Urtarrilaren 26an kaleratuko dute estrategia joko klasikoaren birmasterizazioko Lords of the West eduki gehigarria.

Age of Empires II bideojokoen historiako klasiko ezagunenetako bat da. Jatorriz 1999an PCrako estreinatutako estrategia jokoak birmasterizazio erraldoia jaso zuen pasa den urtean. Definitive Edition izenpean, Atal grafiko eraberritua eta jatorrizko jokoan aurkitzen ez ziren edukiak gaineratu zituen, The Last Khans kanpaina esaterako.

Microsoftek birmasterizazioa hedatzen jarraitzeko lanean dihardu. Azaroan battle royale erako joko mota gehitzen zuen eguneraketa kaleratu ondoren, lehen espantsio handiak ekarriko dituen edukiak jakitera eman dituzte Redmondekoek.

Espantsioak Lords of the West izena edukiko du. Hasteko, bi zibilizazio guztiz berri ikusiko dituzte jokalariek AoE IIn: borgoinarrak eta siziliarrak. Ohi bezala, bakoitzak unitate, hobari eta teknologia propioak izango ditu. Siziliarrek eraikin berezia ere eraiki ahalko dute, Donjon deitutakoa.

Zibilizazioekin batera jokalari bakarrarentzako hiru kanpaina gehituko dituzte espantsioarekin. Ingelesek Edward Longshanks deitutakoa jasoko dute, borgoinarrek The Grand Dukes of the West eta azkenik siziliarrek The Hautevilles izenekoan ariko dira. Bukatzeko, hamasei garaikur berri gaineratuko dituzte garatzaileek. Berritasunei buruzko informazio guztia jokoaren webgunean aurki daiteke.

Age of Empires II: Definitive Edition – Lords of the West urtarrilaren 26an estreinatuko da PCan. Steam zein Windows Store bidez eskuratu daiteke, eta Xbox Game Pass zerbitzuarekin jokatzeko aukera dago.