Udako oporrak. Helduaroan gozatzen jarraitzen ditugu, baina umetako magia hori galdu dutela ere esan beharra dago. Etxean geratuta zein kanpora bidaiatuta, egun nagiak baina bereziak oroitzapenetan iltzatuta geratu zaizkigu. Hilabete zoragarri horietako sentipenak eta abenturak berreskuratzeko helburua dauka, hain zuzen ere, Alba: A Wildlife Adventure ederrak.

Ustwo Games estudio britainiarrak 2020an argitaratutako titulua da Albarena: PCan zein PlayStation, Xbox eta Switch kontsoletan joka dezakegu. Monument Valley bikainen egileak dira, baina oraingo honetan puzzleak erabat alboratuko dituzte natura eta nostalgia ardatz dituzten bizipen goxoak proposatzeko.

 

Abenturez betetako oporrak

Mediterraneo itsasora bidaiatuko dugu gure protagonista Albarekin: neskatxa gazteak espainiar kostaldean kokatutako irla txiki batera joko du, beste behin, bertan bizi diren aiton amonak bisitatzeko, eta oporraldiko egun batzuk Pinar del Mar herrixkan igarotzeko.

Premisa sinple horretatik abiatuko da abentura. Alba kontrolatuz udalerria nahiz isla esploratzera eta ezagutzera eramango gaitu A Wildlife Adventurek, inolako erronka zailik, bizitzarik edo partida bukaerarik proposatu gabe.

 

Mezu ekologikoa zabalduz

Horren ordez, naturarekiko maitasuna eta begirunea sustatzea xede dituen astea igaroko dugu Ustworen tituluan. Ingurune ederra ezagutuz hasiko gara: txango txikien bidez irlako biztanleekin topo egingo dugu —bakoitza bere izenarekin zein nortasunarekin—, gure lagun Ines barne. Elkarrekin lehen abenturei ekingo diegu, hondartuta geratu den izurdea aurkitu arte. Herritarrei dei eginda, elkarrekin itsasora itzultzea lortuko dugu.

Izan ere, Pinar del Marren inguruko bazterrak politak eta lasaiak izateaz gain, hainbat animaliaren etxe ere badira. Katamotza da irlako errege misteriotsua, baina eleonor belatzak, gabirai arruntak, eper gorriak, aipatutako izurde arruntak eta askoz gehiago bizi dira lurrotan, urotan nahiz zeruotan.

Arriskuan daudela ohartuko gara, zoritxarrez: alkateak luxuzko hotel erraldoia eraikitzeko hitzarmena sinatu du promotore batekin, eta, bidean, zaharkituta geratu den natura erreserba suntsituko dute. Biztanleen artean zalantzak daude: batzuk hotelaren alde egingo dute, turismoa berpizteko aukera ederra baita. Beste batzuk ez dira ados agertuko: hori da Albaren eta Inesen kasua, sinadura bilketa abiatuko baitute proiektua bertan behera gera dadin.

Sinadurak lortzea izango da, hain zuzen ere, tituluko helburu nagusia: misio desberdinak gaindituko ditugu herritarren arreta erakartzeko eta alkatearen erabakiak izan ditzakeen ondorioak zein kalteak aditzera emateko.

Xedea bigarren mailara igaroko dela esan beharra dago: Albaren betebeharra garrantzitsua bada ere, hori lortzeko egin beharrekoak pozik egingo ditu, eta hori islatzea lortzen du jokoak, une benetan ederrak osatuz.

Naturarekiko maitasuna eta begirunea sustatzea xede dituen astea igaroko dugu Ustworen tituluan

Bisitariek utzitako zaborra biltzen, harrapatutako animaliak salbatzen nahiz sendatzen, kartelak konpontzen, txorientzako etxeak txukuntzen, eta, azken finean, aisialdi ekologikoari lotutako beste hainbat ekimen burutzen ariko gara Albarekin.

 

Mugikorra eskuan, baina munduaz gozatzeko

Erronka nagusia irlan bizi diren animaliak identifikatzean datza. Horretarako, Albak soinean daraman mugikorreko kamera erabiliko dugu, aplikazio bereziarekin animalien datu basea osatzen joateko. Izaki basati gehienak inguruneak esploratuz aurkituko ditugu; alabaina, arazoak baditugu, mediterraneoko faunari buruzko informazioa eskaintzen digun liburukia erabil dezakegu.

Liburuan ikusiko ditugun 60 piztien habitata azalduko zaigu irudiez gain, eta hauen hotsak edo orroak erreproduzitzeko aukera emango digu. Nola ez, animalien benetako soinuak erabiltzen ditu jokoak: ni neu ez naiz oso aditua kontu hauetan, baina jokoa gaindituta daukan lagun baten arabera, aurkituko dituzun animaliak ikusi aurretik identifikatzea posible da. Gozamen hutsa naturazaleentzat.

Bukatzeko, animaliarik lotsatienen irudiak lortu ahal izateko misio nagusiak gainditzeri ekin beharko diogu. Hauek aiton amonekin igaroko ditugun egunetan banatuta daude: libreki ibil gaitezke uneoro, baina, aurrera egiteko, eguneko helburu esanguratsuenak bete beharko ditugu.

 

Erronken hutsunea igarri gabe

Ez dago bidaia azkarrik, ez ibilgailurik: ahaztu horietaz. Aurrera eta atzera ibiltzea, ikuspegiez disfrutatzea, herritarrekin hitz egitea eta hauei laguntzea… hor dago koxka. Udalerritik galtzea, nonbait esertzea, animaliak entzutea…

Jokoak ez dauka askoz gehiagorik, baina gutxi horrekin obra gogangarria eratzea lortu dute Ustwokoek. Albarekin esploratzen ibiltzeak bihotza alaituko digu: neskatxaren ibiltzeko animazioen zikloen artean jauzitxoak eta bestelakoak daude, adibidez. Herritarren galderei eta iradokizunei erantzuteko, berriz, buruarekin erantzungo dugu, baiezkoa edo ezezkoa emanez.

Albak soinean daraman mugikorreko kamera erabiliko dugu, aplikazio bereziarekin animalien datu basea osatzen joateko.

Lorena Alvarez musikagileak osatutako soinu banda ere nabarmentzekoa da: doinu motzak entzungo ditugu, baina esplorazioa edo aurkikuntzak indartzeko ikaragarri aproposak dira. Garatzaileek lortutako estetika alaia eta koloretsua aipatu behar dugu amaitzeko, zelan ez. Poligono urriko modeloekin eta testura sinpleekin girotze atsegina zein goxoa sortu dute egileek, nortasun berezia eskainita.

Hiru edo lau ordutan osorik gaindi dezakegun abenturatxoa da Albarena. Familia guztiari zuzendutako jokoa da, argi dagoenez: bereziki atsegina izan daiteke etxeko txikienekin batera gozatzeko. Hala ere, nik neuk bakarka benetan gozatu dudala esan beharra daukat: noizean behin arima asebetetzera zuzendutako joko eder eta berezi horietakoa dugu Alba: A Wildlife Adventure.