Epic Games Storean estreinatuko da Creative Assemblyren estrategia jokoa.

Creative Assemblyk garatutako A Total War Saga: Troy doan estreinatuko da abuztuaren 13an. Joan den urteko irailean iragarri zuen Segak Total Warren jarraipena. Epic Games Storean argitaratuko duten jokoaren protagonistak Troiako heroiak izango dira oraingoan.

Doakoa bai, baina argitaratzen den egunean eskuratzen dutenentzat: abuztuaren 13tik aurrera bideojokoa ordainpekoa izatera igaroko da PCko jokalarientzat. 24 ordu horietan A Total War Saga: Troy Epiceko kontuan aktibatzen dutenek betirako gordeko dute liburutegi digitalean.

Argitaratze dataren iragarpenarekin batera bideojokoaren bi trailer aurkeztu dituzte Creative Assemblykoek. Horietako bat bideojokoaren gameplayari zuzendutakoa da: jokalariek biziko dituzten batailak nolakoak izango diren zehazteko lana hartu dute.

Tim Heaton Sega Europeko estudioen zuzendaria pozik agertu da Epicekin lortutako eskaintzarengatik: “gure jarraitzaileengatik hau egiteak asko pozten gaitu”. Modu horretara estrategia jokoen saga ezagutzen ez duten bideojokozaleengana hurbiltzea bilatuko dute.

Troiakoa A Total War Saga: Thrones of Britanniaren jarraipena izango da. Azpititulu horren barruan argitaratzen diren Total Warrak joko nagusiak baino txikiagoak dira. Horrela, ATWSren jokoen abiapuntua historiaren baitan gertatutako guda zehatzak dira.