Ez dute argitaratze data berririk zehaztu WayForward Technologies garatzen ari den estrategia jokoarentzat.

Nintendokoek Advance Wars 1+2: Re-Boot Camp estrategia bideojokoa geroratu dute. Sare sozialetatik zabaldu dutenez, “egungo nazioarteko egoeragatik” hartu dute erabakia; hau da, Ukrainiako gerraren ondorioz berandutu dute.

Argitalpen data berria zehaztu gabe utzi dute, gainera. Etorkizunean ezagutzera emango dutela diote, inolako daturik eman gabe. Gerra izanik Advance Warsetan jorratzen den gaietako bat —umore kutsu koloretsuarekin, hori bai—, ez da harritzekoa Nintendokoek erabaki hau hartzea; are gehiago, bideojokoko fakzioetako bat, Blue Moon, Errusian eta Sobietar Batasunean oinarritutakoa da.

WayForward Technologies prestatzen ari den proiektua apirilaren 8an kaleratu behar zen. Game Boy Advance kontsolarako 2001ean eta 2003an argitaratutako Advance Wars eta Advance Wars 2: Black Hole Rising jokoen remakea da Re-Boot Camp. Txandakako estrategia proposatuko du: jokalariek kontrolatutako armadak lurraldeak konkistatzeari eta elkarren artean tirokatzeari ekingo diote bertan.

Bitartean, bideojokoen zenbait enpresak Errusian saltzeari utzi diote. Nintendo beraren kasua da, adibidez, baina baita PlayStation, Epic Games, Humble Games eta beste hainbatena ere.

Advance Wars 1+2: Re-Boot Camp zehaztu gabeko data batean kaleratuko da Nintendo Switch kontsolan.