Urriaren 25ean kaleratuko du THQ Nordic-ek PS5, Xbox Series eta PC plataformetan. Doako demoa proba daiteke.

Alone in the Dark beldurrezko bideojokoen gurasoak berrabiaratzea jasoko duela jakitera eman du THQ Nordic argitaletxeak. Edward Carnby detektibeak zein Emily Hartwood aktoreak suspensez betetako abentura biziko dute Pieces Interactive estudioak sortutako titulu berrian.

David Harbour izango Carnbyren bertsio honi aurpegia eta ahotsa jarriko dizkiona; Hartwooden kasuan, gauza bera egingo du Jodie Comer-ek.

Abentura abiatzerakoan bi pertsonaien artean aukeratuko dugu; Resident Evil 2 bezalako jokoetan ikusitako egitura jarraituko du jokoak, bakoitzarekin antzeko ibilbidea jarraituz, baina berezko hizketaldiak eta erronkak gehituta. Horrela, abentura gutxienez birritan gainditzeko gogoak eragin nahi dituzte.

Mikael Hedberg Amnesia edo SOMA beldurrezko jokoen gidoilariak prestatutako istorioa kontatuko du bideojokoak: joko originala bezala, 1920ko hamarkadan girotuko da berrabiaratzea. Hizketaldiak izango dira nagusi, eta Derceto etxea zein beste hainbat kokaleku bisitatuko ditugu. Ikerketek eta hizketaldiek berebiziko garrantzia edukiko dute misterioa argitzeko.

Munstro bitxien aurkako borrokak ere biziko ditugu, noski: Piecesko garatzaileen esanetan, norgehiagoka “gogorrak eta zailak” izango dira, eta gure pistolako bala bakoitza zeharo garrantzitsua da bizirik jarraitzeko.

Alone in the Dark berria PlayStation 5, Xbox Series eta PC plataformetan merkaturatuko da; are gehiago, aipatutakoetan proba daitekeen doako sarrera argitaratu dute jadanik. Plataforma bakoitzaren saltoki digitalen bidez jaitsi dezakegu.

Zorionez, ez dugu askorik itxaron beharko joko osoan aritzeko: Alone in the Dark urriaren 25ean estreinatuko da.