Eskalatze teknologiaren eguneratutako bertsioa GPU zaharragoetara bideratuko dute, zaleen kexen ondoren. Radeon RX 7000 txartelek uztailean ikusiko dute.

AMDk FidelityFX Super Resolution teknologiarentzako berritasunak iragarri ditu. FSR 4.1 azken bertsioa RDNA3 eta RDNA2 txartel grafikoetara eramango dutela baieztatu du enpresa estatubatuarrak, RDNA 4 GPUekin batera.

Gutxik espero zuten erabakia; izan ere, eskalatze sistemaren eguneratutako modeloa txartel zaharragoetara eramateari uko egin zioten aurreko bertsioarekin. Radeon RX 7000 zein Radeon RX 6000 GPUak izango dira —azken hauek, 2020. urtean merkaturatutakoak— hurrengo FSR adabakia jasoko dutenak.

Radeon RX 7000 grafikek uztailean ikusiko dute azken FSR bertsioa; RX 6000 GPUek datorren urte hasierara arte itxaron beharko dute, baina AMDk ez du zehaztu bateragarritasun zerrenda ofiziala.

Hobekuntza eta aldaketa handiak ekarri zituen laugarren bertsioak, irudi kalitatea nabarmen areagotuta bereizmen murriztuekin jokatzerakoan: 4.1 adabakiak eskalatze kalitatean nahiz ultra errendimendu aukeretan berritasunak gehitu ditu. Orain arte, Radeon RX 9000 berrienek baino ezin zezaketen FSR 4.1 erabili, ofizialki, behintzat; egia esan, komunitateak txartel zaharragoetan funtzionaraztea lortu du, baina errendimendua ez da egokiena izan osagai hauekin.

Grafika zaharragoei bizitza berria ematearekin batera, zaleak oraindik merkaturatu gabeko Steam Machine gailuari begira jarri dira. Valve-n mini ordenagailuak RDNA 3 grafika erabiliko duenez, FSR 3 bertsiora mugatuko zela pentsatzen zen; azkenean, ez da horrela izango. Gauza bera gertatzen da Steam Deck-arekin: errendimendu emaitzak ikustea geratzen da, baina FSR 4.1 ofizialki erabiliko duela pentsa daiteke.

Oraingoz, FidelityFX Super Resolution teknologiaren hurrengo modeloa erabiliko duten bideojokoen zerrenda osoa iragartzeke dute AMDkoek: 300 bat titulurentzako euskarria aipatu da. Hasteko, Forza Horizon 6, Death Stranding 2 edo Crimson Desert berrietan erabil dezakegu.