Bobby Kotick enpresako arduradun nagusia eta beste hainbat kargu deitu dituzte arraza eta genero diskriminazio eta sexu jazarpenen salaketen aurrean erantzuteko.

Amerikako Estatu Batuetako Burtsa eta Balore Batzordeak (SEC ingelesez) Activision Blizzard enpresan ustez gertatutako arraza eta genero diskriminazio eta sexu jazarpen kasuak argitzeko ikerketa abiarazi duela adierazi berri du. Kaliforniako enplegu departamentuak jarritako salaketen ostean hartu dute Bobby Kotickek zuzentzen duen enpresa ikertzeko erabakia.

Kotick bera eta Activision Blizzardeko beste kargu nagusiak deitu ditu batzordeak enpresan gertatutako kasuen inguruan erantzuteko. Horrez gain diskriminazio eta jazarpen gertaerekin harreman zuzena duten txostenak partekatzeko agindu dio enpresari: horietan arduradun nagusiek kasu hauen inguruan edukitako harremanen grabaketak eta erregistroak edota langile ohien txostenak daude.

Batzordearen eginkizun nagusia akziodunak eta merkatua babestea da. Hori horrela ikerketaren helburua Kotickek zein beste kargudunek salaketa horien inguruan hartutako jarrera aztertzea eta enpresaren inbertitzaileei horien berri ematerakoan huts egin bazuten ikertzea da. Abuztuan hainbat akziodunek salaketa jarri zuten enpresaren aurka horixe bera aldarrikatuta.

Enpresako langileen artean gertatutako jazarpenengatik langile batek bere buruaz beste egin zuela jaso zen Kaliforniako enplegu departamentuak egindako salaketan: 2 urteko ikerketa baten ondoren argitaratu zituzten Activision Blizzarden emandakoak. SECaren ikerketa guztiz independentea da halere.

“Askotariko aldaketa garrantzitsuak egin ditugu eta egiten gabiltza gure politikak eta prozedurak hobetzeko asmoarekin, gure konpainian diskriminazioarentzako, jazarpenarentzako edota berdintasunik ezarentzako txokorik ez dagoela ziurtatzeko”, adierazi du Activison Blizzardek.