Irakurtzen nautenek jakingo dute dagoeneko, arkade garaiko gamerra naizela. Ez naiz gaur egungo jokoen marketinaren helburu sentitzen orokorrean, eta bideojoko sinpleagoen igerilekuan murgilduta aritzen naiz askotan. Batzuetan ez dut istorio interesgarririk nahi, programa hasi eta akzioan zuzenean sartzearen aitzakiak pozez hartuarazten dit edozein aginte. 1993an Video System garatzaileek arkadetik SNES-era doitutako Aero Fighters honek bezala, hain zuzen ere.
Lehenik eta behin, herrialdea aukeratu beharko da lau hautabideren artean. Estatu Batuak, Japonia, Suedia eta Frantzia dira hautagai, lehenengo eta bigarren jokalariaren ehiza-hegazkinak lotuko dituztelarik. Ez dago konbinazio ezberdinik egiteko aukerarik, hautaketa tentuz egin behar da beraz, bi jokalariak eroso egon daitezen.
Hegazkinek armategi ezberdinak dituzte. Batzuen oinarrizko tirokatzea besteena baino zabalagoa da, beste batzuek, ordea, etsaiak jarraitzen dituzten jaurtikariak izan ditzakete. Erasoa lau aldiz hobe daiteke etsaiek atzean utzitako "P" letrak bilduta. "B" letra lortuta ordea, "bonba" bat gehituko zaio armategiari. Hauek pantaila erdia betetzen duten eztanda suntsitzaileak sortuko dituzte.
Batzuk besteak baino erabilgarriagoak direla esan beharra dago. Japoniarren bigarren jokalariak denbora gelditzen du etsaientzat segundu batzuen zehar. Oraindik ez dakit "bonba" on edo txarren artean sailkatu dezakedan. Jokoa kooperatiboki gailendu dut lagun eta jokalari prestu baten laguntzaz, Japoniarrak eta Suediarrak izan dira gure gogokoenak misio honetarako.
Hasierako aurkezpenak irudi animatu ederrak oparitzen ditu
Aero Fighters-en proposamena tiro joko bertikal klasikoarena da. Hegazkinaren kontrola hartu bezain laister, etsaiaren ongietorri batzordearen berri izan dugu. Ez dago komunikazioak ireki eta adierazpenak emateko astirik. Dena tirokatu eta ez utzi balak geldiarazi ditzakeen spriterik pantailan. Isilpeko edozein tirok edo etsaiaren garraio tramankuluek gure ehiza-hegazkinak suntsitzen dituzte urratze txikienarekin eta.
Pantailan garrantzia daukaten elementuak kolore kodetuta adierazten dira. Hala nola, etsaien tiro gehienak txuri-gorriak dira, horiak diren batzuk ez ezik, azken hauek suntsitu daitezkeelarik. Etsaiak berdeak izango dira orokorrean, tramankulu futurista eta gerra-ontzi batzuk salbu, detaile grisak eta okreak dauzkate azken hauek. Jokalarien armek dizdira urdinez ñir-ñir egingo dute pantailan zehar, sprite ikuskizuna areagotzeko. Hatzak botoiak sakatzeaz nekatu ez direnean behintzat.
Pantailan agertu daitekeen sprite kantitatea oso handia da. Askotan, irudi tasak behera egiten duelarik. Binakako partidatan agintearen eta hegazkinaren mugimenduaren arteko atzerapena antzeman dut. Dena den, ez nago ziur erabilitako telebista digital zaharraren arazoa ote den. Nire kapturagailuarekin eta bakarka, ez dut arazorik aurkitu. Bakarka hobeto jolasten dut, izan ere. Ez dakit kontrol gehiago daukadan bigarren jokalariaren aginduak jokoan ez daudelako edo bakarka ingurumenari arreta gehiago jartzen diodalako. Jokoak errazagoa behar luke binaka, etsai kopurua berbera delako.
Jokalariaren garraiobideak kalte-kaxa handia dauka generoko beste askorekin alderatuta. Joko askok pixel bakarra dute ontziaren erdian, zeinek etsaiaren edozerrekin kontaktuan, ontzia bera suntsitzen duen. Kasu honetak pixel bakarra baino handiagoa den karratua da eta batzuetan ez zait argi geratu tiro-sorta baten tartetik igaro nintekeen edo ez.
Jokoaren etsaiak, orokorrean, 90. hamarkadako gerra makina askotarikoak dira. Tankeak, helikopteroak, gerra-itsasontziak eta ehiza-hegazkinak batez ere. Hauek, orokorrean, pantailaren goikaldetik datoz jokalariak agurtzera, baina badaude alboetatik eta atzetik agertzen diren kamikazeak ere. Orokorrean pantailan gertatzen den guztia memoriaz ikasi daiteke, ez dut uste ausaz gertatzen den ezer kodetuta dagoenik jokoan. Jokoa zaila bada ere, arerioen jarrera errepikakorrak behin eta berriro saiatzera gonbidatu nau. Hurrengoan etsaiaren posizioaren jakituna izanik, hobeto egingo dudalakoan.
Batzuetan "bonba" erabiltzea da onik irteteko aukera bakarra
Jokoak lur planetan oinarritutako mailetatik bidaiatuarazi gaitu, xehetasunez jositako lurraldeen gainetik. Misio batzuk besteak baino politagoak iruditu zaizkit, baina orokorrean denek antzeko maila grafiko ona eskaintzen dute. Askotan, dekoratua dirudienak, etsaien gordeleku bat ezkutatzen du. Beraz, atzealdeak ere jokoaren parte dira eta ez da ez ikusiarena egitea komeni. Paraje hauen amaieran, maila bakoitzeko nagusia izango da zain. Askotan kanoiez betetako garraio ezinezko baten itxurarekin, jokalari inozoen zain, paintaila sprite zuri-gorriz betetzeko prest.
Musika tenpo azkarreko audio tonu motzez apainduta dago. Motibagarritasunean gaia bilatzen dutela esango nuke eta motzak diren arren ez zaizkik errepikakorrak egin. Agian pantailako dozenaka tiro sahiesten nabilenean audioa bigarren maila batera pasatzen delako, baina tira. Ez dut melodiarik bereziki atsegin eta asko apainduegiak iruditzen zaizkit jokotik at entzunda. Akzioa gertatu bitartean entzunda ordea, beraien lana betetzen dute.
Oro har, joko erronkaria baina buruz ikasita bidezko zailtasuna daukana da eskuartean daukadana. Noizean behin errepikatzeko aproposa, lagun baten konpainiarekin batez ere, nahiz eta kontrola zertxobait okertzen den. Ez da Bullet-Hell deritzon jokoen kategorian sartzen, beraz edonorentzat gomendagarria den arkade jokoa dela pentsatzen dut. Zailtasuna eta bizitza kopurua doitu daiteke gainera, zailegia deritzotenentzat. Ganorazko titulua SNES jokotekan.
Arkade akzioa! Kreditu gehiago edukitzea besterik ez dut behar gozatzeko
Iruzkinak