Motozikleta hegalariak, armak eta borrokak batuko ditu, Road Rash estiloko tituluen espiritua berreskuratuta. PCan jokatu ahalko da.

Videocult eta Akupara Games garatzaileek azaroaren 5ean kaleratuko dute Airframe Ultra. Indie lasterketa jokoak etorkizuneko moto hegalarien gaineko lehiak izango ditu ardatz.

Road Rash da, zalantzarik gabe, inspirazio iturri nagusia, baina askoz haratago joango da Airframe Ultra. Akira manganimeko Neo Tokio gogorarazten duen Megacity West hiri erraldoian ariko gara denetariko erronketan parte hartzen: kolpeak eta tiroketak nagusi izango dira, bigarren eskuko motozikletak ez baitira nahikoa izango garaipena lortzeko.

PlayStation originaleko tituluen retro estetika nabarmenarekin, lasterketa bizietan askotariko teknikak erabiliko ditugu; gainera, gure ibilgailuak pertsonalizatzeko eta hobetzeko aukera egongo da norgehiagoketan irabazitako diruarekin eta ospearekin. Azken hau oraintsu gehitutako sistema da: partidekin jarraitzea eta erronka bat aurkeztea dira egileen helburuak, oinarrizko edukiak eta mekanikak dagoeneko finduta edukita.

Multijokalaria da gakoetako bat: zatitutako pantaila bidezko tokiko partidak zein sareko lehiak batuko ditu bideojokoa.

Izan ere, begirada ugari erakartzea lortu duen demoa proba dezakegu Steam plataforman. Jokoak eskaintzeko duen sakontasuna ezagutzeko bide aproposa da, aurkezpen retroaren eta trauskilaren atzean benetan landutako lasterketa titulua dagoela ikusteko ezin hobea. Behin Airframe estreinatuta, jokoa elikatzen eta hobetzen jarraitzeko apustua ezagutarazi dute, gainera. Asteroko akats zuzenketak, hileroko oreka adabakiak eta eduki gehigarriak agintzen dituzte arduradunek.

Altxor txiki horietakoa izateko aukerak dauzka Airframe Ultrak. Steam, GOG eta Epic Games Store saltokietan ikusiko dugu azaroaren 5ean, hau da, PCrako baino ez da estreinatuko.