Irailaren 17tik 20ra bitartean Relic Entertainment-en estrategia jokoko lau zibilizaziorekin bost mapatan jokatzeko aukera emango du Microsoft-ek.

Urria bukatzerakoan estreinatuko da denbora luzez esperotako Age of Empires IV. Estrategia jokoa argitaratu aurretik elementu guztiek behar bezala funtzionatzea ziurtatzeko probak egiten ari dira Relic Entertainmenteko garatzaileak. Horregatik, asteburu honetan ahalik eta jokalari kopuru handiena batu nahi dute jokoaren doako estres proban.

Modu horretara Aoe IV honen zerbitzariek erabiltzaile kantitate handiekin zer moduz funtzionatzen duten ezagutu nahi dute arduradunek. Steam eta insider-entzako Xbox plataformetatik egingo dute froga, eta guztientzako irekia izango da irailaren 17tik 20ra. Egin beharreko gauza bakarra sarbidea eskatzea izango da interesatuen aldetik. Hori bai, jokoa hasterakoan PC-ak gutxieneko baldintzak betetzen dituela ziurtatzeko proba egingo dute; eskatutakoaren azpitik geratuz gero automatikoki kanporatuko dituzte jokalariak.

Proba multijokalarira zuzenduta egongo da, baina tutoriala zein jokalari bakarrarentzako joko mota ere bilduko du asteburuan. Lau zibilizazioren artean hautatu dezakete erabiltzaileek: ingelesak, txinatarrak, Erromatar Inperioa eta Abbastar Kalifa herria egongo dira froga honetan. Horiekin bost mapa desberdinetan jokatzeko aukera eskainiko dute Relicekoek.

Aurreko beta itxiarekin alderatuta egongo diren berritasunak ere nabarmendu dituzte gainera. Kamera urrunago jartzeko aukera gehitu dute, erabiltzaile asko hurbilegi zegoela kexatu baiziren. Modu horretara gertatzen ari dena eskala handiagoan jarraitu ahalko da. Horrez gain oreka lanei eta akats zuzenketari ere ekin diotela jakinarazi dute garatzaileek.

Ez hori bakarrik, beta itxiko erabiltzaileek ezin zuten bideo-jokoari buruzko informaziorik zabaldu konfidentzialtasun akordioari esker. Hori aldatu egingo da proba honetan, beraz libreki hitz egin, argazkiak atera zein bideoak grabatu ahalko da inolako arazorik gabe.

Proban izena emateko bideo-jokoaren Steameko orrialdean playtest atalean klik egin beharra dago. Xboxeko insiderren kasuan Xbox Insider Hub aplikazioan aurkituko dute sarbidea.

Age of Empires IV urriaren 28an estreinatuko da PCan.