Age of Mithology bueltan da birmasterizazioarekin, AoE frankizia Xbox kontsoletara iritsiko da laster, eta mugikorrek ere bideojoko propioa jasoko dute.

Bideojokoen munduko estrategia sagarik ezagunenak 25 urte bete ditu: Age of Empiresek milioika jokalari erakartzea lortu du azken urte hauetan, eta horiekin batera ospatzeko emanaldi berezia prestatu dute Microsoft-ekoek. Atal berrienentzako eguneraketak aurkezteaz gain, bideojoko berriak iragartzeko baliatu dira hitzorduaz.

Albisterik garrantzitsuena, zalantzarik gabe, AoEren spin-off frankiziaren itzulera da. Jainkoak eta mitologia bueltan dira Age of Mithology maitatuarekin: Retold azpitituluarekin, estrategia joko originalaren birmasterizazioa prestatzen ari dira arduradunak.

“Grafiko ederrak, eguneratutako jokagarritasuna eta gehiago” garatzen dabiltzala diote Microsoftekoek. Hori horrela, AoE zaharrekin egindako Definitive Edition-en antzeko lana burutuko dutela diote. Ez dute xehetasun gehiagorik eman: trailer zinematikoa aurkeztu baino ez dute egin, eta ez dugu argitalpen datarik ezagutzeko aukera eduki.

 

Age of Empires II eta IV, Xboxera

AoM bueltan dator, baina horrez gain, kontsoletako jokalariek sagako titulurik maitatuenetara jokatu ahalko dutela baieztatu dute Redmondekoek. Zehazki, Age of Empires II: Definitive Edition zein azken Age of Empires IV iritsiko dira Xbox kontsoletara.

Agintearekin jokatu ahal izateko moldaketak aipatu gabe geratu dira garatzaileak. Hori bai, datak ezagutu ditugu: AoE II 2023ko urtarrilaren 31n estreinatuko da. AoE IV, berriz, beranduago helduko dela adierazi dute.

 

Mugikorretara bidean

Gailu mugikorretara jauzi egiteko aprobetxatu dute Microsoftekoek. Hauetarako bereziki diseinatutako titulu berriarekin iritsiko da Age of Empires sakelako telefonoetara: “inperioak eraikitzeko” aukera nabarmentzen dute aurrerapenean, beraz kudeaketa elementuak edukiko dituela pentsa daiteke.

Plataformak zehaztu gabe utzi dituzte, eta “laster” merkaturatuko dutela adierazi.

 

Eguneraketak aurreko jokoentzat

Iragarpen handiekin batera, aurretik kaleratu dituzte Age of Empires atalek jasoko dituzten eguneraketak eta berritasunak errepasatu dituzte emanaldian. Laugarren atalak, esate baterako, bere lehen urtebetetzea ospatzeko Anniversary Edition jasoko du.

“Zibilizazio berriak, erronkak, lorpenak, ezaugarriak eta gehiago” agindu dute sortzaileek. Hauek guztiak 3. denboraldiko eguneraketarekin batera iritsiko direla diote.

Gainera, Age of Empires II: Definitive Editionentzako eta Age of Empires III: Definitive Editionentzako erronkak eta sariak prestatu dituzte. Hirugarren jokoaren kasuan, ezaugarriak, mapak eta bestelakoak inplementatzeko lanean aritu dira. Bestalde, elementu estetiko berriak gaineratu dizkiote AoE IIIri.

Age of Empiresen 25. urteurreneko emanaldi berezia ikusi nahi baduzu, jarraian daukazu bideo osoa: