“Jokalariak hartzen dituen erabakien arabera aldatzen doan doako taldekako shooterra” izango dela nabarmendu dute garatzaileek.

Amazon Games Studio 2016an iragarri zuten arren oraindik ez dugu bere bideojokorik jokatzeko aukerarik izan. Hori maiatzaren 20an aldatuko da, Crucible shooterra PCan estreinatuko den egunean, hain zuzen ere.

Taldekako shooterra hirugarren pertsonan jokatuko da, hau da, kamera jokalariaren pertsonaiaren atzean kokatuko da. Jokalariek 10 hunter edo ehiztariren artean aukeratuko dute; bakoitzak bere ahalmen eta ezaugarriak edukita, hero shooterra izango da Crucible.

Partidak taldekakoak izango dira, eta hiru joko mota nagusitan banatuko dituzte. Heart of Hives izenekoan lau jokalariz osatutako bi taldeak mapa erraldoietan sakabanatuta dauden erlauntzak suntsitzeko lanean ariko dira Horien barnean dauden bihotzak eskuratzea izango da jokoaren helburua.

Harvester Command joko motan zortzi pertsonako bi talde egongo dira. Bertako helburua mapako hainbat eremu kontrolatzea izango da. Azkenik, Alpha Huntersen jokalari eta talde kopuru berdinak deathmatch batean parte hartuko dute.

Crucibleren garapenean Amazoneko Relentless Games taldea ari da lanean. 2016ko TwitchConean iragarri zuen Jeff Bezosen enpresak, bertan behera utzitako Breakaway eta abuztuan estreinatuko den New Worlds MMOarekin batera.

Doako shooter berri hau Steam plataforma digitalean eskuratu ahalko da.