatalen bat astunegia ez suertatuz gero, esperientzia duin eta interesgarria eskaintzeko gai dela deritzot. Gaur egun % 91 da Steamen erabiltzaileen aldetik jasotako iruzkin positiboen ehunekoa.
Iruzkinak