Ordu erdiko iraupenarekin, Relic Entertainment prestatzen ari den Age of Empires IVri buruzko berritasunak emango dituzte bertan.

Microsoftek bideo-jokoen albisteekin jarraitzen du atsedenik hartzeko denborarik gabe. Oraingoan bere saga klasikoenari buruzko berriak ekarri ditu: Age of Empires: Fan Preview deitutako aurkezpen digitala egingo dute apirilaren 10ean estrategia jokoen etorkizunari buruz aritzeko.

Oraingoan bai, Age of Empires IV berriaren inguruko xehetasunak emango dituztela diote Redmondekoek: Relic Entertainmenten eskuetan dagoen lanaren “gameplay berria, zibilizazioak eta kanpainak” erakutsiko dituzte ordu erdiko iraupena edukiko duen ekitaldi horretan. Fan Preview hau aurkezteko bideoan jostagarritasuna erakusten duten zati laburrak ikus daitezke, hain zuzen ere. X019 ekitaldian jokoa iragarri zenetik erakutsitako lehen irudi berriak dira horiek.

Laugarren atalaz gain, “Age of Empires II: Definitive Editionen eta Age of Empires III: Definitive Editionen jokalarientzako berriak” emango dituztela agindu dute arduradunek. Xehetasun gehiagorik eman gabe, agian Xbox kontsoletarako bertsioak iragartzea da sareetan hedatutako aukeretako bat.

Age of Empires: Fan Preview apirilaren 10ean 18:00etatik aurrera emango dute AgeofEmpires.com, TwitchFacebook Live, eta Xboxen YouTubeko kanaletatik.