PC, PS5 eta Xbox Series gailuetan kaleratuko du Bandai Namco-k. Erreserbekin AC Zero oparituko dute.

Bandai Namco Aces estudioak Ace Combat 8: Wings of Theve simulazio jokoaren argitaratze data zehaztu du State of Play emanaldian. Urriaren 2an aireratuko dira hegazkinak.

Plataformak ohikoak dira: PC, PlayStation 5 eta Xbox Series gailuetan jokatu ahalko dugu. Switch 2arekin, oraingoz, garatzaileen eta argitaletxen egokitze fase hori bukatzea itxaron beharko da.

Bideo berria ere eskaini digute, frankizia horren handi egin duten elementu guztiak bilduta: ehiza hegazkinen arteko tentsioz betetako dogfighting dueluak, narratiba sakon bezain dramatiko japoniarra, abesti epikoak eta atal grafiko ikusgarria.

Jokalari bakarrentzako kanpaina modalitate handia nahiz multijokalarira bideratutako dueluak batuko dira zortzigarren Ace Combaten. Azken honetan, partida artean online lobby-an ariko garela aurreratu digute; gainera, misio lehiakorrak zein kooperatiboak eskaini dituzte plataforma arteko (crossplay) partidetan.

Jokoa erreserbatzen dutenek opari berezia jasoko dute. 2006. urtean PlayStation 2 kontsolan estreinatutako Ace Combat Zero: The Belkan War mitikoa lortu ahalko da. Dirudienez, erreserbekin baino ezingo da eskuratu, beranduago jokoa zeharo desagerrarazita: azalpenik eman gabe geratu diren arren, zaleek benetako hegazkin modeloen lizentzia oztopoengatik izango dela aipatzen dute.

Urriaren 2an merkaturatuko da Ace Combat 8: Wings of Theve PC, PS5 eta Xbox Series plataformetan.